Garai berriak

Laxoaren garai gorena XIX. mende erdialdera izan zen, Nafarroan Frantziako mugaren bi aldetan, baita Iruñan eta Bizkaiko eskualde batzuetan ere jokatzen baitzen. 1870 aldera ble modalitatea agertu zenean, laxoa gutxitzen joan zen beste modalitate batzuen mesedetan. Laxoa Bidasoa inguruan bakarrik mantendu zen, ia desagertu arte. Hala ere, 1960 aldera, eta hein handi batean Jesus Jaimenerari esker, berriz ere suspertu zen. Gaur egun arte nahikoa jolastu da, batez ere Laxo Elkartearen ekimenei esker, nahiz eta Administrazio-publikoek ez duten laguntza handirik ematen.

Joan-etorri guzti horiek eragin handia izan dute eskularru-ekoizpenean. Izan ere, urtero ehun eskularru inguru egitetik ia zifra sinbolikoetara iritsi zen ekoizpena, nahiz eta gaur egun, ekoizpen hori pixka bat errekuperatu daitekeen, eskularruak turismo-oroigarri edo apaingarri gisa ere saltzen direlako. Materialak aldez aurretik prestatuta baditu, artisau batek egunean eskularru bat egin dezake. Horrelako eskularru batek, ondo zainduz gero, eta kolperik jasotzen ez badu, asko iraun dezake. 1930eko hamarkadan 30 pezeta (0.20 euro) inguru balio zuen, eta gaur egun, berriz, 15.000 eta 20.000 (90 eta 120 euro artean).

Eskularru horien etorkizuna ez dago garbi. Izan ere, artisau gazteek ez dakite nola egiten diren, baina horretarako ezagutza eta trebezia handirik behar ez denez, gaur egun lanbide berezi hori ezagutzen dutenen erreleboa trebatu dezakete belaunaldi berriek.