Fagor Taldeak eta Mondragon Korporazioak euskara lehenetsita, aldibereko itzulpena baliatzen dute zenbait bileratan

Fagor Taldeak eta Mondragon Korporazioak barne funtzionamenduan, eta bere erabaki-gune nagusietan, euskara lehenesteko hautua egina dute. Hortik abiatuta eta erabakiari eusteko, horretarako bitartekoak eskaintzen dihardute, unean uneko egoerara egokitzen. Gaur-gaurkoz, esaterako, aldibereko itzulpena baliatzen dute beharrezkoa den guneetan, aldi baterako konponbide moduan, euskara erakundeen egunerokotasunaren oinarrian mantendu guran.

2020an Fagor Taldeko Kontseilu Orokorrean euskarazko ulermen oso baxua zuen pertsona bat sartu zenean, aldibereko itzulpena jarri zen martxan bileretan. Euskararen erabilera bermatu nahian, beharrezko baliabideak eskaintzea hobetsi zuen Kontseilu Orokorrak. Gaur egun, aldibereko itzulpena darabil pertsona horrek eta bere euskara maila hobetzeko ulerrizketa saioetan parte hartzen du. Organoaren funtzionamenduari dagokionez, talde ikuspegitik, organoko kide guztiei eragiten die dinamikak (hitzartzeen txandakatzea, hizkera bera modulatzea…).

Bide beretik, Mondragon Korporazioko organo sozial gorena den Batzorde Iraunkorrak -Kongresuaren ostean- euskaraz lan egiteko bidea berretsi du. Hileroko bilerak ia erabat euskaraz egiten jarraitzen du, osatzen duten kideen profil linguistikoan aldaketak egon badira ere: batzordekide batek euskarazko ulermen baxua du eta bileretan aldibereko itzulpena erabiltzen hasi dira azken hilabeteetan.

Fagor Taldeko Kontseilu Orokorrean eta Mondragonen Batzorde Iraunkorrean euskarazko funtzionamenduari eusteko apustua sendoa eta adostasunean oinarritua da, eta horri esker, irtenbide teknikoak bilatu dira helburu horretatik ez desbideratzeko.

Bide horretan, besteak beste, oso lagungarria izan da izaerari izena ematea; 2020ko Euskaraldiaren harira gune horiek “arigune” izendatzeak helburua agerikoago egin du.