Back IRAULI.HIGATU.MUGITU. Patioko harremanak astintzeko lantegia.

Egitasmoaren izena : IRAULI.HIGATU.MUGITU. Patioko harremanak astintzeko lantegia.

Eragilea : Artaziakoop

Telefonoa
650172537
Kontaktua
Irati Seijo Diez

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ikus-arteak

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gorputz hezkuntza
Plastika
Zein balio sustatzen ditu
Aniztasunaren onarpena eta hau balioan jartzea, jolas inklusiboa, genero berdintasuna, errespetua, komunikazioa, sormena, eguneroko harremanak euskaraz.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiei.
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela batek.
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

600€ (Bez-a salbuetsita)

Jardueraren deskribapena:

Saio hauetan eskolan gainerako ikaskide eta lagunekin partekatzen ditugun espazio komunetan arreta jartzea proposatzen da. Batez ere atsedenerako edo aisialdirako diren
espazioetan (jolaslekua, pasilloak…) gertatzen diren harreman dinamiken inguruko hausnarketa bideratuko da bi helburu nagusirekin; alde batetik, espazio komun hauetan
jolasteko eta egoteko ditugun inertziez jabetu beste aukera batzuei lekua egin ahal izateko, eta bestetik, espazio hauetan dagoen aniztasunaren kontzientzia hartu hau ikusgarri egin
ahal izateko.
Horretarako arte garaikidetik datozen proposamen artistikoez baliatuko gara; estrategia  hauek berreskuratu eta lanabes pedagogiko bihurtuko ditugu.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Saioaren iraupena: 2 ordu
Espazioa:  Eskola inguruko kanpoko espazioak edo jolasguneak erabiliko dira, saioak ez dira ikasgeletan garatuko.
Garrantzitsua da, taldeko heldu erreferenteak saioan aktiboki parte hartzea:

- Saioetan landutako edukiaren eta taldearen eguneroko dinamikaren arteko koherentzia mantentzeko.
- Aktibatzen diren hausnarketak kokatzeko.
- Saioetan landutakoari jarraipena eman ahal izateko.

Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZ
Proposamen honek gorputzarekin, arteekin eta mugimenduarekin lotutako ekimen berritzaile bat sortzea du helburu, izaera inklusibokoa eta genero ikuspegia duena.
Praktika artistikoetatik datozen metodologia eta estrategien bidez, ikastetxeko hainbat eremutan ematen diren harreman dinamiken inguruko hausnarketa sustatu nahi da genero
berdintasuna eta aniztasunaren ikuspegia txertatu eta bizipen berriak sorraraziz.
Gorputza ikaskuntza prozesuetan modu berri eta esperimentalean barneratzea bilatzen da,
bide parte-hartzaileak bultzatzen dituzten estrategia artistikoen bitartez, gure bizipenak eta inguratzen gaituzten espazioak eraldatzeko helburuarekin. Gorputza bere inguruarekin
harremanetan dagoen sorkuntza kultura modura ulertzen dugu, ezagutzarako, hausnarketarako, adierazpenerako, komunikaziorako eta eraldaketarako bide gisa.
Bestalde, arte garaikideko lanek pertzepzio-kognizio analisia ahalbidetzen dute (abstrakzioa, hautaketa eta errealitatearen sintesia), aniztasuna, enpatia, mundu alternatibo batean parte
hartzeko gai izatea, errealitatearen pertzepzioa jorratzea, anbiguotasuna toleratzea, funtzio desbideratzailea lantzea (ezaguna zaigunarekin apurtzea ahalbidetzen du honek,
aurresangarria dena desordenatzea, ohiturazkoa dena desikastea…), eta adaptaziorako jarrerak garatzeko aukerak eskaintzen dizkigu konponbide zaharrek balio ez digutenean.
Kultura aldaketarako lanabesa izan daiteke, eguneroko espazio, talde eta praktiketan aldaketa txikien bitartez eraldaketak eman daitezke, baita ikaskuntza berriak ere norbanakoaren eta taldearen ikaskuntzan.

JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZ
Ikuspegi pedagogikoari dagokionean, oinarri hauen arabera garatu da proposamena:
- Gorputza ikaskuntzaren eramaile:

Prozesu pedagogikoetan gorputzaren inguruko ikerketa sustatuz, ikaskuntzarako
posibilitate berriak eta beste gorpuztasun batzuk bultzatzen dira. “Gorputzaren ikaskuntza eta erabilerak eta, ondorioz, gorputz identitatea ez da berbera gizatalde ezberdinetan. Badira hainbat faktore gorputzaren bidezko ikaskuntzetan
ezberdintasunak txertatzen dituztenak, besteak beste, sexua, generoa, adina, gizarte-klasea, jarduera (...)”. Mariluz Esteban. Antropología del cuerpo (2004)
- Adimen anitzak:
Proposamenean barneratzeko puntu ezberdinak eraikintzen dira adimen anitzak lantzeko.
“Adimena ulertzen dugu arazoak konpontzeko gaitasun moduan, baita testuinguru komunitario edo kultural jakin batean baliagarri izango diren produktuak garatzeko ere, zazpi adimen mota edo gehiago proposatuz (...) adimen ezberdinak aldi berean
ematen dira eta elkar osatzen dute, eta guztiak dira garrantzitsuak modu berean”
(Motivart Serveis Educatius-ek sorturiko testua, 2005).
- Solasa elkarrizketaren praktika pizten duen lanabes moduan:
Ikasleen parte-hartze aktiboa bilatzen da, saioa bera elkarrekin eraikiz, batak bestearengandik ikasten dugula ulertzeko.
- Esperientzia kontzeptua beste modu batean ulertzea:
Trantsizio hauek esperientzia kontzeptu moduan berraurkitzera garamatzate, “gertakariak bizitze” soil bezala ulertu beharrean, honi gehituz “partaideek gertakariak eraiki dituzte hauek bizi bitartean” (Sewell, 1990).

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Artaziak hezkuntza artistikoa eta bitartekaritza kulturalean aritzen den gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Praktika eta metodologia artistikoak, ezagutzen partekatzea, eta
eraikuntza zein eraldaketarako tresna baliagarriak diren ikasketa-prozesuak bultzatzen ditugu. Hezkuntza elkarren arteko hartu-eman gisa ulertzen dugu; elkarrizketaren bidez, harreman eta errealitate berriak sortzeko aukera duen espazio gisa.
http://artaziak.eus/eu/