714 Ondasun eta eskubide salbuetsiak

Salbuetsi nagusiak:

  • Zergadunaren ohiko etxebizitza, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 90.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.
  • Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria, eta zergadunak erabilera partikularreko dituen gainerako ondasun higigarriak. 10.000 eurotik gorako balioa duten banakako elementuak salbuespen honetatik kanpo gelditzen dira.
  • Eduki ekonomikoko eskubideak, aurrezpen tresna hauetan:
    • Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen kasuan, bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.
    • Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.
    • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian aipatzen diren aurreikuspen plan aseguratuei ordaindutako primei dagozkien eskubide ekonomikoak.
    • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian aipatzen diren enpresen gizarte aurreikuspeneko planei zergadunak egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoak, hartzailearen kontribuzioak barne.
  • Euskal Kultur Ondareko ondasunak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean.
  • Arte-gaiak, zaharkinak eta bildumak, haien balioa erregelamenduz ezartzen diren zenbatekoetara iristen ez denean.
  • Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera ekonomikoei atxikita ez daudenean.
  • Euskal Herrian kokatuta dauden espezie autoktonoko basoak. Ondorio hauetarako, baso autoktonotzat hartuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak edo beste foru erakundeetako departamentu eskudunek ziurtagiri bidez aitortutakoak. Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.
  • Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, baldin eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo lege horretan aurreikusitako Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude.
  • Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.
  • Energia berriztagarrien instalazioak, halakotzat harturik iturri berriztagarrien aprobetxamenduei dagozkienak, baldin eta sortzen duten energia titularraren zuzeneko kontsumorako edo banaketa-sareetara eramateko erabiltzen bada. Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.
  • Nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza edo basogintzako jardueretara nagusiki bideratutako ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera horiek pertsona fisikoek egiten badituzte pertsonalki eta zuzenean, eta ondasun eta eskubide horiek ez badaude atxikita, zergadunaren errenta iturri nagusia diren jarduera ekonomikoei. Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.
  • Jendeak oro har erabiltzekoak diren bidexka, terreno eta instalazioak, haien onura kasuan kasuko herri Administrazioak aitortu duenean. Salbuespen hau aplikatzeko beharkizunak erregelamenduz ezarriko dira.
  • Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauak 13. artikuluan xedatutakoaren arabera salbuetsita dauden etekinen baloreak.
  • Zergatik salbuetsita egongo dira pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta bere errenta iturri nagusia bada. Halaber, salbuetsita daude senar-emazteek edo izatezko bikoteko kideek komunean dituzten ondasun eta eskubideak, ezkontideetako edo bikote-lagunetako baten jarduera ekonomikoan erabiltzen direnean, baldin eta apartatu honetako beharkizunak betetzen badira. Zergadunaren errenta iturri nagusitzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 50 dena delako jarduera ekonomikoen etekin garbietatik datorkion errenta. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko ez aipatutako entitateetan betetzen diren zuzendaritza funtzioen ordainsariak eta ez entitate horietan parte hartzeak dakarren beste edozein ordainsari. Zergadunak berak bi jarduera ekonomiko edo gehiago ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten dituenean, haiei atxikitako ondasun eta eskubide guztiak egongo dira salbuetsita. Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako, errenta iturri nagusia jarduera guztien etekinen batura osoa izango da.
  • Era berean, zergatik salbuetsita egongo dira merkatu antolatuetan kotizatuta edo kotizatu gabe dauden entitateetako partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufrukturako eskubidea, baldintza batzuk betetzen badira.