Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gizarte bazterketan dauden pertsonak

Gizarte bazterketan dauden pertsonak

Gizarteratzeko gizarte baliabideen hartzaile dira gizarte bazterketa edo marjinazioko egoeran dauden pertsonak edo familiak, gizarteratze prozesuak egiteko gertutasuna eta gaitasuna agertzen dituztenak.

Gizarte bazterketa da ekonomia, gizarte edo politika eskubideez gabetzea, besteak beste, eta eskubide horiek gainerako herritarren baldintza-berdintasunean erabiltzeko zailtasunak edukitzea.

Era guztietako izapideak herri bakoitzeko oinarrizko gizarte zerbitzuetan egiten dira: edozein baliabidetarako eskaerak, informazioa eta orientabidea, oinarrizko beharrizanen arreta eta estaldura, kalteen murrizketa, narriadura pertsonala geldiarazteko laguntza, eta arreta egitea helburu jakin batzuk dituen prozesu arautu bati jarraitzeko zailtasunak edo gabeziak dituzten pertsonei.

Programak eta zerbitzuak

Gizarte bazterketaren balorazio eta diagnostiko zerbitzua

Zerbitzu honek laguntzen du bazterketa egoeren identifikazioa egiten, eta, hala badagokio, haien mailaketa ere bai. Orobat, bideratzen ditu eskatzaileak beren beharrizanei ondoen erantzuten dieten zerbitzurantz edo prestazio ekonomikorantz, edota zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen arteko konbinaziora, haiek eskatzeko betebeharrak betetzen badituzte, betiere. Barne hartzen ditu:

Eskaeren balorazioa, egon daitezkeen gizarte bazterketako egoerei dagokienez. Hala badagokio, gizarte diagnostiko espezializatuak egitea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan egoki gertatzen diren baliabideetara bideratzea, edo, bidezkotzat joz gero, erabiltzailea beste arreta sistema edo politika batzuetara desbideratzea.

Horretarako, gizarte bazterketako egoera batean egotearen zantzuak aurkeztu behar dira, balorazio tresna komunetan definitzen den moduan.

Laguntza espezializatuaren programa

Akonpainamendu espezializatua da bigarren mailako gizarte prestazio bat, zeinaren bidez pertsonak profesional kualifikatu batekin harremanetan egonda parte hartzen baitu; hark laguntzen dio bere moldaera autonomoa hobetzen, eta gizarteratzen. Akonpainamendu espezializatuak aukera ematen dio erabiltzaileari bere egoera kontrastatzeko, autonomia pertsonalari eta gizarteratzeari buruz dituen helburuak esplizitatzeko, eta prozesu guztian zehar erreferentziako pertsona bat izateko.

Arreta psikologikoko programa

Laguntza psikologikoa, esku-hartze psikosozial espezializatua emateko, hartzaileak izanik gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak, gizarteratzeko prozesu bat hasi dutenak Foru Aldundiaren gizarteratze zentroetan. Gipuzkoako Psikologoen Elkargoan gauzatzen da.

Adikzioak dituzten pertsonak gizarteratzeko programak

Desintoxikazio prozesu jakin batzuek ez dute eskatzen zentroetan sartzea, baizik eta erakundeez kanpoko ikuspuntu bat ematea. Horretarako, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak hainbat programa garatzen ditu, hala nola familiako esku-hartzea (familiarteko batzuk tratamenduan egonda edo egon gabe), alkoholismoak jotako pertsonen gizarteratzea, esku-hartze psikosoziala, altaren ondoko jarraipena, berariazko programak gaixotasun mentala duten pertsonentzat, eta prebentzio programak nerabeentzat.

Espetxeko esperientzia duten pertsonentzako programak

Egoitza harrerako eta akonpainamendu espezializatuko programa, espetxeko esperientzia duten eta Gipuzkoan sustraituta dauden pertsonentzat. Barne hartzen ditu, arreta, laguntza eta akonpainamendua, espetxean egindako hasierako diagnostiko batetik abiatuta, banakako laguntza plan bat ezarriz, eta lagun eginez irteerako ibilbidean, hirugarren graduan, eta abarretan, eta gizarteratze prozesuaren alde eginez.

Migratzaileentzako programak

Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuaren iritziz, atzerritar batzuek oinarrizko zenbait beharrizan dituzte, arretako egitura normalizatuetatik heltzen zailak direnak. Horregatik, eta arretako tresna paraleloak sortu gabe, hainbat zerbitzu garatzen dira populazioaren kolektibo horrentzat: gizarte arreta, gizarte eta lan arreta, izapide administratiboak, eta kultura arteko berariazko bitartekaritza. Atzerritartasun arloko informazio eta aholkularitza sozio-juridikoa eskaintzen zaie immigratzaileei, Europar Batasunaz kanpokoei, batez ere; baita errealitatearen analisi zerbitzu bat eta gizarte sentsibilizaziokoa ere.

Gutxiengo etnikoentzako programak

Nahiz eta ez garen kolektibo desberdinentzat berariazko baliabideak sortzearen aldeko, baizik eta beharrean dauden pertsona guztiei zabaldutako baliabideak sortzearen aldeko, haien helburuak lortzeko behar-beharrezkoa den lekuan, baliabide espezializatuak eta egokituak sortzen ditugu ijito familientzat.

