Aitorpenaren egiaztagiriak

Frogagiriak modalitate mekanizatuan eta inprimaki bidezkoan

Behar diren frogagiriak aurkeztu behar dira, atal honen bukaeran ageri den zerrendaren arabera.

Frogagiriak internet bidezko modalitateetan

Aitorpenak internet bidez aurkezten dituztenek (partikularrak edo ordezkari profesionalak) gure bulegoetara zertan etorri gabe aurkeztu ahal izango dituzte frogagiriak.

A) INTERNET: Ez da frogagiririk aurkeztu behar. Horrela, aitorpenaren aurkezpena transmisioa egindakoan amaitzen da, betiere bi baldintza hauek betetzen badira:

  • Transmisioa egiteko pasahitz operatiboa edo sinadura elektronikoa erabiltzea.
  • Ohiko etxebizitza aitorpenaren urtean erosita ez egotea, eta aitorpen horretan aipatzen diren kontzeptuak ZERGA INFORMAZIOA zerbitzuan ageri diren berberak izatea.

B) Aurreko A) puntuko baldintzak betetzen ez direnean frogagiriak aurkeztuko dira.

Aurkeztu behar ez diren frogagiriak (modalitate guztietan)

  • Ez dira aurkeztu behar frogagiri pertsonalak (nortasun agiria, familia liburua eta izatezko bikoteen ziurtagiria), baldin eta Gipuzkoan aurretik beste errenta aitorpen batzuekin batera aurkeztu badira eta ezertan aldatu ez badira.
  • Ez dira aurkeztu behar zergaren foru arauak 34tik 36era bitarteko artikuluetan jasotako kapital higigarriaren etekinen frogagiriak (dibidenduak, interesak, bizi edo elbarritasun aseguruak…).
  • Banaka aitortzea aukeratzen duten ezkontideek edo izatezko bikoteetako kideek biei dagozkien frogagiriak aitorpen batean bakarrik aurkeztu behar dituzte.

Aurkeztu behar diren frogagiriak

 

