Pello Jauregi - 2020

Pello Jauregi Etxanizek (Pasaia, 1958) ibilbide profesional luzea du eta eskarmentu handia hizkuntzen normalizazioaren alorrean. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta Hezkuntza Zientzietan doktorea, bere lan ibilbidean aspaldi heldu zion euskararen gaiari eta hainbat ikerketatan ere parte hartu izan du.

1983tik 1991ra arte euskara irakasle eta Gipuzkoako didaktika arduradun aritu zen Alfabetatze eta Euskalduntzerako Koordinakundean. Ondoren, 1998ra arte, "Alfabetatzea eta Euskalduntzea" graduondokoaren ardura izan zuen eta 1995 eta 1999 urte bitartean irakasle jardun zuen EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. 2000. urteaz geroztik, EHUko irakasle titular gisa ari da lanean Hezkuntzaren Teoria eta Historia irakasle. 

Alabaina, irakasle lanez gain, ikerlari eta aholkulari lanetan ere aritu izan da eta urte asko daramatza hizkuntzaren normalizazio eta aktibazioaren esparruan. Esate baterako, Jauregi izan da Soziolinguistika Klusterreko Aldahitz Egitasmoaren ikerketa-zuzendaria 2010etik 2019ra eta Eusle, Ulerrizketa eta Uler-saioak metodologien sortzailea ere bada. Horrez gain, Euskaraldiaren sortzaileetako bat eta teorizatzailea ere izan da eta Euskaraldiaren beraren ikerketaren zuzendari lanetan ere jardun du. Hori gutxi balitz,euskalgintza aztergai duen hamar artikuluren egilea da hainbat aldizkari espezializatutan.

Zalantzarik gabe, beraz, euskararen erabilera areagotzeko ahalegin ugari egin ditu Jauregik eta ekarpen nabarmenak egin ditu aktibazioaren esparruan. Hala, euskararen inguruko eztabaidetan erabilera erdigunean dagoen honetan, oso ekarpen aberasgarriak dira egin dituenak eta erabilera areagotzen saiatzeko ildo eta teoria berriak plazaratu ditu.