Fraisoroko finka esperimentala eta upeltegi esperimentala

Fraisoroko Finka Esperimentala Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Fraisoroko Ingurumen eta Nekazaritza Laborategiaren ondoko finka mugakidean kokaturik dago.

Zizurkilgo udalerriko hego-ekialdean dago, Elbarrena auzoan. Herri hori Oria ibaiaren erdiko arroan dago, Tolosaldea eskualdean. Donostia, Lurraldeko hiriburutik hegoaldera, 20 km-ra eta Tolosa, eskualdeko burutik iparraldera, 9,5 km-ra. Gipuzkoako probintziaren ipar-ekialdean kokaturik dago, Getariako Txakolina Jatorri Deiturak hartzen duen lurraldearen barrenean, itsas mailaren gaineko 75 metroko kotan.

Finkako lursailek guztira 4,70 ha-ko eremua hartzen dute, horietatik 1,8659 ha erabiltzen dira mahastietan; malda ertainean daude eta mekaniza daitezke.

Germoplasma banku batean lehen hautaketa egin ondoren, bilduriko Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen barne-aldakortasun genetikoa atxikitzea da Finkaren helburua. Gainera, landaketa "konparazio lursail" gisa diseinaturik dago, etorkizunean egin litekeen hautaketa klonal eta sanitarioari begira. Aldi berean, mahasti hori mahastizainentzako zentro esperimental erakusle gisa erabiltzen da; bertan zenbait proiektu garatzen dira Hondarribi Zuria eta Beltza sakonago ezagutzeko eta haietatik lorturiko produktuen kalitatea hobetzeko. Azkenik, mahasti honek erreferentzia gisa balio du jarduera honetan abiatzen diren mahastizain eta upeltegientzat, baita mahastizaintza berria garatzeko ere. Hala beraz, saio espezializatuen bidez, Gipuzkoako mahats ekoizleak teknologia aldetik orientatu eta laguntza ekartzeko balio du.

Hortaz, kontsulta eta aholku zentro baten funtzioak betetzen ditu ekoizleentzat, oro har. Horren osagai gisa, Ingurumen eta Nekazaritza Laborategiak berak analisi eta kontrol ekologikoak, fisiko-kimikoak eta zentzumenezkoak eskaintzen ditu, hala sagardoei nola txakolinei dagokienez.

Bestalde, Fraisoroko Ingurumen eta Nekazaritza Laborategiaren instalazioetan beretan kokaturik dagoen Upeltegi Esperimentalak hala sagardo nola txakolin ekoizleei ezagupenak transmititzea ahalbidetzen du.

Esperimentazio lanek teknologia eta prozedura berriak bereganatzea ahalbidetzen du, kondizio tekniko eta ekonomiko onenetan. Ezagupen horiek zabaltzeak ezaguera dakarkio sektoreari.

Ondoko instalazioak ditu: Upeltegi Esperimentala eta hotz ganberak dauzkaten eraikinak; altzairu herdoilgaitzezko deposituak, hozteko gainazalez hornituak; hozteko, geldotzeko eta klimatizazio ekipamenduak; eragiketen eta deposituen kontrol informatikoa, prentsa pneumatikoa, botilaratzea, etiketatzea, etab; biltegia.

Germoplasma bankua

Finkako mahastiak Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen aldakortasun genetikoaren landare kontserbatorio gisa balio du, hautaketa masal edo poliklonal prozesu baten ondoren. Hala, barietate barneko heterogeneotasuna gorde eta aztertu nahi da, geroagoko hautaketa klonal eta sanitario baten oinarri gisa balio ahal izan dezan.

Kontserbatorioa edo bilduma balio estatistikoa duen hautaketa alor edo konparazio sail gisa diseinatu da. Fase horretan klonak alderdi agronomiko, sanitario, enologiko eta organoleptikoetan ezaugarrituko dira.