  • Atxikitzaileen ziurtagiria (10-T eredua), lan pertsonalaren etekinengatik izandako etekinak, gastuak, atxikitako zenbatekoak edo konturako sarrerak adieraziko dituena. Horren ezean, soldaten ordainagiriak edo aski diren bestelako frogagiriak aurkeztuko dira.
  • Hauteskundeetan hautaturiko kargu politikoek nahiz izendapen librekoek euren erakunde politikoari nahitaez egindako ekarpenen ziurtagiria, erakundearen organo eskudunak luzatua.
  • Langile aktibo desgaituen kasuan lan etekinen hobaria kontuan har dadin, minusbaliotasun maila eta, hala balitz, mugikortasun murriztua frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu behar da, betiere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak edo Migrazio eta Gizarte Zerbitzuetako Institutuak emana. Era berean, %65eko edo hortik gorako minusbaliotasun maila frogatu daiteke, ezintasuna aitortzen duen erabaki judiziala aurkeztuta.
  • Ondasun higiezinak errentan emateagatik izandako etekinen eta gastu kengarrien frogagiriak eta, hala badagokio, haiei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren ziurtagiria (10-I eredua). Ondasun higiezinen errentamenduak atxikitzeko obligaziorik ez dagoenean, lortutako etekinen ziurtagiria aurkeztuko da.
  • Lokalen eta negozioen errentamenduetan gastu kengarri gisa sartutako errentamendu jaitsieraren egiaztagiria (2/2021 FDA, 2. artikulua).
  • Atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako jarduera ekonomikoetan aritzen diren zergadunek izandako atxikipenen frogagiriak
  • Gardentasun fiskaleko sozietateek eta paradisu fiskaletan eratutako inbertsio kolektiboko erakundeek egotzitako errenten frogagiriak.
  • Errentak esleitzeko erregimenean dauden entitateek esleitutako errenten frogagiriak eta oinordeko, komunero edo partaidearen zerga pertsonalean kendu beharreko konturako sarrerei dagozkienak.
  • Ezkontideari edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikote-lagunari pentsio konpentsagarriak eta urteko mantenurako kopuruak ordaintzera behartzen duen erabaki judizialaren fotokopia, eta ordainketak benetan egin izanaren frogagiriak. Kanpoan geratzen dira zergadunaren seme-alaben alde finkatutako urteko kopuruak.
  • Pentsio planen entitate kudeatzaileak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak edo enpresarien gizarte aurreikuspeneko planak luzaturiko ziurtagiria, partaide, bazkide edo mutualista bakoitzak egindako ekarpenak eta sustatzaileek edo bazkide babesleek egotzitakoak adieraziko dituena, eta orobat, aurreikuspen plan aseguratuen entitate kudeatzaileak edo mendekotasun aseguruak emandako ziurtagiria, ordaindutako primak jasoko dituena. Ekarpenak pertsona minusbaliatuen alde egin badira, ahaidetasun harremana eta minusbaliotasun maila frogatu beharko dira.
  • Ondare irabazi eta galeren frogagiriak, besteak beste, eskuratze eta eskualdatze balioak, eskuratze eta eskualdatze datak eta, hala bada, jasandako atxikipenak adieraziko dituztenak.
  • Zergadunaren seme-alaben alde finkatutako urteko mantenua ordaintzera behartzen duen erabaki judizialaren fotokopia, eta ordainketak benetan egin izanaren frogagiriak.
  • Zergadunak bere tutoretzapean hartu baditu etxean pertsonak, tutoretza eratzen duen erabaki judiziala aurkeztuko da. Bestela, adin txikikoak etxean hartu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak emana.
  • Kuotan kenkarirako eskubidea duten aurreko ahaideen erroldaketaren eta sarreren ziurtagiria. Pentsiorik jasotzen ez badute, pentsioduna ez dela frogatzen duen ziurtagiria, INSSak luzatua. Aurreko ahaidea egoitza batean bizi bada urte osoan, etengabe eta modu jarraituan, egoitzako egonaldiaren gastuei aurre egiteko zergadunak ordaindu dituen kopuruen frogagiria (faktura) aurkeztuko da.
  • Desgaitasunaren eta mendekotasunaren kenkariak kontuan har daitezen, minusbaliotasun edo mendekotasun maila frogatu beharko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak edo Migrazio eta Gizarte Zerbitzuetako Institutuak luzatutako ziurtagiria aurkeztuz. Zergadunarekin 65 urteko edo hortik gorako pertsona desgaituak edo mendekoak bizi badira, bizikidetzako agiria eta sarreren frogagiria ere aurkeztuko dira. 65 urtetik gorako pertsona horiek pentsiorik jasotzen ez badute, pentsiodunak ez direla frogatu beharko da Gizarte Zerbitzuetako Institutu Nazionalak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta. Minusbaliotasun maila %65ekoa edo handiagoa dela frogatzeko, baliaezintasunaren aitorpen judiziala ere aurkeztu ahal izango da.
