Back HITZA ETA MUSIKA GELAN

Egitasmoaren izena : HITZA ETA MUSIKA GELAN

Eragilea : Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Telefonoa
637000501
Kontaktua
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Literatura

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Musika
Zein balio sustatzen ditu
Genero berdintasuna. Bakoitzaren NI-tik abiatuz taldera goaz GU-ra. Disziplinarteko lana: hitz ozena + zuzeneko musika = zirrara. Inklusioa. Hitz ozena musikaz laguntzea edonoren eskura dago: gustua landu egin daitekeelako. Autonomia eta Ahalduntzea: «Gai naiz». «Ahal dut». «Nik ere egin dezaket». «Horrela ederrago». Ekina da bidea. Pausoz pauso eraiki; pausoz pauso hobetu; pausoz pauso ikasi. Entrenamendua da giltza. Pentsatzeko, sentitzeko eta gogoratzeko gai gara. Gure baliabideak erabiltzen trebatuko gara.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
30 ikasle
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

Ordu beteko saio malguak dira, ordu eta laurden edota ordu eta erdira luza daitezkeenak. 
Saio bakoitzaren prezioa: 270 euro gordin (IRPF zergaren %15a kendu behar dio tailer egileak), BEZa Salbuetsia.

 

Saio solte bakoitza: 270 euro. Prezioaren barruan sartzen dira: 

  • Euskarako edota Musikako irakasleekin koordinazio-lanak, ekimena lotzeko 
  • Materiala prestatzea 
  • Atzera-aurrerak (bidaiak): gasolina + autopista 
  • Saioaren dinamizazioa 
  • Seguritate Soziala (autonomoak) 
  • Materialaren autoretza
Jardueraren deskribapena:

Irakurketari buruzko kontzeptu estatikoari buelta emango diogu. Literatura norberarengana hurbiltzeko modu dinamikoak frogatuko ditugu, hitz ozena eta musika elkartuz. 

Gazteak literatura hurbiltzeko bide dinamikakoak sortzen saiatuko gara, hots, letrak gorputzera ekartzen, azala ez ezik arima ere uki dezaten. 

Nola? 2021ko udazkenean gazteentzako lan berri bat atera nuen: ZERAK. Bertan gorazarre egiten diet ikuspegi sortzailez ari diren gazteei, hau da, joera orokorren ertzetik ohikoak ez diren ikuspegiz bizi diren nerabeei. 

Alixi da protagonista; Axi, lagunentzat. Eta Alixik ahots propioz kontatzen ditu eguneroko bizipenak, bere zerak. Eta zera horiek dira, hain justu, liburua osatzen duten testu laburrak: olerkiak, elkarrizketak, mikroipuinak, eskutitzak… 

Ozenki irakurtzeko ez ezik, tertuliarako aproposak ziren testu iradokitzaileak sortzea izan da asmoa. 

Orain asmo hori martxan jartzea erabaki dut, irakurle gazteak protagonista hartuta: haiek musika joko dute eta nik ozen irakurriko dut, tarteetan komentarioak egiteko aukerak zabalduz. 

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
  • Gelan bertan egin daiteke, talde naturalak errespetatuz 
  • 25 partaidetik behera, elkar entzuteko 
  • Ahal dela, borobilean, elkar ikusteko 
  • Gela erosoa, argia eta ahalik eta isilena 
  • Aurretiaz lotzeko: 
    • EUSKARAko irakaslearekin: ekimenarekin bat egiteko 
    • MUSIKAko irakaslearekin: aurretiaz zer doinu presta dezaketen testuak laguntzeko 
Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA 

Gizarte ereduak eta identitate kontzeptuak aldatzen ari diren garai honetan aberatsa bezain konplexua agertzen zaigu egunerokotasuna; aberatsak bezain konplexuak, banakakoak eguneroko bizimoduari aurre egiteko moduak. Informazioa lortzeko bide anitz daukagu, baina informazio hori norbanakoaren baitatik iragazteko asti eta gune gutxi. 

Irudimena, berritasuna, sormena, banakakoaren ekarpena gune kolektiboetan... Halakoak inoiz baino gehiago entzuten ari dira gure artean. Lantzeak, ordea, denbora eta espazioa ez ezik, egitura malgua duten egitasmo pilotuak martxan jartzea eskatzen du. 

Hala bada, KULTURA ESKOLA egitasmoari esker, euskaraz bizitzeko esperientzia organikoak eratu nahi ditut gazteekin. Aurrez aurrekoak. Unean bertan sortzen ari garenari adi egotekoak. Unearen protagonista sentiarazten gaituztenak. Elkarri entzunez elkarri eragitekoak. Dakiguna besteekin partekatzekoak. Sormen prozesuari gorazarre egitekoak. 

JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA

Disziplina desberdinak elkartzea beti da aberatsa: musikak irabazten du, hitz idatziak irabazten du, ahotsak irabazten du eta arretak irabazten du. Beraz, denok irabazten dugu. 

Ikuskizun bat prestatzeko ez dugu gehiegi behar: norbaitek zerbait jotzeaz batera, besteak hari entzunez ozen irakurtzea eta gainerakoek guztia ikus-entzun-sentitzea, komentatzeko aukera eta guzti. 

Hitza eta Musika oso ondo uztartzen dira. Eta bien arteko harremanak hitz idatziaren ohiko eremua zabaltzen laguntzen du: ekimen indibidualetik eremu sozialera igarotzen gara. 

Aldi berean, musikaren jokalekua ere hedatu eta biderkatu egiten da, hitza —ahotsa— musika-tresna bizi bat bilakatzen delako. 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria Lea Artibaiko Etxebarrin jaio zen 1963an eta Usurbilen bizi da orain. 

Irakasletza, Antzerkia eta Kultura eta Gizarte Antropologia ikasi ditu. 
 
Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako.

Bakarkako lana sormen eta formazio-tailerrekin uztartzen du, ahoz nahiz idatziz, adin guztietako lagunekin. 

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan aritzen da, gelan, haurrekin eta gazteekin; bere kontura, Euskal Ikasleen Elkartearen bidez edota Galtzagorri elkartearen babespean. 

Irakasleentzako formazio-saioak egiten ditu Literaturaz, Sormenaz, Idazketaz edota Ahozkotasunaz (AHO BETE AMETS: AHOZKO LITERATURAREN BALIABIDEAK) 

Liburutegietan eta Kultur Etxeetan ere aritzen da, Kultura, Hezkuntza edota Euskara Arloetatik helduriko eskaerei erantzunez.