Fabrikazio prozesua

Ferrak egiteko ontziak desegiterakoan geratzen zen xaflak erabiltzen zituzten, 8 eta 10 mm arteko lodierakoak. 25, 28 eta 30 mm zabalerako zerrendetan mozten ziren, eta jarraian zizaila baten bitartez, 250 mm luzerako zerrendetan mozten ziren lantegian bertan.

Jarraian puntako forma kurbaduna ematen zitzaien. Horretarako zerrenda horiek berotu, forjatu eta okertu egiten ziren bi eragiketetan: lehen eragiketan, pieza behar bezala berotu ondoren, ferra erdia lantzen zen, eta bigarren eragiketan, piezaren beste aldea berotu ondoren, beste ferra erdia egiten zen.

Material puska edo pletinen ertzak, hamabiko mordoetan bilduta, sutegiko ikatz artean sartzen ziren, eta beste ertzak sutegitik kanpo uzten ziren.

Ertz horiek berotu ondoren, sua zaintzen zuen ikastunak piezetako bat ateratzen zuen kurrika luze batzuk erabiliz, eta ferra maisuari ematen zion. Honek, ferra kurrikekin heldu eta ingude gainean jartzen zuen.

Jarraian, beste ikastun batek haguna 4 kiloko mazo edo borra batekin kolpatzen zuen, hura luzatu eta fintzeko.

Jarraian, maisuak, pieza inklinatu eta beroa zegoen ertza ingude gainean jarrita, 3 edo 4 kilo arteko mailua erabiliz kolpatzen zuen, horrela hagunaren ertz beroa kurbatzeko.

Ondoren, piezaren ertz hotza, hau da, landugabea, sutegian sartu eta aipatu berri dugun prozesua errepikatzen zen, horrela beste ertza luzatu eta kurbatzeko. Azkenik iltzeak sartzeko zuloak egiten zitzaizkion, horrela ferrari bere forma berezia ematen amaitzeko.

Prozesuak erraza zirudien, baina lan hori egiteko trebetasun eta eskarmentu handia behar ziren. Izan ere, ferrak behar bezala kurbatu eta forma egokia emateko ez zuten inolako eredu edo txantiloirik erabiltzen. Horrez gain, ekoizpen altua eduki behar zuten, orduko 32 ferra inguru egiten baitziren.

Jarraian, ferra gori-gori jarri arte berotu eta ingudearen gainazal lauaren gainean jarrita, ikastunak iltzeak jartzeko zuloak markatzen zituen ferran. Horretarako ebakidura karratuko ezten zorrotz bat erabiltzen zuen. Tresna hori esku batekin heldu eta hagun gainean jartzen zuen, beste eskuarekin mailua hartu eta eztena kolpatzen zuen bitartean.

Horrela haguna erabat zeharkatzen ez zuten janguneak egiten zituen, 2 mm inguruko lodiera izaten zutenak.

Zaldiak ferratzenZaldiak ferratzen.

Zaldiak ferratzenZaldiak ferratzen.

Handik egun batzuetara, sutegia itzalita egoten zen egunetan, ikastunek jangune horietan iltzeak sartzeko zuloak egiten zituzten, ferra erabat zeharkatuz.

Horretarako, ferrak ingude gainean jarri eta ezten zorrotz batekin eta mailu batekin, aldez aurretik berotutako janguneak kolpatzen zituzten eta zuloak erabat irekitzen zituzten. Jarraian, ingude gainean mailuz kolpatuz irregulartasunak berdindu eta ertzak zapaltzen zituzten, horrela animaliaren atzazalean jarri behar zen aurpegia fintzeko.

Ferrak erabili behar zituen animaliaren arabera, horiek forma eta tamaina ezberdina izaten zuten. Batzuetan aurreko edo atzeko hanketarako ere forma ezberdinetako ferrak erabiltzen ziren, horrela apatxen formara egokitzeko.

Hori zela eta, zaldientzako ferrak irekiagoak eta zabalagoak izaten ziren, eta aurreko hanketarako erabiltzen zirenek atal zuzen bat zuten. Iltzeak sartzeko zazpi zulo zituzten.

Mandoentzako ferrak itxiagoak, luzeagoak eta estuagoak ziren. Horiek ere zazpi zulo zituzten. Astoentzako ferrak txikiagoak ziren, eta lau zulo bakarrik zituzten.

Ferra horietan, barnealdeko ertza kanpoaldekoa baino estuagoa izaten zen.

Animaliak lantegian bertan ferratzeaz gain, aipatu berri dugun prozesuaren arabera egindako ferrak inguruko ferratzaileei ere saltzen zitzaizkien, ospe handikoak baitziren.