Perra egileak

Pedro Iribar, Pedro ferratzailea (Aia 1924) eta Roman Ormazabal (Zegama 1931), ferragile eta ferratzaile adituak dira. Lanbidea gaztetan ikasi zuten, beren familiako ferratzaileen ondoan.

Ferrak egiteko burdina biguna erabiltzen zuten, ahalik eta malguena. Burdina hori inguruko biltegietan erosten zuten, baina hala ere, Gerra Zibilaren garaian txatartegietan pletina eta hagaxkak erosi behar izaten zituzten.

Behi-aziendarako ferren kasuan (erlaitz-ferrak), hiru eta lau milimetro bitarteko lodiera zuen materiala neurrira moztuta jasotzen zuten ferratzaileek, "lehenbizi bost ferra-mota egiteko moduan, eta aurrerago sei mota”. Jarraian, ferra guraizeekin mozten zuten neurri egokia emanez, eta hozten utzi ondoren, prentsan jarri eta  kolpe bakoitzean bi ferra eskuratzen zituzten.

Zegamako Ormazabal senar-emazteakZegamako Ormazabal senar-emazteak, ferrak egiten. (Argazkia Javier Carballo).

Ferrak zuzentzenFerrak zuzentzen (Argazkia Javier Carballo).

Hornitu beharreko eskaerak egiteko adina material batzen zutenean, hainbat pilatan biltzen zuten eta pila horiek sutegian berotzen zituzten. Jarraian, piezak luzatu eta txabeta okertzen zitzaien, horrela ferra animaliaren atzazalera hobeto egokitu eta atzeko aldeko orpua edo orpoa lortzeko. Lana maluketan egiten zuten, gehienetan bi pertsonen artean. Piezak ingude edo txingura gainean jarri eta mailuz kolpatzen zituzten. Lanari ekin, lana eten edo lana amaitzeko, artisauek mailu-kolpe ozenak ematen zituzten, aldez aurretik hitzartutako esanahia zutenak.

Eragiketa hori amaitu ondoren, eskuzko ziztatzaile batekin, ferra bakoitzari lau (ferra txikien kasuan) edo bost zulo egiten zitzaizkion. Horrela zulo guztiak egitea lortzen ez bazuten, puntero edo erakusle batekin gainontzeko zuloak egiten zitzaizkion.

Zaldi, asto eta mandoentzako ferrak egiterako orduan, materiala neurri egokira taiel batekin (borra batekin kolpatzen den mailuaz) moztu ondoren, berotu egiten zen. Jarraian, ingude gainean jarri eta hainbat kolperen bitartez bi puntak mehetzen ziren. Ondoren, berriz ere pieza berotu ondoren, nahi ziren kurbak egiten zitzaizkion, lehenbizi alde batekoa eta gero bestekoa. Azkenik, eskuko mailua erabiliz, sei zulo egiten zitzaizkion ferrari.

Usadioz, inguruko herrietakoek behar izaten zituzten ferratzaileen zerbitzuak, edota bestela ferrak erosi egiten zizkieten. 1940ko edo 1950eko hamarkadan, jarritako ferra bakoitzeko 15 pezeta kobratzen zituzten, eta 1960ko hamarkadan, berriz, 50 pezeta. 1967an, Mutrikuko Valentin Uribesalgo ferralari ezagunaren bilobek, 100 kg ferra solteren truke 1.628 pezeta kobratzen zituzten. 1985ean, 2, 5 kiloko 0 ferra-iltze poltsa bakoitzak 109,65 pezeta balio zituen, eta gaur egun, horrelako poltsa batek 24 euro balio ditzake.

José Maria OsaJose Maria Osa (Okinia), ferra animaliari estutzen (argazkia Javier Carballo).

Perratzaileek edo ferratzaileek erabilitako lanabesakPerratzaileek edo ferratzaileek erabilitako lanabesak.

José Maria OsaJosé Maria Osa (Oikina), Gipuzkoako ferratzaile onenetakoa zen. Irudian, kurrikekin soberan dauden iltze puntak mozten ditu. (argazkia Javier Carballo).