Itsas inguruneko zaborra mundu mailako arazo bat da, egunetik egunera handituz doana, eta ezinbestekoa dugu arazoa konpontzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea.  Europako Ingurumen Agentziak adierazi duenez, urtero 10 milioi tona zabor iristen da munduko itsaso eta ozeanoetara. Era berean, egindako kalkuluen arabera, zaborraren % 80 lehorretik dator; neurri handi batean, jendearen kontzientziazio ezagatik, eta horrek sortzen du hondakinen isurketa kontrolik gabekoa, aurrena ibaietara doana, eta handik itsaso eta ozeanoetara.  

Bizkaiko Golkoa ez dago arazo horretatik kanpo, eta egoera hori ikusirik, LIFE LEMA izeneko proiektua jarri zen abian 2016ko irailean, Bizkaiko Golkoko hego-ekialdean dagoen itsas zaborraren arazoa hobeto ezagutzeko eta itsas zaborraren aurkako borrokan aurrera egiteko.

Proiektua Europako Batzordearen Life programarekin batera finantzatuta zegoen eta 36 hilabeteko iraupena izan zuen, 2016ko irailetik 2019ko irailera, hain zuzen. Sei bazkidek osatutako nazioarteko lantalde batek osatzen zuen, Gipuzkoako Foru Aldundia buru zela; horrez gain, parte hartu zuten AZTI eta Rivages Pro Tech-Suez ikerketa zentroek, Syndicat Mixte Kosta Garbia eta Biarrizko Udala erakunde publikoek, eta Surfrider Foundation Europe gobernuz kanpoko erakundeak.  

Hiru urte hauetan kontsortzioak hainbat lan ildo izan ditu, besteak beste, honako hauek: 

  • 42,76 tona zabor jaso da itsas azaletik, arrantza ontziak eta garbiketa ontziak kontratatu eta horretarako prestatu ondoren. Bildutako elementu kopuruari dagokionez, aurkitu diren zabor ohikoenak plastikozko piezak, sokak eta plastiko edo poliestirenozko beste gauza batzuk izan dira, eta horrek jasotako zabor guztiaren % 71,43 baino gehiago egiten du.

  • Mikroplastikoen laginketa kanpainak egin dira. Emaitzek agerian utzi zuten zaborra ez dela berdin banatzen kostalde guztian zehar, eta, batez beste, zabor gehiago pilatzen zela Frantziako kostaldean.

  • Zaborrak denbora errealean monitorizatu dira: Oria eta Aturri ibaien bokaleetan, bideo sistemak erabilita; eta itsaso zabalean, aireko sistemak (dronak) erabilita, eta Bizkaiko Golkoko hego-ekialdeko zaborraren banaketa modelatuta.

  • Tresna bat garatu da itsasoan flotatzen ari den zaborra pilatzeko probabilitate gehiago duten tokiak zeintzuk diren aurreikusteko. LEMA tresnak, besteak beste, lehentasunezko jarduketa eremuei buruzko iragarpenak egiten ditu, hainbat datu denbora errealean integratuz, hala nola eredu ozeanikoetakoak eta urrutiko bideo-monitorizaziokoak, horrela, itsasoan flotatzen ari den zaborra biltzeko jardueren eraginkortasuna areagotu ahal izateko.

  • Deba ibaiaren bokalean hesi flotatzaile bat jarri da, ibaian flotatzen duten zaborrak atxikitzeko neurri gisa duen eraginkortasuna aztertzeko.

  • Garbiketa zerbitzurik ez duten kaletako zaborra monitorizatu da.

  • Itsas zaborren eraginari buruzko komunikazio eta zabalkunde jarduera ugari egin dira (erakusketak, bideoak, artikuluak eta abar).

 


Ondorengo dokumentuan  LEMA proiektuaren barruan egindako jardueren laburpen teknikoa jasotzen da:

Beste alde batetik, proiektua bukatuta egon arren, hurrengo hiru urteetan (2019-2022) gai horren inguruan lanean jarraituko dugu. Horrela, hainbat ekintza definitu dira, honako arlo hauetan eragiteko: dibulgazioan, proiektuan zehar diseinatutako teknologien garapenean, itsasoko zabor flotatzailearen bilketan eta Bizkaiko Golkoko hego-ekialdean gaur egun garatzen ari diren eta etorkizunean garatu daitezkeen beste proiektu batzuekiko elkarreraginean.

Proiektuari buruzko informazio gehiago, proiektuaren web orrian (www.lifelema.eu) eta honako sare sozial hauetan:

https://es-la.facebook.com/lifelema-339587689748461/

https://twitter.com/Life_LEMA

https://www.instagram.com/lifelema/

 

LIFE LEMA proiektuaren bazkideak dira: