Oroimenaren Egunean, euskal gizarteak bakearen alde duen konpromiso zibikoa aitortu da

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin ospatu dute Donostian. Aurten, bakearekin konprometitutako pertsonak eta mugimenduak aintzatetsi dira.

-ren irudia
 Oroimenaren Egunean, euskal gizarteak bakearen alde duen konpromiso zibikoa aitortu da

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur goizean Memoriaren Eguna ospatzeko ekitaldiaren buru. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egin da ekitaldia, foru-erakundearen Tronuaren Aretoan. Lehendakaria Eider Mendozarekin egon da, lehen diputatu nagusiordea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko antolatutako ekitaldian.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Memoriaren arloko arduraduna, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodríguez Ranzekin eta arloko zuzendari Monika Hernandorekin batera joan da, baita Gogora Memoriaren Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin ere.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jokin Bildarratz, Iñaki Arriola eta Bingen Zupiria sailburuak izan dira, baita Jesús Peña Lehendakaritzako idazkari nagusia ere.

Eneko Goia Donostiako alkateak ordezkatu du hiria, eta Gipuzkoako Foru Aldundian, berriz, José Ignacio Asensio, Ahaldun Nagusiaren bigarren tenientea, eta Ion Gambra, Harkaitz Millán, Aintzane Olabide eta Maite Peña foru diputatuak izan dira.

 

Aurten, Memoriaren Eguna Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko! lelopean ospatu da, bakearen alde aurkeztu ziren pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak eta esker ona adierazteko. Hori dela eta, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen ohiko presentziaz gain, aurten bizitzako uneren batean bakearen aldeko mugimenduetan parte hartu duten pertsonak gehitu dira, edo, bereziki, bakearen aldeko konpromisoa hartu dutenak.

Gaurko Donostiako ekitaldian terrorismoaren biktimak eta biktimen elkarteetako kideak izan dira, besteak beste: Gorka Landaburu, Alberto Muñagorri, Kati Romero, Jorge Mota, Beatriz Fernández eta Albino Machado. Oraintsuko memoriaren esparruan lan egiten duten elkarteetako ordezkariak ere izan dira, hala nola, Gogoan Memoria Digna, Bakeola edo Baketik.

Ekitaldian, gainera, erakundeen ordezkaritza zabala izan da: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Denis Itxaso, Gobernuak Euskadin duen ordezkaria; Carmen Adan, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, eta Juan Calparsoro, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko fiskalburua; Koldobike Olabide, EUDELen izenean; Faustino Lopez de Foronda, Arartekoaren idazkari nagusia eta EAJ-PNV, EHBildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariak, batzarkideak eta zinegotziak ere izan dira.

 

Esker ona eta erakundeen onarpena

Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu nahi izan du “euskal gizartearen gehiengo zabal batek terrorismoaren aurrean eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde duen konpromiso zibikoa”. Halaber, adierazi du “ez dela historia berridatzi nahi, baina bai egin genuena balioesten saiatu”.

Ildo horretatik, bi ondorio partekatu ditu: lehenengoa, “euskal gizartearen zati txiki batek justifikatu, babestu eta oinarri soziala eman ziola indarkeria helburu politikoekin erabiltzeko estrategiari”; eta bigarrena, “euskal gizartearen gehiengoak giza eskubideekiko, bizitzarekiko eta pertsonen askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuela”.

Alde horretan, Iñigo Urkulluk gogora ekarri du hasieratik printzipio etikoaren bandera eraman zuten talde haiek erakutsitako konpromisoa, horietako asko oinarrizko parrokia eta komunitate kristauei lotutakoak. Zehazki, bakea eskatzen zuten 1978ko manifestazioei buruz hitz egin du. 1981ean Jose Maria Ryan ingeniariaren hilketa gaitzesteko egin zen manifestazioari buruz ere hitz egin du; bakearen aldeko euskal gizartearen adierazpen aitzindariak dira, urteetan gora egin zutenak.

Urkullu lehendakaria bakearen alde mobilizatu zirenei zuzendu zaie: "Zuen adore eta erabakitasunik gabe bidea eta amaiera desberdinak izango ziren orain". “Eskerrik asko ehunka mila pertsona anonimori izandako konpromisoagatik; zuen isiltasunarekin ahotsa altxatuz edo lazo urdina eramanez, ETAren, indarkeriaren eta terrorismoaren amaierarako ekarpen erabakigarria egin zenuten, bakea ekartzen eta bizikidetzan aurrera egiten”.

Memoriaren Eguna dela eta, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak indarkeriaren biktimak gogoratu ditu eta Foru Gobernuaren izenean elkartasun eta babes osoa helarazi die. "Egia zor dugu, justizia zor dugu, erreparazioa zor diegu ETAren indarkeria jasan zuten pertsonei, baita bestelako urraketak jasan zituzten herritarrei ere", adierazi du. Hain zuzen ere, foru-bozeramailearen iritziz, bakearen aldeko mugimenduek euskal gizarteari egindako ekarpen nagusietako bat izan zen biktimen sufrimendua azaleratzea, eta, gainera, giza eskubideen eta bizikidetzaren aldeko mezua zabaldu zuen.

“ETAren amaieraren iragarpenetik hamar urte betetzen direnean, beharrezkotzat jotzen dut azpimarratzea euskal gizarteak bizkarra eman ziola ETAri, beste edozein indarkeria-adierazpideri bizkarra eman zion bezala. Eta hori gertatu zen herritar batzuek, herritar adoretsu batzuek, aurrerapauso bat eman zutelako eta, pixkanaka-pixkanaka, gainerako herritarrak mobilizatzea lortu zutelako. Onespenik gabe, eta sarritan, gainera, ondorio pertsonal larriekin. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman behar dizkizuegu gizarte eta herri gisa”.

 

Mugimendu bakezaleak Euskadin

Gaurko ekitaldiaren helburua Euskadiko pertsona, elkarte eta mugimendu guztien bakearen aldeko konpromisoa aitortzea eta eskertzea da. Eta pertsona horietako batzuen konpromisoaren irismena gogoratzeko eta ezagutarazteko, Itziar Aspuruk, bere garaian Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide izandakoak, Iñaki Arzak Elkarri-ko kide izandakoak eta José Luis Ortíz de Guinea Askartza Claret ikastetxeko Bizikidetza Arloko koordinatzaileak hartu dute parte ekitaldian. Gainera, demokraziaren hasieratik bakearen alde egin diren mugimendu eta pertsonen bilduma kronologiko gisa bideo bat eman da.

Ekitaldian zehar, opari oroigarri bat eman zaie bertan izan diren eta bere garaian mugimendu horietan aktiboki parte hartu zuten pertsonei: Bittor Uranga, Giza Eskubideen Aldeko Elkartean parte hartu zuen; Fernando Sánchez Aranaz, Bakearen Artisauetakoak; Iñaki García Arrizabalaga, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Elkartea, Bakearen Aldeko Koordinakundea eta Denon Artean bezalako mugimenduetan parte hartu zuen; Itziar Aspuru, Bakearen Aldeko Koordinakundeko kidea; Iñaki Arzak, Elkarri-ko kidea; Iñaki Ezkerra, Ermuko Foroko kidea; Kepa Korta, Goiherriko bakearen aldeko mugimendukoa, eta Bienvenido Presilla, Bilboko Itaka Escolapiosen inguruan sortutako mugimendukoa.

Ekitaldi honetako musika akonpainamendua Atrium Ensemble hari-hirukote donostiarrak egin du. Gaurko ekitaldia streaming bidez eman da esteka honetan: https://youtu.be/URjZrss2WtI

Euskal Telebistak Movimientos pacifistas en Euskadi 'dokumentala emango du, ekitaldian zehar emandako eta 2019an Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ekoitzitako bideoaren bertsio luzeagoa.