Informazio gehigarria

 

Noiz bidali behar da XML-TBAI artxiboa eta informaziorako obligazioa bete?

Gipuzkoako zergadunen kasuan, faktura egin bezain laster, programak XML-TBAI artxiboa bidaliko dio Gipuzkoako Foru Ogasunari, hau da, on line bidaliko da artxiboa.

Beraz, interneteko konexioa eduki behar da.

 

Nori eragingo dio TBAI proiektuak?

Betebehar berri horrek eragina izango du jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona guztiengan, PFEZean xedatutakoaren arabera, bai eta pertsona juridikoengan ere ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak egiten dituztenean.

 

Ogasunak obligazio hori betetzen lagunduko al du? Aplikazioren bat garatuko al du?

2021eko urtarrilaren 1ean, oinarrizko aplikazio xume bat erabilgarri jarriko da, Foru Ogasunaren webean kokatuko dena. Aplikazio horren bidez, zergapekoek haien fakturak sortu ahal izango dituzte, beharkizun guztiak betez, eta paperean inprimatu edo beren bezeroei formatu elektronikoan bidali ahal izango dizkiete. 2020ko azken hiruhilekoan, aplikazioa froga moduan eskura jarriko da, nola dabilen ezagutu ahal izateko.

 

Zer egin behar dut niri ere TBAI-k eragiten badit?

Ogasuneko webeko zerbitzua ez erabiltzea erabakitzen baduzu, zure hornitzaile informatikoarekin edo salmentarako gailuaren hornitzailearekin harremanetan jarri beharko duzu, edo, bestela, zure departamentu informatikoari eskatu beharko diozu softwarearen eguneratzea prestatu dezan edo zure egungo gailua TBAIrekin bateragarria ote den esan diezazun.

TBAI sistema indarrean jartzen denetik aurrera, fakturak egiten dituzten pertsona eta entitate guztiek gailu hauek bezalakoak erabili beharko dituzte: salmenta puntuko terminalak, ordenagailu pertsonalak, vending makina aurreratuak, balantza aurreratuak, tabletak, telefono mugikorrak eta aurretik definitutako erregulazio teknikoak barnean hartuko dituzten gainerako gailuak.

 

TBAI ezartzeak kosturik badu?

Bai, kosturen bat ekarri dezake TBAIren ezarpenak. Kostua aldakorra izango da, zergadunaren gailu teknologikoaren aurreko egoeraren arabera.

Lehen kalkuluen arabera, kostua txikiagoa izango da beren fakturazio programara egokitzea bakarrik behar dutenentzat. Gaur egun ekipo informatikorik ez duten eta egokitu ezineko kutxa erregistratzailea bakarrik dutenentzat, berriz, kostua handiagoa izango da, eta beren negozioaren beharretara egokitzen den soluzio bat aukeratu beharko dute merkatuan.

TBAI ezartzen laguntzeko, zerga onurak jasoko dira, 2020tik aurrera egin beharreko inbertsioak sustatze aldera.