Bizikletaren Dokumentazio Zentroa

Zikloteka bizikleta bidezko mugikortasunean espezializatutako dokumentazio zentroa da, espazio birtuala eta fisikoa duena (Donostian kokatuta). Bere dokumentu-baliabideak profesionalei, erakundeei eta interesa duen publikoari doan eskaintzen dizkie.

Eduki tekniko-administratiboa duen dokumentazioa gordetzen eta antolatzen da Ziklotekan, baina baita izaera zientifikoa, dibulgatzailea edo aldarrikatzailea duena ere. Bere ondare dokumentalak paperean edo euskarri digitaletan eskaini daitezke, kasuan kasu.

Azken 25 urteotan eguneroko txirrindularitzari buruzko lan, azterketa eta material ugari sortu da. Dokumentazio hori, orain arte oso sakabanatuta, bizikletaren eta bizikleta bidezko mugikortasunaren esparruetako ezagueraren ondarea da, eta gure lurraldean eguneroko mugikortasunerako bizikletaren erabilera normalizatzeko esfortzuaren islada da.

Ondare dokumental hori identifikatzeko, biltzeko eta bere zabalpena egiteko dagoen interesa dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristina Enea Fundazioak Zikloteka eratzeko protokoloa sinatu zuten 2015ean, bizikleta bidezko mugikortasunean espezializatutako dokumentazio zentroa sortzeko, alegia.

Hiru urte geroago, 2018an, Ziklotekaren lurralde esparrua hedatu egin da Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide diren 550 hirietara, izenpetutako lankidetza hitzarmen baten bidez. Hitzarmen horren ondorioz, Ziklotekaren zerbitzuak sareko erakundeetara zabaldu dira.

Halaber, dokumentazio zentro honekin elkarlanean aritzen dira ConBici bizikletaren aldeko koordinakundea, hiriko txirrindularien 60tik gora erakunde elkartzen dituena; eta Ciclosfera, hiriko txirrindularitzari buruzko aldizkaria, Estatu espainiarrean erreferentea dena.