110 Atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuak

1. Izaera orokorrarekin, ondoko hauek daude atxikipena edo konturako sarrera egitera behartuta obligazio honi lotutako lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak edo sariak ordaintzen dituztenean:

  • Pertsona juridikoak eta gainerako entitateak, jabeen komunitateak eta errentak esleitzeko erregimenean dauden entitateak barne.
  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenean eta jarduera horietan aritzeagatik etekinak ordaintzen dituztenean.
  • Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, bertan establezimendu iraunkorraren bidez aritzen direnean.
  • Pertsona fisikoak, juridikoak eta Espainiako lurraldean egoitza ez duten gainerako entitateak, bertan jarduten direnak establezimendu iraunkorraren bitartekaritzarik gabe, legeria aplikagarriak horrela zehazten duenean, atxikipenak eta konturako sarrerak Gipuzkoako Foru Aldundiari sartu beharko dizkiotenak Ekonomia Itunak horrela adierazten duen kasuetan.

Ezin da ulertu pertsona edo entitate batek errenta bat ordaintzen duela ordainketa batean bitartekaritza lana besterik egiten ez duenean. Kopuru bat hirugarren baten kontura eta horrek aginduta egiten denean esango da ordainketa batean bitartekaritza lana egiten dela.

Jarraian adierazten diren eragiketak ez dira sartzen ordainketa bitartekaritza soilarekin zerikusirik duten eragiketetan. Beraz, lehen aipatu diren pertsona eta entitateek honako kasuotan egin beharko dute atxikipena eta konturako sarrera:

  • Beren langileei Gizarte Segurantzaren konturako prestazioak ordaintzen dizkietenean.
  • Beren langileei hirugarren batek emandako eskupekoak, zerbitzuen ordainsariak edo antzekoak ordaintzen dizkietenean.
  • Nekazaritzako Kooperatibak izan eta beren bazkideen ustiapenetako produktuak banatu edo merkaturatzen dituztenean.

2. Atxikitzeko obligazioa dute, bereziki, entitate egoiliarrek edo establezimendu iraunkorrek, baldin eta bertan zerbitzuak eskaintzen dituzten zergadunen lan etekinak Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 16. artikuluan jasotakoaren arabera haiei lotuta dagoen beste entitate batek, egoiliarra izan ala ez, ordaintzen baditu, edo lurralde espainiarrean kokaturiko establezimendu iraunkorrak atzerrian duen titularrak ordainduak badira.

3. Atxikipena egitera behartuta dauden subjektuek hura ordaintzeko obligazioa ere hartuko dute beren gain, eta ez dira obligazio horretatik salbuetsita geldituko atxikitzeko obligazioa ez beteta ere.