Soldata eskasa

Egurgileek ez zuten aldez aurretik ezarritako soldatarik, eta ez zuten beren soldata kontratatzailearekin hitzartzen. Hori zela eta, jasoko zuten soldata zenbatekoa izango zen jakin gabe onartzen zuten lana. Abendu bukaeran, sasoi osoko soldata kobratzean, jakiten zuten zenbat irabazi zuten.

1940 edo 1950 aldera, egurgile bakoitzak, somariaren iritziaren arabera, hileko 800 eta 1200 pezeta artean irabazten zituen. Lan-sasoian dirua behar bazuten (janaria edo edaria erosteko eta abar), sasoi bukaeran kobratu behar zuen diruari kenduta aurreratzen zioten.

Gizarte-Segurantzarekin (Nekazaritzako Erregimena) arazo ugari sortu dira. Izan ere, egurgileek ez zuten gizarte segurantzan kotizaziorik izaten, eta horrek arazoak sortzen ditu erretiro-pentsioak eta gaixotasun pentsioak jasotzerako orduan (erreuma, artritisa eta abar dela eta). Hala ere, lan-sasoian istripua izaten zuten egurgile guztiek asegurua zuten, eta nahiko susmagarria zen hori. (Esaten da langile batzuei bakarrik egiten zitzaiela asegurua, baina izenak zehaztu gabe. Horrela, aipatu berri duguna bete zitekeen).

Hala eta guztiz ere, arrazoi batengatik edo besteagatik (lan-baldintzak ezin jasatea, langileburuekin liskarrak izatea eta abar) basotik alde egiten zutenei ez zitzaien batere estimurik izaten, lanerako gogorik ez zutela esanez.

1950eko hamarkadatik aurrera Iratin lan egiteko egurgileen eskaria gutxitu egin zen, eta egurgileetako asko Frantziako hego-mendebaldera joan ziren lanera. Han italiar egurgileen ordez hasi ziren lanean, eta beren lan-baldintzak (ordu gutxiago egiten zituzten lan, eta eguraldia oso txarra bazen, lana eten egiten zen) eta elikadura nabarmen hobetu zituzten. Azkenean, portugaldarrek eta “pied noir”-ek nafar egurgileak ordeztea lortu zuten.

Hala ere, Nafarroako eskualde hartan lanpostu eskaintza handitu zenez (Sarrio, Laminaciones de Lesaca eta abar), egurgile kopurua ere nabarmen gutxitu zen. Gaur egun, koadrila batzuek lanbideari eusten diote eta Frantziara joaten dira lanera.