Jardunbide Egokien III.Jardunaldi ireki hauek urriaren 29an izango dira, goizez, Kursaal-en. Jardunaldiak presentzialak izango dira, edukiera mugatuarekin, eta streaming bidez ere emango dira. Aurreko urteetan egindakoaren ildotik, gizarte-politiken eta arreta-ereduen berrikuntza izango dute ardatz.

Politika publikoak birbideratzeko beharrari buruz gero eta adostasun handiagoa dagoen testuinguru batean, jardunaldien helburua ildo honetan garatzen ari diren esperientziak ezagutaraztea da, bai eremu publikoan, bai eremu pribatuan eta sozialean gauzatzen ari direnak. Jardunaldietan aurkeztuko diren esperientzia batzuk kudeaketan ardazten dira, beste batzuk ikerketan eta besteren bat zerbitzuen koordinazioan eta integrazioan, baina guztiek arreta eta kudeaketa modu berriak jartzen dituzte zentroan, gizarte-zerbitzuen berrikuntzan eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen arretaren hobekuntzan aurrera egiteko tresna gisa.