Ikasketa gogorra

Beste lanbide asko bezala, duela lau edo bost hamarkada, ferratzaileen lanbidea adituak jardunean ikusita eta horiei laguntzen ikasten zen. Aurrerago, ikastunak lan errazak egitera pasatzen ziren, eta eskarmentu handiagoa eskuratzen joaten ziren heinean, lanbideko berezko lanak egiten hasten ziren.  Gehienetan, ikastunak bere etxetik kanpo joan behar izaten zuen lanbidea ikastera, eta bidaiak nahiz mantenua bere poltsikotik ordaindu behar izaten zituen, ez baitzioten joan-etorriengatik ezer ordaintzen. Kasu batzuetan, maisuari aldez aurretik hitzartutakoa ordaindu behar izaten zioten.

Ferratzaileen soldata antzeko lanbideetan irabazten zen tankerakoa izaten zen, nahiz eta langile autonomoak izan eta animaliak zauritzeko arriskua izan. Gaur egun, jarritako ferra bakoitzeko 5 euro inguru (800 pezeta) kobratzen dituzte.  Esan beharra dago ferra bakoitza behar bezala, patxadaz, jartzeko, 20 eta 25 minutu bitartean behar izaten dituztela.

Askotan ez zuten albaitariekin oso harreman onik izaten, azken horiek bidegabeko lehia egiten zietela baitzioten. Liskar horren arrazoia honakoa da: ferratzaileek beren titulu akademikoa ere bazuten, eta horietako batzuk, 1950eko hamarkada hasieran Madrilera joan behar izan ziren hainbat froga egitera ("han ez zegoen aziendarik, galderak baizik" esan zigun ferratzaile zahar batek). Froga horiek gainditu eta gero, lanbidean aritzeko titulua eskuratzen zuten. Hala ere, lanbidean aritzea errazagoa egiten zitzaien, urtero herriko albaitariari diru-kopuru bat ordaintze bazien.