Eskularruen fabrikazioa

Laxora jolasteko erabiltzen ziren eskularruak larru zurrunezkoak izaten ziren, okerrak eta ildaskatuak. 900 eta 1.100 gramo arteko pisua zuten eta bi motatakoak izan zitezkeen. Eskularru motzek 35 zentimetroko luzera eta 17 zentimetroko zabalera zuten. Eskularru luzeek, ertzetan 45 zentimetroko luzera zuten (58 zentimetro erdiko okerdura kontuan izanda), 17 zentimetroko zabalera oinarrian eta 11 zentimetrokoa puntan. Sakea eta zenbakia ateratzen zuen jokalariak eskularru luzea erabiltzen zuten beti. Eskularruek atzealdean eskuzorro antzekoa izaten zuten, eta bertan sartzen zuten eskua, gero tresna maneiatu ahal izateko.

Gaur egun oraindik horrelako eskularruak egiten dituzten bi artisauek, eskualdeko hiltegian gazitu gabeko behi-larrua erosten dute. Jarraian, larru hori bigundu egiten dute, hiru egunez kare biziz betetako metalezko bidoi batean sartuz. Haragi eta ile hondarrak egurrezko espatula batekin kendu ondoren, berriz ere beheratutako (6 edo 7 kare kilo bakoitzeko 150 litro ur) kare bizian sartzen dute eta han 25-30 egunez edukitzen dute. Azkenik, ibai ertzean egur puska baten gainean jarri eta ezkatatzeko tresna batekin azken aldiz garbitzen dute larrua. Aire zabalean lehortzen utzi ondoren (udan zortzi bat egun), gorde egiten da.

Eskularrua egitenEskularrua egiteko jarraitu beharreko pausoak. (Antxon Agirre Sorondok utzitako argazkiak).

Eskularrua egiteko erabili baino lehen, larrua ur hotzetan sartzen da (2 edo 3 egunez). Jarraian, animaliaren bizkarraldeko larrua moztu egiten dute, betiere ilearen aldetik, eskularruak atal horretan jasoko baititu pilotaren kolpeak.

Larrua mozteko zapatarien txantiloi eta hortzak erabiltzen dituzte. Jarrian, larrua ondo tenkatu eta egurrezko molde edo orkoi batean finkatzen da, bertara oso ondo itsatsita, horrela larrua lehortzean forma okerra hartzeko. Bigarren eta hirugarren geruzak egiteko prozedura bera erabiltzen dute, baina bi horiek beste aldetik itsasten dira, hau da, ilea ez duen aldetik. Azken bi geruza horien artean botoi bat jartzen dute (horrela eskularrua era erosoagoan hartzeko), eta jarraian soberan dagoen larrua moztu eta ertzak lixarekin leuntzen dira (hasiera batean pedal-tornuko lixa zen eta gaur egun, berriz, elektrikoa).

Eusebio ArregiEusebio Arregi, Doneztebeko eskularrugilea (ARGAZKIA C.U. 98.05).

Azkenik, hirugarren geruza altxa eta eskuzorroa jartzen da. Gero dena jostura bikoitzaz josten da (iraganean ezten bat eta basurde-ilea erabiltzen zuten, eta gaur egun, zulagailu elektrikoa eta hari-industriala).

Eskularruari kolorea eman ondoren (iraganean egositako azafraia erabiltzen zen, eta gaur egun, argizari likidoa), argizaria ematen zaio, pilotak hobeto irrista egin dezan.

Eskuzorroa ez da eskularruarekin batera egiten, aparte baizik. Horretarako, lehenbizi larru goxo puska bat mozten da nahi zen neurrira, betiere zapatarien txantiloi eta hortzak erabiliz. Jarraian, lau zirrikitu egiten zaizkio, eta bertan hartz arteko tarteak izango diren gilak sartzen dira. Gero dena batera makinaz josten da. Jokalariak eskua behar bezala helduta izateko larruzko botoiak jartzen dira (ermamiak jartzeko), baita hatz erakusle eta lodiaren artean bi larru-zerrenda ere. Azkenik, ardi-larruzko zintarri bat jartzen zaio, eta horrela eskuzorroa prest geratzen da, gero eskularruan jartzeko.

Florentino IbarraLabaiengo Florentino Ibarra artisaua. (Argazkia C.U). 05.98).