Back Ahozkotasunetik hitzaldietara

Egitasmoaren izena : Ahozkotasunetik hitzaldietara

Eragilea : Jon Urraza - Organik Dantza-Antzerki Elkarte Kulturala

Telefonoa
679143373
Kontaktua
Jon Urraza

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Antzerkia

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Zein balio sustatzen ditu
Ahozkotasuna, sormena, adierazkortasuna eta umorea
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH3 - DBH4
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
600€ + %21eko BEZa
Jardueraren deskribapena:

Ahozko aurkezpenak sortu, garatu, egituratu eta entzule talde baten aurrean komunikatzen ikasteko ikastaroa.

Ikasleak, banaka, gai bati buruzko hitzaldi labur bat sortu, prestatu eta egituratu beharko du, eta gero, hura taldearen aurrean ahoz aurkeztu.

Gaur egun, ibilbide akademiko osoan eta baita lan esparruan ere, ahozko komunikazioari gero eta garrantzi gehiago ematen zaio. Ikasleei gaiak ahoz aurkezteko eskatu ohi zaie, baina gehienetan, ahozko aurkezpenek eta hauen prestakuntzak dituzten berariazko ezaugarriak ez dira lantzen.

Ahozko komunikazioa lantzeko, bakarrizketa zientifikoa eta umorezko bakarrizketaren arteko paralelismoak hartuko dira kontuan. Abiapuntu honekin,
stand-up comedy eta bat-bateko antzezpenaren teknikak bakarrizketa zientifikoa sortu eta modu eraginkor eta entretenigarrian komunikatzeko erabiliko dira.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
Ikasgela zabal bat eta arbela bat nahikoa lirateke. Gainera, posible balitz, pantaila edo proiektorea ere oso interesgarria litzateke ikus-entzunezko adibideak erakusteko.
Jarduerari buruzko txostena:

SAIOEN ANTOLAKETA:

8 saio (8 eskola ordu). Bezeroaren beharren arabera, ikasle edo saio kopurua eta iraupena moldagarriak izan daitezke (horrek, aurrekontuaren egokitzapena ekar dezake).

 

EGIN BEHARREKO LANA:

Ikasle bakoitzak 3-4 minutuko hitzaldia prestatzea eta ikasle taldearen aurrean aurkeztea.

 

LANDUKO DENA:

Hizkuntzaren ahozko komunikazioa hitzaldi formal edo zientifikoen testuinguruan, baina ikasle bakoitzak bere intereseko gaia aukeratuz (curriculum barrukoa, zeharkakoa edo kanpokoa), eta ideiak komunikatzeko umorea baliabide gisa sustatuz.

 

AHOZKOTASUNA:

Ahoz komunikatzeko helburuarekin, sorkuntza lana ahozkotasunak dituen berezitasun propioetatik abiatuko da; bat-batekotasuna, entzulearekiko konexioa eta momentuko hartu-emanarekiko etengabeko egokitzapena landuz.

 

AHOZKO KOMUNIKAZIOAN BI FUNTZIO:

-Funtzio erreferentziala: Gaia, ideiak, edukia, datuak…

-Funtzio emozionala: Ikuspegi subjektiboa: emozioak eta motibazioak.

 

KOMUNIKAZIO ERAGINKORRERAKO HIZLARIARENGAN HIRU KONEXIO:

-Arrazionala - emozionala: ZERGATIK/ZERTARAKO (motibazio subjektiboa).

-Hizlaria – entzuleria: Entzuketa aktiboa eta egokitzapena.

-Gorputz barrukoa – kanpoko adierazkortasuna: Lehenengo biak modu egokian landuz hirugarren hau berez gauzatuko da.

 

LANDUKO DIREN ANTZERKI TEKNIKAK:

-Antzezpen teknikak: Inprobisazio egituratua, kontzentrazioaren fokalizazioa eta entzuketa aktiboa (Meisner, Layton).

-Sorkuntza eta stand-up comedy (umorezko bakarrizketak): Hitzaldi zientifiko eta umorezko bakarrizketen egituren azterketa. Sormena, irudimena, eta umorea.

-Helburua: Ikasleak agertokiko esperientzia komunikatibo positiboa eta atsegina izatea.

 

 

IKASLE BAKOITZAK JOKATU BEHARREKO ROLEN HELBURUAK:

-Komunikatzailea: Ahozko komunikazio bat prestatzen eta egituratzen ikasi; jende aurrean ideiak eta emozioak komunikatzeko gaitasunak landu; eta fokalizazioa eta entzuketa aktiboaren bitartez entzuleen aurrean hitz egiteko beldurrak uxatu.

-Entzulea: Batetik, aditzea eta besteen lanarekiko errespetua landu: entzule izaten ikasi. Eta bestetik, asertibitatea landuz kritika eraikitzaileak egiten ikasi.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Aktorea, sortzailea eta interpretazio irakaslea. Gaur egun, Anima Antzerki Eskolan pantailarako antzezpena irakasten dut, eta EHU-n doktoregoko ikerketa burutzen ari naiz. Duela urte nahikotxo, Arte Dramatikoan eta Zuzenbidean lizentziatu nintzen, eta Organik Dantza-Antzerki taldearen sorreran nire lehenengo esperientzia profesionalak egin nituen. Ordutik, aktore, sortzaile, zuzendari eta interpretazio irakasle lanak uztartu izan ditut. Aktore lanean, antzerki, zinema eta telebistan aritzen naiz; sortutako antzerki lanengatik Cafe Bilbao Saria irabazi nuen 2008an eta MAX Sarietan izendapena birritan lortu ere; eta sortu eta zuzendu dudan Astelehena film laburra mundu mailako zinemaldietan hautatua izan da.

Esan bezala, gaur egun, doktore tesia amaitzen ari naiz EHU-n, Mike Leigh zinegilearen sorkuntza metodoa ikertuz, ahozkotasunean oinarritzen den sorkuntza metodoa hain zuzen ere. Aurretik, Ikuskizunaren Arte eta Zientzien Masterra ikasi nuen eta bikain bat lortu nuen “Ikus-entzunezkorako aktoreen zuzendaritza ikasteko unitate didaktikoaren diseinu pedagogiko eta garapena” ikerketa lanarekin.

Jon Urrazaren web orrialdean ikusgai: https://urrazajon.wixsite.com/jonurraza