TREBA Gurasoak prestakuntza-ekintza bat antolatzeak berekin dakar, gutxienez, Foru Aldundiaren eta parte hartzen duen udalaren artean ekitaldi publiko bat elkarlanean eta erantzunkidetasunez antolatzea, eta, beraz, ekitaldi horren antolaketak hainbat betebehar ekarriko dizkie bi aldeei.

Honen bitartez, kalitatezko tresna azkar, malgu eta eraginkor bat jarri nahi da haurren eta gazteen sustapenerako sarearen eskura, haurren eta nerabeen heziketarekin eta hazkuntzarekin lotutako gaien inguruan gero eta handiagoa den orientazio- eta prestakuntza-eskariari erantzuteko. Udal mailan esku hartzen du, hor detektatzen baitira lehen gabeziak, eta, askotan, hor dira urrienak bitartekoak.

Ekimen hau ez da programazio-egutegi zurrun bat, beharrei sortzen diren lekuan eta unean erantzuteko pentsatuta dago, kezka dagoen lekuan motibazioa egongo delako eta, ondorioz, prestakuntza-jardueraren eragina eta irismena handiagoa izango delako.

Beraz, egokiena litzateke hitzaldi edo tailer bat antolatzeko ekimena gurasoengandik (edo hezkuntza-komunitatearengandik, zentzu zabalean) etortzea, eskaera hori elkarrekin edo nork bere izenean udalari helarazteko.

Hala ere, programa sendotu eta ezaguna izan arte, beharrezkoa izango da udalek komunitate-sarean komunikatzen laguntzea (haurtxoko eta gaztelekuetan, guraso-elkarteetan, ikastetxeetan, sare sozialetan) eta baita lehen edizioetan izotzaldia urtuko duen dinamizazio-lanean ere. Horretarako, funtsezkoa izango da haur, nerabe eta gazteen sustapeneko udaltokiko sustapen-teknikarien lana.

Eskaeren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zuzendaritzak eskubidea izango du antolatutako hitzaldien kopurua mugatu edo dosifikatzeko, esleitutako aurrekontua agortu arte. 

 

Programan parte hartzeko informazioa:

FORMATUA:

  • Bi motatako jardunaldiak izango dira:
  1. Hitzaldiak. Sentsibilizazio eta hausnarketarako. Inspirazio-iturri izan nahi dute, eta seme-alabekin egiteko moduari buruzko gako txikiak emango dira (1,5 orduko saioak).

  2. Tailerrak. Gaitasunak lantzeko oinarrizko ezagutzak. Teoria eta praktika uztartuz, arazoak konpontzeari emango zaio garrantzia, trebakuntzari  (guztira 4 ordu, 2 saiotan).

  • Gai bakoitza bi formatuetan eskainiko da. Hau da, hitzaldian landutakoa tailerrean sakonago garatuko da; jarraipen bat izango da, baina bakoitza bere aldetik ere egin daiteke. Beraz, hitzaldi bat antolatu ondoren, parte-hartzaileen artean gaia gehiago lantzeko interesa pizten bada, tailerra antolatzeko eskatu dezakete. Erantzuna, sor daitekeen eskariaren araberakoa izango da.

  • Haurrentzako lehen sorospenen gaia, sakontasuna behar duenez, tailer-formatuan bakarrik landuko da.

  • Gehienetan, prestakuntza-jardueren hartzaileak bereizi egiten dira: batetik, haurren gurasoak, eta bestetik, nerabeenak. Beste batzuetan, haurren eta nerabeen gurasoentzat izango dira, denak batera. 

  • Aurrez aurrekoak izango dira.

  • Prestakuntza-jarduerek publiko orokorrarentzat izan behar dute (aforoa edo parte-hartzaileen muga bete arte). Nolanahi ere, aita edo ama orok izan behar du jardueretan parte hartzeko aukera, haren antolamenduan esku hartu duen elkarte batekoa izan edo ez.

HIZKUNTZA:

  • Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira. Elebidun egin nahi izanez gero, trebatzailearekin batera adostu beharko da. Eskaerarekin batera, zein hizkuntzatan izatea nahi den adierazi beharko da.

IRAUPENA:

  • Hitzaldiak eta tailerrak azarotik maiatzera bitartean egingo dira.

TOKIA:

  • Hitzaldiak eta tailerrak dagokion udalak proposatzen duen lekuan egingo dira.

