Bizimodu nekeza

Mendiko-langileek lan-baldintza gogorrak jasan behar zituzten arren, seguru asko baldintza gogorrena urtean 287 egun arteko isolamendua zen. Izan ere, egun guzti haiek “basotik atera gabe" pasatzen zituzten, kanpoko inorekin ia harremanik izan gabe, frantses artzain baten edo basozainen bisitarik ez bazen behintzat. Familiakoei eta andregaiei gutunak ere idazten zizkieten, eta gutun horiek arrantxariek eramaten zituzten Aoizeraino.

Egurgileek oso jateko gutxi izaten zuten, eta beti gauza bera. Gosaltzeko ogia eta esnea bakarrik jaten zituzten. Jaki haiek mendian bertan egiten ziren edo Izabatik ekartzen ziren, eta 1950eko hamarkadan txokolatea ere jaten hasi ziren. Zaharrenek gogoan dute, 1930eko hamarkadan basoan lan egin zuten egurgileei artopila ematen zietela gosaltzeko. Talo antzekoak ziren, garraiatzerakoan edo biltegian gordetzerakoan masa trinko bat osatzen zutena, gero digeritzen zaila zena.

Hamaiketakoa goizeko zazpiak edo zortziak aldera egiten zuten basoan bertan. “Substantziarik gabeko” baba handiak jaten zituzten batez ere, eta egun berezietan, baba txikiak (“zaku beretik ateratzen zituzten abereentzako eta guretzako babak”). Eguerdiko ordu-batak edo ordu-biak aldera bazkaltzen zuten, eta afaria, berriz, gaueko bederatziak edo hamarrak aldera. Bi otorduetan hamaiketakoan jandako bera jaten zuten.

Ramon LatasaRamon Latasa egurgilea izan zen aizkolaria izan baino lehen. Irudian Donostiako Trinitate enparantzan ari da lehiatzen, 1967ko martxoaren 26an.

Igandeetan hamaiketakoa ordubete beranduago egiten zuten, eta bazkaria, askoz ere beranduago. Igandetako bazkaria ajoarrieroa izaten zen. Arratsaldean arropa garbitzen zuten egurgileek, edo bestela perretxiko bila joaten ziren, gauean taldeka prestatzen zuten gisatuari jartzeko.

Otorduak egiteko, egurgileak lagun taldetan biltzen ziren lantalde bakoitzaren barruan. Talde bakoitzekoek azpil beretik jaten zuten (“euria egiten zuenean azpilekoa ez zen inoiz bukatzen”), eta langile bakoitzak bere koilara eramaten zuen, zahatora lotuta gordeta izaten zuena. Kontratistak eguneko litro bat ardo ematen zion egurgile bakoitzari, eta hori baino gehiago edaten bazuten, ordaindu egin behar zuten. 1955etik aurrera, egurgileen elikadura hobetzen joan zen, dilistak, babarrunak eta baita haragia ere jaten hasi baitziren.

Otorduak prestatzen arrantxari bat eta sukalde-laguntzaile bat ( 15 edo 17 urte inguruko gaztea) aritzen ziren. Azken horrek laguntza-lanak egiten zituen (egurra bildu, garbiketa lanak egin, baita ontziak garbitu, ura bildu eta abar), eta jana lantokira ere eramaten zuten. Arrantxaria eta sukalde-laguntzailea enplegatzaileak kontratatzen zituen.

Egurgileen ohizko janzkera “Bergarako oihalezko” galtza eta alkandora, jertsea eta bortzegiak (larruzko botak, aurretik irekiak eta lokarriz lotzen zirenak, iltzedun zoladunak) ziren. Horrez gain, ahuntz larruz (Salazar Arana) edo ardi-larruz (Baztan) egindako bizkarrekoa erabiltzen zuten. Bizkarreko hori animalia osoaren larruz egiten zen, eta horri esker, atzeko hankak sorbalda gainean jarri eta larruzko bi zerrenda gurutzatuz lotzen ziren, horrela larru puskak bizkar osoa tapatzeko (gerria baino beherago iristen zen). Kapelari esker, euria bizkarrekoan zehar irristatzen zen, eta horrela egurgileari ez zitzaion bizkarretik urik sartzen.

Jantzi hori funtsezkoa zen egurgileak euritik babesteko. Izan ere, askotan egiten zuen euria, batzuetan benetako eurijasak izatera iritsiz. Hala ere, bizkarrekoak bizkarra babesten zuen, baina egurgileak aurretik berdin-berdin bustitzen ziren. Jantzi horren garrantziaren eta beharraren adibide garbia dugu honakoa: Latasa anaietako batek, euri handia ari zuen egun hotz batean, bere beste bi anaiek bizkarrekorik ez zeukatela ikusita, berea kendu egin zuen.