Zergari lotu gabeko kasuak

Ibilgailu, itsasontzi eta aireontzien lehen matrikulazioa Zenbait Garraiobideren gaineko Zergari lotu gabe egongo da, honako garraiobideak direnean:

  1. 3.500 kg-tik gorako gehienezko pisua duten kamioiak, eta gehienezko pisua hortik beherakoa izanik jarduera ekonomiko bati modu nabarmenean atxikitako kamioiak.
  2. Autobusak, mikrobusak, tranbiak eta bidaiarien garraio kolektiborako erabil daitezkeen gainerako ibilgailuak, baldin eta beren plaza kopurua, gidariarena barne, bederatzitik gorakoa bada.
  3. Soil-soilik industria, merkataritza, nekazaritza, klinika edo zientziaren eremuan erabiltzeko direnak: erabilera anitzeko furgoi eta furgonetak, edozein altueratakoak, baldin eta bi eserleku besterik ez badituzte, gidariarena eta laguntzailearena, inolaz ere bestelako eserlekurik ez badute, eta kargarako dagoen espazioak alboko ikusgaitasunik ez badu eta barruko bolumenaren 100eko 50etik gorakoa bada.
  4. Bizpahiru gurpileko ziklomotorrak, eta kuadriziklo arinak.
  5. Bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, zilindrada 250 zentimetro kubikokoa edo txikiagoa dutenak, kuatrizikloak ez badira.
  6. Mugikortasun mugatua duten pertsonentzako ibilgailuak.
  7. Ibilgailu bereziak, betiere quad-ak ez badira.
  8. Indar armatuek, estatuaren segurtasunerako gorputz eta indarrek, autonomia erkidegoetakoek, udaletakoek eta aduana zaindariek defentsa, zaintza eta segurtasun eginkizunak betetzean erabilitako ibilgailuak.
  9. Zauritukoak edo gaixoak lekualdatzeko egokitutako anbulantziak eta, autobide zein errepideetan zaintza eta sorospen lanak egiteko soilik erabili daitezkeen ibilgailuak.
  10. Ibilgailu mistoak, sabaiaren zati estrukturaletik lurzoruraino guztira 1.800 milimetrotik gorako altura dagoenean, baldin eta lur orotarako ibilgailuak ez badira eta jarduera ekonomiko bati modu nabarmenean atxikita badaude.
  11. Zortzi metroko luzera baino handiagoa ez duten aisiarako eta kirolerako itsasontzi eta urontziak..
  12. Bakar-bakarrik nekazaritza edo baso lanetarako edota gaixoak zein zaurituak eramateko erabil daitezkeen aireontziak.
  13. Aireratzerakoan 1.550 kilogramoko pisua gainditzen ez duten aireontziak. 

Ziklomotorrek izan ezik, Ibilgailuak matrikulatzean zergapetu gabeko kasu horietakoren batera biltzen diren zergadunek 565 eredua aurkeztu beharko dute eta zirkunstantzia hori adierazi.