Arriskuak dituen bidaia

Talde espedizionario bat honakoek osatzen zuten: zortzi betizu edo zezen, bi edo hiru joaldun eta zaldi pare bat, bata tresnak eta elikagaiak garraiatzeko eta bestea azienda sakabanatzen bazen, berriz ere biltzeko.

Espedizio-taldean joaten ziren behizainek, gehienetan bidea ondo ezagutzen zuten, eta askotan, landa-zaindariei eskupekoa ematen zieten horiek eskumena zuten bidean lagundu eta gidatzeko.

Jatekoak prestatzeko (ogi-mamiak, eltzekariak eta abar) tresna guztiak eramaten zituzten (eltzeak, zartaginak eta abar), nahiz eta hestebeteek eta kontserba-latek (“urdai hura eta sardina haiek oso goxoak ziren") garrantzia handia zuten behizainen elikaduran. Gauak ia beti toki beretan pasatzen zituzten ("nahiz eta betizuren bat poliki joaten bazen, ez ginen aurreikusitako lekura iristen"), aire zabalean egiten zuten lo ("manta batekin estalita"), nahiz eta batzuetan “ukuilu batean babesa hartzen zuten".

Zunbeltz bentaZunbeltz benta eta Etxarriko mendate arteko bidea. Bertatik Nafarroako zezenak pasatzen ziren, Gipuzkoara bidean. 05/1.996).

Zezenak eta betizuak nahiz zaldiak bide inguruko zelaietan aritzen ziren bazkan, batez ere eguerdian eta ilunabarrean, hau da, geldialdiak egiten zituztenean ("nahiz eta ahora ere jaten ematen genien"). Jandako bazkaren truke ez zuten ezer ordaintzen, eta horrek ez omen zuen inolako arazorik sortzen.

Zezenak bidean nahiko otzanak baziren ere, beti zegoen azienda sakabanatzeko arriskua. Behizainek gogoan dute, Urbasa-Andiatik igarotzean, zezenek zeramatzaten zintzarrien zarataren ondorioz, behorrak eta txerriak (bere txerrikume eta guzti) hurbiltzen zirela zezenengana, eta hori nahiko arriskutsua zen. Hala ere, momentu arriskutsuenak eta arazo larrienak herriak zeharkatzerakoan sortzen ziren, gazteek zezenak xaxatzen baitzituzten.

Entzierroa DebanEntzierroa Deban, Nafarroako zezenekin, 1947an. Tuteratik oinez ekarritako azken zezenak izan ziren haiek. (Argazkia Allica).