Gipuzkoako Klima-Aldaketaren Aurkako Borroka-Estrategia 2050

Klima-aldaketa dugu mende honetako ingurumen erronka nagusia.

2014ko ebaluazio txostenean, Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC, ingeleseko laburtzapenaz) agerian jarri zuen klima-sistemaren aldaketa ukaezina dela eta horren eragile nagusia giza jarduerek eragindako Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak direla. Adituek azpimarratzen dute ezen egungo klima-aldaketak eta izango dituen ondorioak mendeetan zehar segituko dutela, nahiz orain mugatu berotegi efektuko gasen emisioak. Aitzitik, emisioei bridarik jartzen ez bazaie, klima-sistema orokorreko aldaketak are handiagoak izango dira, eta gora egingo du sistema sozioekonomikoetan eta naturaletan ondorio larri, orokortu eta itzulezinak gertatzeko aukerak. IPCCk bere azken txostena prestatzeko ebaluatu dituen BEG emisioen egoera guztietan tenperaturaren gorakada aurreikusten da, eta oso aukera handia dago, halaber, bero-boladek ere gora egiteko bai maiztasunez bai intentsitatez, uhar edo jasa izaerako prezipitazio aldiak luzeagoak eta intentsitate handiagokoak izateko, ozeanoak azidotzeko eta itsasoaren batez besteko maila orokorrak gora egiteko.

Etorkizuneko perspektibak nazioarte mailan hartzen diren erabakien eta ezartzen diren bide-orrien mendean badaude ere, horiek toki mailako konpromisoak eta neurriak behar dituzte osagarri.

Ildo horretatik, 2015ean Eusko Jaurlaritzak 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia -KLIMA 2050 prestatu zuen, gobernuko sail guztiek partekatutako tresnatzat, orain arte inplementatutako neurriak sendotu eta garapen iraunkorreko etorkizuna diseinatzea ahalbidetuko duten beste berri batzuk hartzearren.

KLIMA 2050 estrategia Eusko Jaurlaritzaren tresna transbertsaltzat sortu bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundia klima-aldaketaren kontrako borroka, zuzenean edo zeharka, politika sektorialen bidez ari da gauzatzen.

Hala ere, orain Gipuzkoako Foru Aldundiak bere politika guztiekiko transbertsala den klima-aldaketaren aurkako borroka-estrategia propioa bat definitu du.