Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga

Azalpena eta erabili beharreko ereduak

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga zeharkako tributua bat da, eta zerbitzu digital jakin batzuen prestazioak zergapetzen ditu, baldin eta zergaren aplikazio lurraldean dauden erabiltzaileek esku hartzen badute zerbitzu horietan. 

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren zergadunak dira Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zergari buruzko uztailaren 16ko 6/2023 Foru Dekretu Arauemailean 8. artikuluan aipatzen direnak. Zehazki, pertsona juridikoak eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak, likidazio aldiaren lehendabiziko egunean honako bi muga hauek gainditzen badituzte:

a) aurreko urte naturaleko negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurotik gorakoa izatea; eta
b) zergari lotuta dauden eta aurreko urte naturalari dagozkion zerbitzu digitalen prestazioengatik izandako diru sarreren zenbateko osoa 3 milioi eurotik gorakoa izatea, behin 10. artikuluan jasotako arauak aplikatu ondoren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde horretan eman dituzten zerbitzu digitalen bolumenaren proportzioan exijituko die zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga zergadunei, zerga helbidea edozein tokitan dutela ere.

Proportzio hori bi zenbaki dezimaletan biribildutako portzentajean adieraziko da, eta Gipuzkoan zergari lotuta egindako zerbitzu prestazioengatik lortutako diru sarrerek lurralde guztietan lortutako diru sarrera osoekiko duten portzentajearen arabera zehaztuko da. Ondorio horietarako, diru sarreren zenbatekotik kanpo utziko da balio erantsiaren gaineko zerga, eta baita pareko beste zerga batzuk ere.

Zerbitzu digitalak lurralde erkidean edo foru lurraldean emandakotzat joko dira, erabiltzaileak dauden tokiaren arabera, eta zergaren araudian jasotako kokapen arauen arabera zehaztuta. 

Zerga honi lotutako eredua honako hau da:

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren zergadunek 490 ereduaren bidez aurkeztu beharko dituzte autolikidazioak, bai eta, hala badagokio, zerga zorra ordaindu ere. Autolikidazioaren emaitza ordaintzekoa edo itzultzekoa izan daiteke, edo ordaintzeko kuotarik ez izatea gertatu daiteke (zero euroko kuota); azken kasu horretan autolikidazio eredua ere aurkeztu beharko da.