Banakako edo baterako aitorpena. Familia unitatearen kontzeptua

Familia unitate batean sartutako zergadunek bakoitzak bere banakako aitorpena aurkeztu edo baterako aitorpen bakarra aurkeztearen aldeko aukera egin ahal izango dute.

Dena den, familia unitateko kide batek banaka aitortzen badu, familia unitateko gainerako kideek ere banaka egin beharko dute aitorpena.

Aukeraz baliatzea

Familia unitatearen barruan dauden pertsonek elkarrekin tributatzea aukeratzen badute, batera aurkeztu beharko dute aitorpena, familia unitatea osatzen duten kide guztien errentak metatuz.

Zergaldi baterako egiten den aukera aldatu daiteke ondoren, Zerga Administrazioak edozein jarduketa egiten duen bitarte.

Familia unitatearen kontzeptua.

Familia unitatea zeintzuk osatzen duten jakiteko, aitortzen den urteko abenduaren 31n familiak duen egoera hartu behar da kontuan. Familia unitatea bi motakoa bakarrik izan daiteke:

1) Legez bananduta ez dauden ezkontideek, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko kideek, baleude adingabeko seme-alabek, gurasoen baimenaz eurengandik aparte bizi direnean izan ezik, eta judizialki ezinduak diren seme-alaba adindunek, gurasoen aginte luzatu edo birgaitupean daudenean.

2) Senar-emazteak legez banandu direnean edo ezkontza-loturarik nahiz maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoterik ez dagoenean, bai eta horretarako epaileak emandako ebazpena dagoenean ere, familia unitatea gurasoetako batek eta aurreko apartatuan aipaturiko seme-alaba guztiek osatuko dute, norekin bizi diren alde batera utzita.

Familia unitatea osatzeko, seme-alaba guztiak gurasoetako bati bakarrik egotziko zaizkio, bien arteko akordioz.

Akordiorik ez badago, epailearen erabakiz seme-alaben ardura osoa bere gain duen gurasoak osatuko du familia unitatea seme-alaba guztiekin batera. Kasu horretan, bi familia unitate egon daitezke, eta horietako bakoitza gurasoak eta judizialki berari bakarrik egotzi zaizkion seme-alabek osatuko dute. Hori gertatzen denean, familia unitatea osatzeko, beharrezkoa izango da epaileen erabakiz izatea egotzia seme-alabaren baten ardura.

Inork ezin du aldi berean bi familia unitateko kide izan.