Urbasatik Itziarrera

Jose eta Karmen ia berrogeita hamar urte baino gehiago aritu ziren beren artaldea Urbasatik Gipuzkoako kostaldera eramaten, hain zuzen ere 1980-1981 arte. Hasiera batean ardientzako bazka bila Añorgara (Loretoki) eta Larraunera joaten ziren. Aurrerago Aizarnazabalera joaten hasi ziren (Sarasola baserria), eta geroago Arrona-Goikora (Irao baserrira) eta Olaberriara. Oikinan (Guarda-berri baserria), Errekatxon eta Azkuenen ere egon ziren. Itziarren Erlete (Goikoa eta Bekoa), Irure eta Sorasu (Elorriaga) nahiz Uskanga Berri baserrietan egon ziren, guztira 36 urtez.

Urbasako kortan, elurraren eta izotzaren eraginez bazka eskasia hasten zenean, ardiak Olazagutia eta Ilarduira jaisten ziren, basoberara. Horretarako, artzain bakoitzak bere ardiak artaldetik banandu behar izaten zituen. Lan horrek zaila badirudi ere, artzainek erraztasun handiz egiten zuten. Ardiekin zerikusia duten esaerak ezagunak dira; esaterako "zailagoa da emakumeak ezagutzea ardiak baino" edo “ardi guztiak berdinak dira, baina bata bestearengandik desberdinak".

Aipatu berri ditugun herri horietatik abenduaren 13a eta urtarrilaren 6a bitartean irteten ziren. Artalde bakoitzak 180 edo 200 ardi izaten zituen, horietatik indartsuenei (zortzi edo hamarri), eta batzuetan baita ahuntzei ere, dumba izeneko zintzarriak jartzen zizkieten. Horrez gain, behor bat eta pare bat txakur ere eramaten zituzten. Gehienetan emakumea joaten zen artaldearen aurretik, eta txakurrek artaldeak osorik aurrera egiten zuela egiaztatzen zuten. Ibilbidea bi egunetan egiten zuten, oinez. Azken urteetan, hasierako zati bat menditik egiten bazen ere, gehiena asfaltatutako errepideetan barrena egiten zuten.

Lehen egunean goizeko 7etatik arratsaldeko 6ak arte egiten zuten bidea. Egun hartan Olazagutia, Altsasu, Zuazarretako harrobia, Etxegarate, Idiazabal, Iurre, Salbatore eta Mandubia zehazkatzen zituzten, eta gehienetan gaua Mandubian pasatzen zuten, inguruko baserriren batean. Bazkaldu, berriz, Etxegarate edo Idiziabalgo tabernaren batean bazkaltzen zuten. Bigarren egunean (lehen egunean izandako antzeko ordutegia egiten zuten), Matxibenta, Nuarbe eta Azpeitia pasa ondoren, bazkaltzeko geldialdi bat egin eta gero, Lasao Zestoa eta Iraeta igarotzen zituzten. Handik eskuinera Aizarnazabalera joaten ziren, eta ezkerrera, berriz, Aironako Olaberri eta Irurera edota Itziarrera joaten ziren.

Artalde bat Donostiako Iztueta kalea zeharkatzenArtalde bat Donostiako Iztueta kalea zeharkatzen, 1948an. (Kutxa fototeka).

Artaldea AbaltzisketanArtaldea Abaltzisketan, 1930eko hamarkada bukaeran. (Kutxa fototeka).

Jose Esnaolak urria amaiera arte edukitzen zituen ardiak Altzanian. Orduan Ilarduiara jaisten zituen, eta bertan abenduaren 11 edo 12 arte edukitzen zituen. Handik aurrera Idiazabalera eramaten zituen, bere familiakoen baserrietara; hau da, Otezabal eta Arimasagastira, bertan bi aste inguru pasatzeko.

Horretarako Albarrain edo Ilarragorri menditik igaro eta Etxegarateko errepidea hartzen zuen, helmugara iritsi arte.

Lehen urteetan, Josek bere ama edo arrebarekin egiten zuen lan hura. 300 edo 350 ardi, fardelak eramateko bi behor eta pare bat txakur hartu eta kostaldera abiatzen ziren.

Lehen etapa Idiazabaldik Antzuolara joaten ziren. Ibilbide hori egiteko sei ordu inguru behar izaten zituzten, eta errepidetik joaten ziren, Beasain, Salbatore, Zumarraga eta Deskargako mendatetik pasatuz.

Antzuolan beti baserri berean egiten zuten lo, eta bertan aziendarentzako zelai oso bateko bazka erosten zuten.

Hurrengo egunean ere 6 orduko etapa egiten zuten. Arrateko hegalerantz abiatzen ziren. Hara iritsi baino lehen Bergara zeharkatzen zuten, baita Osintxu ere. Han bazkaldu ondoren, Soraluze eta Maltzagatik igaro eta Unzetabarrenetxea baserrira iristen ziren. Bertan geratzen ziren bere ama eta arreba 200 ardirekin batera, inguruko baserrietan bazkan, hain zuzen ere Zelai, Erdiko, Gaztelu, Nebera, Beña, Gañeko eta Berretxina inguruan, eta batzuetan baita Karakate hegalean, Agiñamalzaga, Iruretxiki eta Irureaundi baserrietan ere (San Pedro).

Hirugarren etapa batean, Jose Esnaola bakarrik, gainontzeko 150 ardiekin batera, Debara joaten zen, Elgoibarko San Roke auzotik pasa eta errepidean zehar Debatik pasa eta azkenik San Rokeko bidetik Pistona baserrira igotzen zen, han hartzen baitzuen ostatu.

Bertan martxoa erdialdera arte geratzen zen, eta bere artaldea Pistona, Olloki eta beste baserri inguruetan izaten zuen.