Atzealdea Dantzak sortu, gizartea eraiki
Lantzen dituen arlo artistikoak:
Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:
Helburua da ikasleek dantza sorkuntza prozesu batean parte hartzea, gai sozialak abiapuntu izanik. Modu honetara, artea, kasu honetan dantza, gizarteko gaiak adierazteko edo diskriminazio sozialak salatzeko erabili daitekeela ikus dezakete. Dantzariek beraiek sortuko dituzte beraien dantza piezak.
Horretarako tailerra hiru fasetan banatuko da. Lehenengo fasean, Gorputz kontzientzia, kontzientzia espaziala, talde kontzientzia eta mugimendu kalitate ezberdinak landuko dira. Gainera, emozioen eta ideien adierazpenerako baliabideak ere landuko dira taldekako, binakako eta banakako dinamika ezberdinen bidez. Modu honetara, ikasleek dantza baliabide eta ideia ezberdinak hartuko dituzte ondorengo sormen prozesurako.
Bigarren fasean, sormen prozesu bat jarriko dugu martxan, non ikasleek taldeka dantza pieza bat sortu beharko duten gai edo kritika sozial bat adierazteko (genero berdintasuna, eskola jazarpena, arrazakeria, lgtbi fobia, aniztasun funtzionala, ....). Prozesu honetan, lehenengo gai sozial bat aukeratu eta horren inguruan hausnartuko dute. Ondoren adierazi nahi dituzten egoera, ideia edo emozioak aztertuko dituzte eta informazio guzti honekin beraien dantza pieza sortu.
Hirugarren fasean, eszenatokira igoko dira ikasleak beraien dantza piezakaurkeztera beraiek aukeratutako publikoaren aurrean. Ikasleek erabakiko balute ez dutela inon aurkeztu nahi, beraien erabakia errespetatuko litzateke.
Tailer bakoitzaren iraupena bi ordukoa izango da eta guztira 4 tailer egingo ditugu talde bakoitzarekin. Taldeko gehienez 20 pertsona egon daitezke.
Mugimendua eta dantza librea ahalbidetuko duen gela handi bat. Posible bada,
hirugarren fasea aurrera eramateko eszenatoki edo antzoki bat.
Musika entzuteko aparailuak eta interneterako sarbidea musika bilatzeko.
Jarduera honek bi alderdi uztartzen ditu. Alde batetik alde artistikoa dago, dantzarena. Dantza modu irisgarri batean ikasleei gerturatzea izango litzateke helburua, dantza ez dela emakumeen eta gizon gutxi batzuen gauza eta dantza estiloak ez luketela egon behar sexuaren arabera banatuta. Horregatik oinarrituko gara dantza librean eta ez estilo jakin batean.
Mugimenduaren esperimentazio eta ikerketa indibidual eta kolektiboan oinarrituko gara, gorputz adierazpen eta dantza inprobisazioko dinamika ezberdinak erabiliz. Bakoitzaren mugimendu proposamenak baliatuko dira, adierazpen artistiko honetako edukia eratzeko.
Dantza sorkuntza honen oinarria prozesua izango da, dantza baliabide bat izango delarik euren ideiak adierazteko. Hau da, adierazpen artistiko bat izango da, euren esku jarriko dena, nahi duten bezala adierazteko barruan dituzten ideiak eta emozioak.
Alderdi sozialari dagokionez, tailer hauek asko lagundu dezakete kulturalki eratuak ditugun eskema mental mugatuak zalantzan jartzen. Sormen proiektu honen bidez, apurtzen saia gaitezke mutil eta nesken harremanen arteko paretak, adibidez. Eta eskola bakoitzaren errealitatea ezberdina izango denez, batzuetan gai sozial batzuk hartuko dute indar gehiago beste batzuk baino eta hori eskolaren beharren araberakoa izango da. Hortaz, interesgarriena izango da beraiek egunerokotasunean bizi dituzten alderdi sozial horien salaketa egitea, horien inguruan hausnartu eta ondoren erantzun artistiko bat ematea.
Guzti honetan nire papera, gidari, behatzaile aktibo eta laguntzailearena izango da. Lehenengo fasean, gidaria izango naiz, dantzak sortzeko baliabideak eskainiz, gorputzarekin eta mugimenduarekin jolas dezaten ikasleek. Bigarren fasean, sortzen ari diren dantza piezen kanpoko behatzaile eta laguntzaile papera izango dut.
Ikuspegi pedagogikoa
Kritika sozial edo diskriminazio egoera bat abiapuntutzat harturik, ikasleek beraien ideiak adierazi ahal izango dituzte dantzaren bidez. Garrantzitsuena ez da izango sortzen duten dantza pieza horren emaitza, baizik eta prozesuan zehar izandako bizipenak, zailtasunak eta ikasketak. Horregatik asko zainduko da prozesua eta honen jarraipen bat egingo dugu. Tailer bakoitzaren amaieran, ikasle bakoitzakadierazi ahal izango du nola sentitu den egun horretan, modu anonimoan edo publikoki taldearen aurrean.
Ibilbide honetan talde lana landuko dute ikasleek, arazoen aurrean irtenbide bat aurkitzen saiatu beharko dira eta taldekide guztien proposamenak onartuak izan behar dira, ondoren prozesuan zehar eta dantza piezak hala eskatzen duelako aldatu daitezkeen arren. Ikuspuntu honek aniztasuna lantzen lagunduko die, baita partaide guztien ahotsa eta iritzia berdin baloratzen ere.
Dantza sorkuntza honen abiapuntua emango zaie ikasleei, gai sozial baten bidez edo diskriminazio egoera batean oinarrituta eta ondoren beraiek izan beharko dute iniziatiba, adierazi nahi dutena sortzekoa eta taldeari proposamenak egitekoa dantza pieza sortzeko. Sormen prozesu guztian lagunduko zaie baina ez zaie esango zer egin behar duten. Pertsona bakoitzaren sormena izango da prozesu guztian bidelagun.
Formakuntza
Formakuntza osagarria
Lan esperientzia
uztaila-iraila.