Kontsumo handia

Nekazaritza lanetan aritzen zen gurdi-abere baten ferrek sei hilabete inguru irauten zuten. Hilabete horiek igaro ostean, ferrek bi eta hiru milimetro bitarteko lodiera izaten zuten, eta aldatu behar izaten ziren; hau da, animaliak ferratu egin behar ziren.

Halaber, ferra berriak jarri eta hiru hilabetera, ferrak askatu, apoak garbitu eta berriz ere ferrak jarri behar zitzaizkion animaliari. Eragiketa horri birferratzea esaten zitzaion.

1960ko hamarkada aldera, zaldi bat ferratzeagatik 8 pezeta kobratzen ziren (ferra barne). Mandoak eta astoak ferratzeagatik 7 eta 5 pezeta kobratzen ziren hurrenez hurren. Birferratzean, berriz, prezio erdia kobratzen zen.

Garai hartan, ikastun batek asteko ogerleko bat irabazten zuen. Lantegian 4 urte zeramatzanean, asteko 65 pezeta irabazten zituen, eta handik urte betera, asteko 100 pezeta.

Garai berean, maisu on baten soldata asteko 200 pezetakoa zen. Ferrategiko langile guztiek 10 eta 11 orduko lanaldiak izaten zituzten, eta ez zuten oporrik egiten.