Ir al menú principal Ir al contenido principal

Lurraldea eta Hizkuntza

Lurraldea eta hizkuntza

2021

Arnasguneen garapen jasangarrirantz

 

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren 5. edizioan, "Arnasguneen garapen jasangarrirantz" izenburupean, arnasguneek garapenerako dituzten premia eta beharrak identifikatu dituzte eta horietan sakontzen jardun dute. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuan paper garrantzitsua jokatzen dute arnasguneek eta horretaz jakitun, ezinbestekotzat hartzen da horiek babestea eta garatzea. Babes eta garapen hori, gainera, ez da soilik hizkuntzaren aldetik sustatu behar, baita alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik eta sozioidentitariotik ere. Antolatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA, UEU eta  Kontseilua izan dira.

Honakoak dira jardunalditik ateratako ondorio nagusiak:

  • Arnasguneen garapenari begira hiru ardatz eta zazpi erronka ​arnasguneen garapenari begira, ardatz modura oinarritzat hartzen dira garapen sozioekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa
  • Arnasguneen zaurgarritasuna eta inguruarekin duten interdependentzia
  • Garai konplexuei erantzun konplexuak
  • Arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoak
  • Arnasguneen garapenerako lege markoa

 

 

2018

IV jardunaldiak. Arnasguneen prebentziotik garapenera

Arnasguneek euskararen osasunean duten garrantziaz jakitun, arnasguneen garapena aztertu dute aurtengo Lurraldea eta Hizkuntzaren IV. jardunaldian. Arnasguneek beren izaera mantendu nahi badute, garatzea ezinbestekoa da eta garapen horrek izan ditzakeen aldagaiak aztertzeko, alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik, kulturaletik eta sozioidentitariotik aztertu dute gaia.

Horretarako, lehenik eta behin, gune horietan bizi diren herritarren beharrak ase behar dira, izan ere, herritarren joan-etorriekin sortzen diren fluxuetan, herrietako hizkuntza errealitatea aldatzeaz gain, herriaren beraren izaera ere alda baitaiteke. Ondorioz, oinarrizko zerbitzu guztiak herrian bertan, edo inguruko herri handiagoren batean, izatea garrantzitsua da. Hori hala izan ezean, arnasguneetatik herritarrak joateko arriskua sortzen da eta herririk gabe ez dago komunitaterik eta, ondorioz, ezta hizkuntza komunitaterik ere.

Era berean, herri baten garapena jasangarria izatea nahi bada, arnasguneen hauskortasuna ere kudeatu behar da nahitaez eta, beraz, faktore ezberdinen arteko elkarreragina zaindu behar da. Gizarteak, ingurumenak eta ekonomiak bat egiten duten puntu hori da, horrenbestez, garatu beharrekoa eta hori ahalbidetzen duten lege edo arauak bultzatzea garrantzitsua da. Halaber, arnasgune diren herri txikietan bizitzeak identitatearekin duten lotura ukaezina da eta jendearen rolak markatuta daude, maskulinitatera begira. Baina horretaz guztiaz gain, arnasguneetako biztanleek euskaldun osoak izateko aukera izan dezaten, kultura sorkuntza eta kontsumoa ere oinarrizkoak dira eta horretarako ahalduntzea ezinbestekoa da.

Horrela, beraz, agerian geratzen da euskara zaindu nahi bada, hizkuntza bera zaintzeaz gain, beste aldagai asko ere kontuan hartu behar direla, zeharka ondorio nabarmenak izan baititzakete hiztunengan eta hiztun komunitateengan. 

Jardunaldiko hitzaldiak hemen daude eskuragarri

Lurraldea eta Hizkuntza IV. Arnasguneen prebentziotik garapenera.

Data: 2018ko urriaren 10ean | Lekua: Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea

2016

III. Jardunaldiak. Oraina & Geroa

Lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana eta ELE tresna aztertu ondoren, Lurraldea eta Hizkuntzaren III. jardunaldietan gaiaren lanketa akademikoari heldu diote. ELE tresnaren oraina eta etorkizuna aztertu dute, esperientzia zehatzak aurkeztuz, esperientzia horietatik ondorioztatutako neurri zuzentzaileen inguruan hausnartuz eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz.

Hori horrela, arnasguneen tipologiari eta gune horietako egoera soziolinguistiko eta sozioekonomikoak hizkuntzari nola eragiten dion aztertu dute. Hein berean, Orioko HAPOaren inguruan eta Lekarozko Aroztegia proiektu turistikoaren inguruan gauzatutako ELEak aurkeztu dituzte eta azterketa horietan izandako esperientziak aztertu dituzte. Bi kasuetan hirigintzan aurreikusten diren aldaketek eragina izango dute gune horietako hiztun eta hizkuntzarengan eta hainbat neurri zuzentzaile aplikatzeak izango lukeen garrantzia azpimarratu dute. Hala, tresna horren aplikagarritasuna egin dute publiko.