  • Pertsona desgaituaren ondare babestuari egindako ekarpenen frogagiriak.
  • Etxebizitzaren errentamendu edo azpierrentamendu kontratuaren kopia, eta alokairu gisa egin diren ordainketen frogagiriak. Familia ugarien kasuan, familia ugaria izatearen frogagiria aurkeztuko da.
  • Etxebizitzan inbertitzeagatik egin beharreko kenkariaren ziurtagiriak:
    • Etxebizitza berriak: kontratu pribatua, ordaindutako faktura guztiak eta salerosketa eskrituraren kopia eskrituratua badago.
    • Bigarren eskuko etxebizitzak: salerosketa eskrituraren kopia.
      Etxebizitzen sustatzailea zergaduna denean: udalaren baimena, proiektuaren eta ordaindutako faktura guztien kopia eta obra berriaren eskrituraren kopia, jada eskrituratuta badago.
    • Birgaiketa: Birgaikuntza babestuei buruzko ebazpenaren kopia. Obra amaitu izanaren ziurtagiriaren kopia edo, ekitaldi bat baino gehiago irauten duten birgaikuntza obren kasuan, urteko ziurtagiriaren kopia.
    • Etxebizitza-kontua: etxebizitza kontuaren ziurtagiria. Honako hau adierazi behar du: entitatearen gakoa, kontu zenbakia (10 digitu), irekiera data, eta irekiera datatik aurrera egindako mugimenduak.
    • Mailegua eskatu bada, behar diren frogagiriak aurkeztuko dira.
    • Birfinantzatzearen (mailegu aldaketa) edo ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespenaren kasuan, mailegu berriaren eta zaharraren egiaztagiriez gain, edukiz gero, mailegu zaharra desegindako data eta zenbatekoa azaltzen den bankuko egiaztagiria.
    • Familia ugarien kasuan, familia ugaria izatearen frogagiria aurkeztuko da.
  • Jarduera ekonomikoak sustatzeko:
    • Inbertsio edo gastuari dagozkion fakturak, eta Sozietateen gaineko Zergaren foru arauak eskatzen duen dokumentazioa.
  • Langileek enpresan parte hartzeagatik foru arauko 89. artikuluan arautzen den kenkaria aplikatzeko:
    • Zergadunak zer kantitate ordaindu dituen berak lan egiten duen entitateko edo taldeko beste edozein enpresako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko, edo, hala badagokio, entitate horietako langileek bakarrik partaidetutako entitateen akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko, azken kasu horretan baldin eta entitate partaidetuaren aktiboaren gutxienez 100eko 90 enpresa enplegatzailearen edo taldeko entitatearen akzio edo partaidetzek eratzen badute.
    • Entitate enplegatzailean edo taldeko entitateetan emandako antzinatasuna 89. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoa dela.
    • Akzioen eta aktiboaren osaketari dagozkion beharkizunak betetzen direla, baldin eta inbertsioa 89.1 artikuluko c) letran aipatutako langileek bakarrik partaidetutako entitateetan egin bada.
    • Akzioak edo partaidetzak ez direla negoziatzen merkatu arautuetan, eta entitatea ez dela hartzen ondare sozietatetzat, 89. artikuluaren 4. apartatuko a) eta b) letretan ezartzen den moduan.
  • Enpresa berrietan inbertitzeagatik kenkaria: Eskuratutako akzio edo partaidetzen entitateak eginiko egiaztagiria, adierazten 89 bis artikuluko 2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla.
  • Hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik dagoen kenkaria aplikatzeko zergadunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du: finantzaketaren entitate onuradunak luzatutako ziurtagiria eta  3/2014 Foru Arauaren 89ter artikuluan aipatzen diren txosten arrazoitua edo administrazioa aurrez lotzeko prozeduraren aldeko ebazpena. 
  • Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatzeko, zergadunak inbertsio edo gastuari dagozkion fakturak aurkeztu behako ditu.
  • Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, Kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria aplikatzeko, zergadunak inbertsio edo gastuari dagozkion fakturak aurkeztu behako ditu.
  • COVID-19aren ondorioz bereziki kaltetutako jarduera ekonomikoen garapena berrabiarazten laguntzeko aparteko kenkaria aplikatzeko, zergadunak inbertsioari dagozkion fakturak aurkeztu behako ditu.
  • Erakunde sindikalari ordaindutako kuoten ziurtagiria, sindikatuko organo eskudunak luzatua.
  • Alderdi politikoei ordaindutako kuoten eta egindako ekarpenen ziurtagiria, erakunde politikoaren organo eskudunak luzatua.
  • Pertsona Fisikoen Errenta Zergaren Foru Arauak 93. artikuluan jasotako dohaintzengatik kenkaridunak diren ekarpenen frogagiriak.