Nahiz eta lehentasuna eman gizarte bazterketa edo marjinazio egoeran dauden familien arretari, laguntzen zaio elkartegintzari ere; lan egiten da neska gazteekin eta emakumearen rolaren gainean; eta laguntzen zaie prestakuntza programei eta haien kulturaren hedapenari.

Gizarteratzearen kudeaketa aktiboko programak

Programa hauen helburua da gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea, nagusiki hiru dimentsio hartuz, hala nola haien enplegagarritasun profilaren analisia, gizarte eta laneko akonpainamendua, lan merkatuaren prospekzioa eta analisia, eta eskariak hartzea.

Hartzaile dira, gizarteratze prozesuetan egonik, gizarte eta lan ibilbide bat hasteko prest dauden pertsonak. Enpleguranzko ibilbide banakatuak ezartzen dira, pertsona bakoitzak ibili behar dituenak, gizarte eta laneko profilaren arabera, berariazko akonpainamendu batekin.

Zentroak

Gizarteratzeko egoitza zentroak

Elkarbizitzako zentroak dira, ostatu zerbitzua emateko –intentsitate erdiko edo altuko laguntzekin– pertsona, gizarte eta harreman narriadura larriak dituzten pertsonei, gizarteratzera bideratutako esku-hartzeak egin diezazkieten.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dauden gizarteratzeko zerbitzu eta programen sarea egoitza zentroek osatzen dute, baldintza batzuk betetzearen mende: gizarte eta hezkuntzako programa bat, kasuaren balorazio profesionala, eta Arretarako Banakako Plana. Zentro horiek ez dira jotzen bertan hartutako pertsonen egoitzatzat edo ohiko etxebizitzatzat.

Gizarteratzeko eguneko laguntza-zentroak

Zerbitzu honek gizarte bazterketako egoeran dauden eta Lurralde Historikoan finkatuta dauden pertsonei baliabide hauek eskaintzen dizkie: leku bat eguna pasatzeko, eta zerbitzu bat, beren gizarte txertaketara bideratua, balioaniztuna, arreta ematen diena, denboran luzatuta, ahaleginak eginez beren ohiko ingurunetik bereizi ez daitezen, eta banakako laguntza eskainiz gizartean txertatze horretako ibilbidean, eta, ikuspuntu integral batetik bateratuz hainbat esku-hartze: okupazionalak, hezkuntzakoak, terapeutikoak eta gizarteratzekoak nahiz laneratzekoak.

Gizarteratu beharrei erantzuteko gaueko abegi-zentroa

Zerbitzu honen hartzaile dira gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak, gaua emateko eta oinarrizko beharrak betetzeko leku bat behar dutenak, baina, beren behar edo inguruabar bereziak direla medio, oinarrizko arretako gaueko abegi zerbitzuetan arreta jasotzerik ez dutenak.

Zentro okupazionalak

Zerbitzu honek laguntzen du desgaitasun edo gaixotasun mentalen bat duten pertsonek aktiboki parte har dezaten, ekoizpen jardueraren inguruan mugitzen diren garapen pertsonaleko programen bidez, enplegua lortzen laguntzearren, ahal denean.

Helburutzat dauka erabiltzaileen gizarte eta lan garapenari laguntzea, haien autonomia pertsonala eta autodeterminazioa sustatuz, eta haien gizarte aitorpen eta balorazio handiago baten alde eginez.

Diru-laguntzak

Kotizatu gabekoen pentsioak

Gizarte Segurantzaren pentsioak dira, baina Euskadin foru aldundiek kudeatzen dituzte. Bi modalitate daude (baliaezintasuna eta erretiroa), eta gutxieneko diru sarrerarik ez duten pertsonentzat dira.

Kontsultatu tramitea egoitza elektronikoan

Kotizatu gabeko pentsioaren urteroko aitorpena egin

Kotizatu gabekoen pentsioaren etxebizitzako alokairurako osagarria

Kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzten pertsonek eskubidea dute laguntza osagarri bat jasotzeko, alokairuko gastuak baldin badituzte. Osagarri hori urtean behin ordaintzen da.

Kontsultatu tramitea egoitza elektronikoan

18 urtetik 23 urtera bitarteko gazteentzako diru-laguntza

Diru-laguntza ekonomiko honen hartzaile dira 18 urtetik 23 urtera bitarteko gazteak, beste prestazio ekonomiko batzuk jasotzeko eskubiderik ez dutenak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutako baliabide batean gizartean txertatzeko prozesu batean gutxienez 6 hilabetez parte hartzen dutenak. Eskaera aurkezten da gaztea parte hartzen ari den baliabidea kudeatzen duen gizarte entitatearen bitartez, eta bilakaera ona baldin badago, betiere, aurrera eramandako esku-hartzean. Diru-laguntza emateak berekin dakar akonpainamendu espezializatuko programa batean parte hartzea. Diru-laguntzak 6 hilean behin berritu behar dira, prozesuaren bilakaeraren arabera.