Espartzua biltzea eta prestatzea

Lehen fasean espartzua bildu, lehortu eta jo egiten zuten.

Espartzua sustrairik gabe ateratzeko, mulu bati heldu, eskuan bildu eta kolpe sendo bat ematen zioten gorantz; horrela ahur bat atera eta hau beste eskura pasatzen zen. Biltze lanak eskuz jarraitzen zuen, landareari buelta bat emanez beste eskuko espartzuaren inguruan, hain zuzen eskuan minik ez hartzeko, eta berriro tinko eginez tira. Beste lurralde batzuetan, espartzu landarea ateratzeko, espartzua bera biltzen zuten makila bat erabiltzen zuten. Sesman ahur batzuek, lurrean jarririk, espalak osatzen zituzten, eta hauetako bospaseirekin eskutada egiten zen. Bala, berriz, aipatu azkeneko hauetako zazpi edo zortzirekin osatzen zen. Espartzuginak espartzuagan dentzejuak egin ohi zituen gainera, balak lotzeko.

Berde koloreko espartzu bildua zamarietan eramaten zuten herri larrainetara, herrigunetik hurbil, edo espartzugin bakoitzaren etxetik hurbileko tokiren batera. Urte osorako beharko zuten lehengaia biltzeko ahalegina egiten zuten, baina horrelakorik lortu ezin zutenean behar adina aldiz joaten ziren biltzera.

Espartzua prestatzeko prozesua lurralde guztietan berdintsua bada ere, prozesu horren barneko eginkizunei izen desberdinak ematen dizkiete batzuetan.

Produkzio prozesuaProdukzio prozesua, Julen Zabaletaren arabera.

Espartzua lehortzeko, landarea lur garbi eta lehorrean zabaltzen zuten, eguzkitan, punta batzuk alde batera begira eta besteak bestera, haize-emaile itxuran inolaz ere, hamabost-hogei bat egunetan zehar; denbora hau igaro ostean jiratu egiten zuten, eta beste hamar-hamabi bat egun ematen zituen orain espartzuak. Horrela erabat lurruntzen zitzaizkion zuku guztiak, eta biltegietan sarturik zegoenean ez usteltzea lortzen zuten. Era berean, landareak pisua eta hasierako kolore berdea galtzen zituen, espartzuaren ohiko kolore horixka hartuz; puntu honetara iritsita, aletegi, ukuilu edo ganbaretan gorde zezaketen.

Lan hau egiten zuten bitartean euria oso arrisku handia gertatzen zen, espartzua honda zezakeelako hain zuzen. Beraz, euria izateko arriskua sumatuz gero landarea estalperen batera eraman behar zuten, prozesuak aurrera jarrai zezan arriskua aienatu orduko.

Espartzua prestatzeko azkeneko fasea jotzea zen. Honen helburua zuntzak haritan desegitea zen, bigun eta malgu, biguntzea alegia espartzuginek esaten zuten moduan. Lan hau kanpoan egiten zuten, landarea bere luzera osoan landuz, hau da, puntak (garrantzitsuena berau), landare zati nagusia eta bestelakoak. Espartzugin beteranoen iritziz, ahalegin fisiko handiena eskatzen zuen lana zen, eskuek asko sufritzen zuten eta. Normalean gizonezkoen lana izaten zen, egunsentian egitekoa, emakumeek lehengaia eskura izan behar zuten eta egunean zehar iruteko.

Jotzeko harriek, mutur batean, zutikako haga bat zeukaten; honetan soka bat lotzen zuten eta soka honen beste muturra (lurrean) oinez estutzen zuten, jo beharreko espartzu eskutada azpian jarrita zutela. Langileak mazoaren kolpe bizkor eta erritmikoz jotzen zituen landareak, alde batetik lehenik eta bestetik hurrena, hari elastikoak lortu arte.

Lan honen iraupena iritzira kalkulatzen zuten, eta normalean ordu erdi bat izango zen eskutadako. Espartzua jotzeko egunik onenak eguzki eta izotz egunak ziren, behe-lainoa eta hezetasuna izanez gero espartzua izoztu egiten zelako.

Zehagailuak, edo jotzeko harriak, jabetza pribatukoak izaten ziren, baina jabeak erabili ezean beste edozein espartzuginek erabiltzen zituen.