Aitortzeko beharrekoa eta hautazko likidazioa

Nork aurkeztu behar du aitorpena?

Izaera orokorrarekin, Gipuzkoan bizi diren eta zergari lotuta dauden errentak (lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak, kapital higigarri eta higiezinenak, ondarte irabaziak...) jasotzen dituzten pertsonak daude aitorpena aurkeztera behartuak.

Zergadunak ez daude behartuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa aurkeztera, eurek lortutako errenten jatorria honako hau bakarrik denean:

  • Kapitalaren etekin gordinak, salbuetsiak barne, eta ondare irabaziak, batera hartuta horien urteko kopuru gordina 1.600 eurokoa baino handiagoa ez bada.
  • Lanaren etekin gordinak, urteko 12.000 euroko mugapean banakako tributazioan, salbu ondorengo gidoiaren 8. zenbakian jasotako kasuetako batean sartuta badaude.
  • 12.000 eurotik gorako eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzekotan, ondorengo kasu hauetako batean aurkitzen ez badira:
  1. Zergaldiaren barruan ordaintzaile batetik baino gehiagotik edo ordaintzaile beretik lan etekinak jasotzen dituzten zergadunak, baldin eta atxikipena egiterakoan etekin horiek ez badira metatzen kontzeptu berdinen edo desberdinen ondorioz ordainduak izateagatik, bai eta zergaldiaren barruan lan kontratu bat baino gehiago edo harreman laboral, administratibo edo antzeko bat baino gehiago izenpetu dutenak ere.
  2. Kontratu edo lan harreman batean aurreikusitako epea behin amaiturik, enplegu emaile berarentzat lanean jarraitzen duten zergadunak edo zergaldiaren barruan berriro lanean hasten direnak, eta, halaber, beren lan kontratua edo harreman laboral, administratibo edo beste edozein motatakoa luzatu dutenak.
  3. Epaileen aginduz, ezkontidearengandik edo izatezko bikote lagunarengandik pentsio konpentsagarriak edo gurasoenak ez diren urteko mantenurako ordainketak jasotzen dituzten zergadunak.
  4. Foru erakundeek onartu ez duten araudi baten arabera kalkulatu diren edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiren batean ordaindu ez diren lanaren atxikipenak edo konturako sarrerak jasan dituzten zergadunak.
  5. Ordainsariak egunbeteko sarika jasotzen dituzten zergadunak.
  6. Arrantzontzietako langileak, baldin eta jasotzen dituzten ordainsariak, osorik edo zati batean, lortutako arrantzaren balioaren partaidetza bat badira.
  7. Emaitzen edo antzeko parametroen arabera ordainsari aldakorrak jasotzen dituzten zergadunak, beti ere ordainsari horiek atxikipen portzentajea edo konturako sarrera zergaren foru arauak 109. artikuluan jasotako moduan kalkulatzeko kontuan hartu direnak baino handiagoak badira.
  8. Salbuespen, hobari, murrizketa, kenkari edo beste edozein zerga onuraz gozatzeko ezarrita dauden baldintza, epe edo zirkunstantzietako bat betetzen ez duten zergadunak, baldin eta horrek berarekin badakar Zerga Administrazioari zirkunstantzia horren berri ematea edo erregularizazio edo diru sarreraren bat egin behar izatea.

Hautazko likidazioa

Aurreko 1 zenbakitik 7 zenbakira jasotako egoeretako batean aurkitzeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa aurkeztera behartuta dauden pertsonek honela aukeratu ahal izango dute: zergaren xedapen orokorren arabera ordaintzea zerga edo soilik lan etekinak kontuan hartuta ordaintzea zerga, ondoko arauei jarraikiz:

  • Lan etekinetarako finkatutako atxikipen portzentajeen taulak aplikatuko dira, sortutako etekin mota horren zenbateko osoaren gainean, salbu zergaren foru arauaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera salbuetsita daudenak. Ondorio horietarako, atxikipenari lotutako etekinen zenbatekoak zehazteko arauak kontuan hartuko dira, bai eta zergaren sortzapen egunean indarrean dauden atxikipen taulen finkapen eta aplikazio arauak ere.
  • Lan etekinei egindako atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa gutxituko zaio aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatu ondoren ateratzen den kopuruari. Hortik ateratzen den kopurua ordainduko zaio Foru Aldundiari, eta zatikatu daiteke. Tributatzeko prozedura hau erabiliz gero, inoiz ez da itzulketarik egingo.
  • Inoiz ez da aplikatuko gastu kenkaridunik, hobaririk, murrizpenik, kenkaririk, baterako tributazioaren erregelarik edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian jasota dagoen beste edozein pizgarririk.