Aukeratu ondo zure bizikleta

Bizikletarik onena da eman nahi diozun erabilerara eta zure beharretara gehien egokitzen dena.

Gaur egun, bizikleta mota ugari eros daitezke, eta aldaera, kalitate eta osagarri ugari daude

Zure bizikleta aukeratzea errazagoa izan dadin, bizikleta mota nagusien ikuspegi orokorra aurkeztu nahi dizugu labur-labur.


 

Hiriko edo paseoko bizikletak oso erosoak dira; tente gidatzeko aukera ematen dute, eta ikuspena handiagoa dute. Aldagailu, lohi babes, argi, txirrin, eta kate-babes hornituta egon ohi dira.

Bizikleta hibridoak mendiko eta errepideko bizikleten nahasketa bat dira; eskuleku zuzena dute, hirian askoz erosoago ibiltzeko eta bizkarra ez kargatzeko. Abantaila hau dute: errepideetan, bideetan edo hirietan erabil daitezkeela.

Pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak eta trizikloak (bizikleta elektriko izenez ezagutzen direnak) ezin hobeak dira adineko pertsonentzat edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Halaber, malda handiko eremuetan erabiltzeko ere egokiak dira, baita haurrak edo zama astunak garraiatzeko edo 8 km-tik gorako joan-etorriak egiteko ere. Motor bat dute, pedalei eragiten badiegu bakarrik abiarazten dena, eta, horrela, gure indarra biderkatuz laguntzen digute.

Badago modu askoz merkeago bat da zeure bizikleta elektrifikatzea, horretarako prestatutako kitak erabiliz, edo tailer espezializatutara eramanda.

Bizikleta tolesgarriak hirietan erabiltzeko pentsatuta daude, eta, batez ere, trenetan edo autobusetan eramateko. Arinak dira eta, behin tolestuta, ia ez dute tokirik hartzen; beraz, edozein lekutan gorde daitezke. Gainerako bizikletekin erkatuta, alde nagusia da gurpil txikiagoak izaten dituztela eta, horregatik, ezegonkorxeagoak direla eta ez direla arruntak bezain azkarrak.

Trizikloak aukera on bat dira arazo fisikoren bat dutenentzat eta egonkortasun handiko ziklo bat bilatzen dutenentzat. Gainera, aukera ematen dute pedalei oso poliki eragiteko, erortzeko arriskurik gabe; eta gainerako zikloek baino zama-edukiera handiagoa dute.

Bizikletek eta zama-trizikloek zama astunak eta/edo haurrak garraiatzeko duten gaitasun handia dute erakargarritasun nagusitzat. Izan ere, aurreko edo atzeko zama-gune bat dute, koadro eta hagun sendoak dituzte, eta grabitate-zentro baxuagoa izanda errazago gidatzen dira. Bere eragozpen nagusia tamaina eta pisua dira. Hala ere, hori, izaten duten laguntza elektrikoarekin konpontzen da, neurri handi batean.



 

Mendiko bizikleta gaur egun gehien saltzen den bizikleta-mota da.

Erabilera anitz izan ditzake eta lur mota guztietan ibiltzeko erabil daiteke; hori horrela, bizikleta bakar batez, gure behar gehienei erantzun geniezaieke.

Mendiko bizikletaren pneumatikoak zabalak dira, eta, horri esker, erosoagoak eta erabilerrazagoak dira, eta gehienetan plater hirukoitza dute, aldapa handiak igotzea erosoagoa izan dadin.

Bere pneumatiko zabalak ordez azal leuneko pneumatiko estuago batzuk jarriz gero, gure BTT bizikleta hirian ibiltzeko egokiago bihur dezakegu, pneumatiko estuak errodadurarekiko erresistentzia txikiagokoak baitira eta, horrela, pedalei errazago eragingo baitiegu.



 

Zakuto txirrindularitzarako bizikleta sendoa eta —ahal dela— arina aukeratu behar da.

Bizikletarik egokienak hauek dira: mendikoak, hibridoak, gravel bizikletak edo etzanak (soilik ibilbide lauetarako). Izan ere, horiek duten sendotasunari eta moldakortasunari esker aukera izango duzu errepidean zein pista edo bide aldapatsuagoetan ibiltzeko.



 

Lasterketetako edo errepideko bizikletak errepideko kirol-txirrindularitza praktikatzeko diseinatuta daude.

Oso arinak dira. Pneumatiko oso estuak dituzte, eta jarrera baxurako eskulekuak. Horri esker, txirrindulariak posizio aerodinamikoa har dezake, eta, aldi berean, pedalei eragiten die bere indarra modu eraginkorrean erabiliz.



 

Tandema bizikleta mota bat da, bi pertsona —gutxienez— ibiltzeko balio duena; koadroa, gidarientzako zelak eta pedalak ditu. Biela guztiak kate batez lotuta daude, eta bi txirrindulariek aldi berean eragin behar diete pedalei, eta aldi berean gelditu, ezinbestez.

Tandemak itsuei edo ikusmen-urritasuna duten pertsonei bizikletaz ibiltzeko aukera ematen die, aurrean doanak gidatzen baititu, haiek atzeko aldean jarrita.

Errepideko tandemez gain, badaude baita ere mendikoak, etzanak, tolesgarriak eta trizikloak.


Gipuzkoa Bizikletaz

Gehiago jakin nahi duzu?

Gipuzkoa Bizikletaz gehiago ezagutu nahi baduzu bisitatu gure harremanetarako orria.