Debaren arroa

Debaren Ezaugarri orokorrak

Deba ibaiaren arroak 533,8 km²-ko azalera du, eta Lurraldearen mendebaldean kokatzen da. Deba ibaiaren arroa Euskal Autonomia Erkidegoan dago oso-osorik, eta zatirik handiena Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Deba ibaiaren arroa oso industrializatua dago, eta bertako populazioa 135.000 biztanle da, zenbait herri garrantzitsutan bilduak (Arrasate, Oñati, Bergara, Soraluze, Eibar eta Deba). Historikoki, Arroak, presio demografiko eta industrial handi baten ondorioz, narriadura ekologiko nabarmen bat jasan du, neurri batean gaur egun arte mantentzen dena.

Debaren uraren kalitatea

Ibaiaren tarte altuena eta ibaiadar batzuk alde batera utzita, Deba ibaiko ingurumen egoera oso txarra izan da gaur egun arte eta, ezaugarrietako bat arrain bizitzarik eza izan du. Duela gutxi eraiki den saneamendua eta Epele, Mekolalde eta Apraitzeko araztegien abiarazteak egoera hobetu du, eta hasi dira lehen arrain populazioak ikusten, batez ere ziprinidoak, ibaiko ia tarte guztietan. Hala ere, bere morfologia eskasiak, kasu askotan lehengoratzen ezinezkoa, muga handiak jartzen ditu ingurumena berreskuratzeko orduan.

Ibaiadarren sareari dagokionez, egoera aldagarria da batetik bestera. Ibaiadar batzuek kalitate handiko urak izan dituzte beti, adibidez Arantzazuk, Urkuluk, Aixolak eta Sallobentek; beste batzuek. aldiz, Egok adibidez, erabat galdu dituzte berezko ezaugarriak. Bi muturren artean, beste era bateko ibaiadar batzuk ere badaude. Bertan, saneamenduak aurrera egin du aurreikusitako epeetan, eta uren kalitatea berreskuratzen ari da.

Debaren hidrologia

Arroaren batez besteko emaria urteko 457 hm3-koa da, hau da, segundoko 14,5 m3-ko emaria. Emari aldaketa handiak gertatzen dira urte lehor eta euritsuen artean eta urtaroen artean ere aldakortasun nabaria dago, horrela abendu eta urtarrilean ia emari osoaren % 30 izaten da. Alderantziz, uda oso lehorra izan ohi da eta udako emariak 0,6 l/s/km2-koak izaten dira.

Arroaren batez besteko prezipitazioa 1.613 mm-koa izan da. Arroko batez besteko tenperatura 12,7º C dela kontuan edukiz, hori plubiometriaren balioari erantsiz, lurrunketa potentziala 871 mm-koa da, lurraldeko handiena, eta horrek dakar gipuzkoar arroetako emari espezifiko txikienetakoak izatea. Arroaren barruan, udako emarien balioen artean ezberdintasun handiak daude, horrela, multzo bolkanikoko arroek 5 l/s/k2-ko udako emari espezifikoak dituzte eta kare-harrizko materialak daudenetan 0,5 l/s/km2-ko emari espezifikoak.