2012an lehen hautaketan 301 aldaera somatiko bereizi ziren, eta azkenean haietako 281 aldaera somatiko desberdinetatik (202 zuri eta 79 beltz) hartu zen materiala. Adabetarte motz infekzioso biribilkatuaren birosiari zegokion egoera sanitarioa kontrolatu zen,. Horren ondorioz, egiaztatu ahal izan zen bilduriko 202 aldaera zurietatik, 35ek birosiren bat zutela (% 17,32), eta gainerako 79 beltzetatik, 22k birusen bat edo batzuk zituztela (% 27,84). Era berean, mahatsondo bakoitzaren alderdi agronomikoak eta enologikoak aztertu ziren. Agronomiaren aldetik, zenbait motatako datuak hartu ziren: emankortasunari dagozkionak (mordo kopurua 5 aihenetan), mordoaren trinkotasuna eta aldaera bakoitzaren baiaren tamaina. Enologiari dagokionez, aldaera somatiko bakoitzaren balio batzuk neurtu ziren: pH-a, azidotasun malikoa, dentsitatea, brix gradua eta gradu probablea.

Hondarribi Zuriaren eta Beltzaren aldaera somatiko horiekin batera, kanpoko 20 barietate landatu dira, hala zuriak (14) nola beltzak (6), Gipuzkoako kondizioetarako moldaera maila aztertzeko, kontuan izanik txakolinarekiko osagarritasuna eta ekarpen enologiko posibleak.

Barietate zuriak: Chardonay, Riesling, Sauvignon-blanc, Albariño, Petit-courbu, Gros-courbu, Gros-manseng, Petit-manseng, Viura, Verdejo, Treixadura, Caiño-blanco, Albarin-blanco eta Loureiro.

Barietate beltzak: Pinor-noir, Merlot, Tannat, Gewurztraminer, Cavernet saugvinon, eta Gamay.

2013-2014ko neguan aldaera somatiko bakoitzeko15 ale landatu ziren, 3.309-C txertakan eta 2,3x1 m-ko landaketa esparruan.

Sail landuaren diseinua osatugabeko ausazko blokeei dagokio: bost mahatsondoko hiru errepikatze aldaera bakoitzeko. Diseinu berezi horrek balio estatistikoa duten konparazioak egitea ahalbidetzen du. Hala beraz, sail hau aldaerak babesteko helburuaz gainera, hautaketa eta ikerketa egin ahal izateko diseinaturik dago.

Azkenik, eta finkak orobat mahastizaintzan aurrerapen teknologikoen erabilera sustatzeko balio izatea helburu, saila ardogintzarako azken belaunaldiko makineriaren erabileran erreferentzia izan dadin asmoa dago: mahatsa biltzeko makinak, inaustekoak, muturrak moztekoak, ingurumenarekin begirunetsuak diren tratamenduak, landare estalkiaren erabilera, etab.

Halaber, mahasti ereduak saiatzeko gune bat antolatzen ari da.

Sail txiki bat diseinatu behar da bestelako gidatze sistemak aztertu eta saiatzeko, parralaz landa.

Lan ildo esperimentalak ardogintzan

  • Germoplasma banku bat jartzea, galtzeko bidean dauden antzinako landare aldaerak bildu, gorde eta aztertzearren.
  • Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen zenbait klonen azterketa eta jokabidea.
  • Kanpoko vinifera esperimentalen azterketa eta jokabidea, eta ingurunera egokitzea.
  • Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen jokabidea hainbat estandarretan.
  • Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen jokabidea zenbait gidatze sistematan.
  • Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateen azterketa eta jokabidea Royat inausketa sistemaren aurrean.
  • Mahastiko lurzorua mantentzeko teknika idealak zehaztea: herbizida botatzeko garaiaren eragina saileko ilararen landare estalkiaren kontrolari dagokionez.
  • Mahastiaren defentsa finosanitariorako sistema onenak ezartzea, borroka integratuaren mekanismoak lehenetsiko direlarik. “Zero hondakin”eko gai aktiboez hornituriko fungizida batzuen jokabidea.

Lan ildo enologiko esperimentalak. Upeltegi esperimentala.

  • Gipuzkoako barietateentzako ardogintza teknika onenak zehaztea, arazo espezifikoei kasu eginez.
  • Entzima komertzialen erabilera eta konparazioa, txakolin muztioak ateratze eta argitzerakoan.
  • Bertako eta merkatuko legamia batzuen jokabidea sagardo eta txakolinen hartzitzerakoan.
  • Egindako ardoak ezaugarritzea, desberdintze elementuak eman ditzaketen parametro fisiko-kimiko eta biologikoen arabera..