Ibon Sarasola - 2017

Ibon Sarasola (1946, Donostia) EHUko letren fakultatean Euskal Filologiako katedraduna da eta euskaltzain osoa 1988tik aurrera. Hiztegigintzan eta lexikografian aritu da bereziki, 1976an euskal hiztegi arauemailerako txostena aurkeztu zuenetik. Koldo Mitxelena euskaltzaina hil geroztik, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) (1987-2005) eta ondorengo Euskaltzaindiaren Hiztegia (2012) egitasmoen zuzendari izan da. Hainbat lan argitaratu ditu lexikografiaz, dialektologiaz eta euskal literaturaren historiaz, baita saiakerak, poesia eta narrazioak ere. 1997an argitaratu zuen Euskara batuaren ajeak saiakerak oihartzun handia izan zuen. 1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak lagundu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen, Patxi Altuna, Joseba Lakarra eta Blanca Urgellekin batera.

Euskararen zabalkundea hein handi batean euskara batuari zor zaio, hizkuntzaren hedapenerako euskara batua ezinbesteko tresna izan baita. Koldo Mitxelenak esan zuen tresna zorrotza behar zuela euskarak, ez kamutsa. Ibon Sarasolak tresna hori zorrozteko garaian punta-puntako ekarpena egin du.