Zumaiako portuko ahoan gertatutako hainbat heriotza istripu

Zumaiako portuan sartu eta irtetea beti izan da zaila eta arriskutsua, barra edo itsas hesiaren orientazioa ez delako egokia olatuen norabideari dagokionez. Hori dela eta, istripu ugari gertatu izan dira bertan, gehienak ondorio tragikorik gabeak baina ontzi batzuk hondartzan hondoa jo dute edota arroketan sartu dira. Baina istripu horietako batzuk, gutxienak, heriotza ekarri dute eta zumaiarren oroimenean grabatuta gelditu dira.

Ondoren, portuko pilotuek parte hartu zuten gertakizun horietako bi aipatuko ditugu.

1931ko abuztuaren 16an, igandea eta San Roke eguna, Zumaiako portuan sartzen hasi zen Concepción Hevia kabotaje ontzian. Bertan zihoan maniobrak gidatzen Isidro Bengoetxea portuko praktikoa. Ibaian gora jotzen hasi bezain pronto, olatu handi batek oldartu eta ontzia istriborrera desbideratu zuen, hain zuzen ere, itsas hesiaren kontra. Kolpea handia izan zen, eta portuko pilotuaren ontzia hesiaren kontra zapalduta gelditu zen, barruan zihoazen hiru laguntzaile eta guzti.

Istripu horretan bizia galdu zuen pilotuen traineru hartako José Gregorio Olaizola Egia 70 urteko zumaiarrak; Agustin Zubia Olaizola 'Roketxo', 65 urteko arraunlaria larri zaurituta suertatu zen; eta onik atera zen beste arraunlaria, Julian Urbieta 'Margallo'; horrek ahaleginak eta bi egin zituen bere lagunak uretatik ateratzeko. Handik hiru hilabetera Agustin Zubia hil zen, istripu hartan jazotako zauri larrien ondorioz.

Egiaztatu ezin izan badugu ere, Ramon Manterola Galdonak esan digunez traineru hartan beste arraunlari bat ere bazihoan, Regino Galdos izeneko bat, alegia, eta hori ere onik atera omen zen.

Zumaiarrek gogoan duten beste istripu bat 1956ko irailaren 23ko, igandea, arratsaldean gertatu zen. Egun hartan gogor jotzen zuen ekaitzak, euria ari zuen eta itsasoa gaizto zebilen. Portuko pilotuaren txalupa gidatzen, Jose Urbieta 'Tximin' zihoan leman, eta barruan, Jose Gayol pilotua eta Eibarko bere lagun batzuk: Francisco Osoro eta Anselmo Zamakola. Itsaso zabalera zihoazen Zumaiako portuan sartzekotan zebilen kabotaje ontzi bati laguntzera.

Baina, portuaren ahoan bertan zeudela olatu batek jo eta txalupa irauli egin zuen, lau lagunak uretara botaz. Han egon ziren lauak minutu luze batzuetan olatuen apetara, harik eta San Nicolas ontzia laguntzera hurbildu zen arte. Ibaian kazako arrantzan ari zen ontzi horretan Ismael Manterola, Victoriano Urkidi eta Jose Luis Elosua 'Xeme' zetozen.

Berehala atera zuten uretatik Jose Gayol portuko pilotua, hidrokuzioak eman eta konortea galduta. Lehorrera eraman zuten eta arnasketa artifiziala eginez ekarri zuten onera. Alabaina, Francisco Osoro eibartarra ito egin zen, eta beste biak, Jose Urbieta 'Tximin' eta Anselmo Zamakola kalterik gabe ateratzea lortu zuten.