PREZIOA:

  • Parte-hartzaileentzat doakoak izango dira.  

ESKAERA-PROZESUA:

  • Prestakuntza-jardueren katalogoa eta prestakuntza jasotzeko behin betiko baldintzak argitaratuta, Gipuzkoako udaletako haur, nerabe eta gazteen sustapen-zerbitzuek beren herrietan zabalduko dute eskaintza ,gurasoengana eta bestelako hezkuntza-eragileengana iristeko: haurtxoko eta gaztelekuetako gurasoak, guraso-elkarteak, ikastetxeak, sare sozialak, tokiko komunikabideak, etab. baliatu beharko dituzte programak ahalik eta zabalkunde gehien izan dezan, eta hala gurasoen behar, interes edo eskaera zuzena jaso ahal izateko. 
  • Guraso edo bestelako hezkuntza-eragile batek bere udalerrian programa honetako gai jakin bati buruzko hitzaldi edo tailer bat antolatzea nahi badu, udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen-teknikariari egin beharko dio eskaera, hark ekimenaren bideragarritasuna baloratzeko (gaiak, datak, espazioak, jasotako gainerako eskerak…).
  • Guraso eta bestelako hezkuntza-eragileek web-orri honetan ere egin ditzakete beren eskaerak eta proposamenak . Bertan jasotzen direnak dagokion udalari helaraziko zaizkio.
  • Udalek, eskaera guztiak aztertu eta baloratuta, Aldundiko Gazteria Zuzendaritzari eskatuko diote katalogoko zer jarduera programatu nahi dituzten programatu, udalentzako eskaera-formularioa erabiliz.
  • Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eskaerak aztertu, eta udal bakoitzari jakinaraziko dio berea onartu edo baztertu den, edo egindako eskaeretatik zenbat onartzen zaizkion.
  • Eskaerak baloratzeko orduan, kontuan hartuko dira zenbait irizpide, hala nola udalaren tamaina, aurreko ikasturtean udalean parte hartu zuten trebatzaileak, jardueraren antolaketan guraso-elkarte edo erakunderen bat egotea, edo xede duen populazio potentziala.
  • Udal bakoitzari egokituko zaion hitzaldi edo tailer kopurua, udal guztiek egiten duten eskaera orokorrak baldintzatuko du.

 

EPEA:

  • Gipuzkoako Foru Aldundian eskabideak aurkezteko epea urriaren 9a izango da. Epe horretan, lehen bilketa egingo da, eskaria ezagutzeko eta programa antolatzeko. Nolanahi ere, udaletako haur, nerabe eta sustapen-zerbitzuek ikasturtean zehar ere egin ahalko dituzte eskaerak, baina, egun horretatik aurrera, unean uneko baliabide ekonomikoen eta trebatzaileen agendaren arabera esleituko dira.

IZEN-EMATEAK: 

  • Hitzaldi edo tailer bakoitzerako izen-ematea dagokion udaleko haur eta gazteen sustapen-zerbitzuak jarriko du abian. Dena dela, prestakuntza-ekintzak burutzeko, gutxienez 10 pertsonak eman beharko dute izena.

Programan parte hartzeko baldintzak:

 

  • TREBA Gurasoak ekitaldi bat egiteak berekin ekar dezake Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren eta udal bakoitzeko haur, nerabe eta gazteen sustapen-sailaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea. Nolanahi ere, programan parte hartzeko gutxienez honako baldintza hauek onartu beharko dira: 
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu programaren diseinuaren kostuak, trebatzaileen ordainsariak, programaren komunikazio orokorra eta honen kudeaketa lurralde mailan.
  • Udalak bere gain hartuko ditu prestakuntza-jarduerak udalerrian sor ditzakeen kostuak, lokala, antolaketako langileak, argia eta soinua, tokiko eragileekiko harremana, herri mailako komunikazioa, izena emateko prozesua, saioaren segimendua eta horri buruzko informazioa eta balorazioa.
  • Prestakuntza-jarduerak gauzatu ahal izateko, gutxienez 10 pertsonak eman beharko dute izena aurrez.
  • Udalak prentsaurreko bat emango du udalerriko prestakuntza-jardueraren berri emateko. Foru Aldundiko arduradun politiko batek parte hartu ahal izango du bertan.

 

KONTAKTUA: 

Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Zerbitzua - Gipuzkoako Foru Aldundi

gazteria@gipuzkoa.eus

943 112431