Trenez eta errepidez

Lan zailena azienda Hondarribiara garraiatzea izaten zen. 1944 arte, zezenak trenez eta errepidetik garraiatzen ziren, kamioietan garraiatzea oso garestia baitzen.

Azienda Debako geltokira eraman eta han merkantzia-bagoi batean sartzen zuten. Trenez Donostiaraino eramaten ziren zezenak, eta han Topoa hartu eta Irunera eramaten ziren. Behizainak bidaiarien-trenean joaten ziren, eta Irunen egoten ziren aziendaren zain. Handik Hondarribira oinez joaten ziren, errepidetik, zezenak astoei lotuta.

Lehen esan dugun bezalaxe, garraio-sistema hura oso ohikoa izan zen 1940ko hamarkada hasiera arte. Aurrerago, azienda herrietara garraiatzeko kamioiak erabiltzen hasi ziren. Sacako Markesaren ganadutegiaren kasuan, Itziarko Burugorri eta Debako Xantixo izaten ziren kamioilariak.

Behizainek zezenen jokaerak oso ondo ezagutzen zituzten arren, lan nahiko arriskutsua zuten: izan ere, herriko plazetan eskarmentuari esker zuten jakintzarekin bakarrik gobernatu behar izaten zituzten zezenak, eta askotan herritarrek ez zuten batere laguntzen, zezenak xaxatzen ibiltzen baitziren.

Zezen enbolatuaZezen enbolatuaren ospakizuna bukatu berri da eta zezena harrapatu egin behar dute. Antxon Igarzak utzitako argazkia.