Lurralde antolakuntzetako planek hizkuntzarengan izan dezaketen eragin negatiboa leuntzea edota desagertzea dute helburu neurri zuzentzaileek eta horiek proposatuko ELE tresna aplikatu ondoren detekta litezke. Halaber, hizkuntza babesteko bokazioa duen tresna horrek legean izan dezakeen txertatze legala aztertu dute. 

Jardunaldiko hitzaldiak Interneten daude eskuragarri

Lurraldea eta Hizkuntza III. Jardunaldia. Oraina eta Geroa.

Data: 2016ko maiatzaren 12an | Lekua: EHUren Carlos Santamaria zentroan

2015

II. Jardunaldiak. Erronkak eta tresnak.

Lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza dinamiken arteko harreman estu bezain ahaztuaz hausnartzeko sortu ziren jardunaldi hauek 2014an.

Hirigintzaren eta euskararen arteko erlazio kezkagarri horretan gehiago sakontzeko asmoaz, Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldiak izan dira Donostian, 2015eko otsailaren 5ean eta 6an, EHUren Carlos Santamaria zentroan.

Bigarren jardunaldi hauetan, lurralde antolakuntzan hizkuntza irizpideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzak aztertu dira: arkitektura juridiko berri baten osaera, eta hirigintzaren alorreko erabaki itzal handikoen eragin linguistikoak aurreikusten eta bideratzen bermatuko duen testuinguru legezko baten premia.

Pertsonaltasun printzipiotik lurraldetasun printzipiora doan jauzi kualitatiboa aztertu da jardunaldietan, euskaldunen bizitoki geografikoak hauskortasun izan baitezake urbanizazio prozesu desorekatzaileen aurrean. Euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak ezartzea izan dira jardunaldien xede.

Argitalpena hemen irakur daiteke (behean lotura, PDF eskuratzeko):

 

 

Jardunaldien hitzaldi eta aurkezpenen liburua

Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldiak. Erronkak eta tresnak.

Data: 2015eko otsailaren 5ean eta 6an | Lekua: EHUren Carlos Santamaria zentroan

2014

I. Jardunaldiak

Hizkuntza lurrari atxikitzen zaio. Lurrak moldatu ditu hizkuntzak, batzuei eskaintzen dizkien kolore izen batzuk beste batzuei ukatuz, edo elementu jakin batzuen ugaritasunari esker toponimo aberatsa sortuz... Baina ezarri al die lurrak mugarik hizkuntzei?

Uste izatekoa da batetik bestera zebiltzan gizaki nomadentzako mendi garaiak oztopo bat izango zirela, nolabaiteko muga eta, beraz, gizaki horien lurraldea eta, bide batez, hizkuntza zedarrituko zituztela alde horretan. Baina argi ikusten da orografia eta geografia fisikoa ez direla pertsonentzako ezta hizkuntzentzako ere traba izan. Gizakiok gai izan gara hizkuntza geurekin eramateko batetik bestera; areago, lurra bera eraldatzeko gai izan gara eta, zer esanik ez, gizakiak mendean hartzeko «trebe» ere, tamalez. Eta hor sortzen da kezka. Mendiak itsasoaren mailarekin berdintzeko gai gara, haran eta ibai zabalak lotu dira ingeniaritzaren emaitza harrigarri diren zubi erraldoiekin...eta hori guztia pertsonen mesedetan, omen.

Agintari askoren begietan lurraldea plano bat da, lego erraldoi bat. Ez da kontuan hartzen planoan atzamarra jartzen den tokian bertan, errealitatean, jendea bizi daitekeenik, ingurune berezi bat dagoenik. Areago, jendea badela edo zaindu beharreko eremu bat dagoela ohartuz gero, oztopo gisa ikusten da, edo ez ikusiarena egiten.

Gutxi batzuek aberasteko duten grinarengatik, garapen ekonomiko azkarra eta gainbalioa metatzeko nahia jartzen dituzte beste ezeren aurretik. Historian zehar mozorro ezberdinak izan dituen arren, Kapitalismoa da piztiaren izena. Kapitalismo basatia eta globalizazioa, jaun eta jabe.

Posible al da lurraldearen garapen eutsigarri bat, gizatasunaren, etikaren, justiziaren, ekologiaren eta kulturaren balioak zainduko eta indartuko dituena?

Jardunaldien hitzaldi eta aurkezpenen liburua

Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea. Lehen jardunaldiak

Data: 2014ko urtarrilaren 16an eta 17an | Lekua: EHUren Carlos Santamaría liburutegia