Atzealdea Abuztuak 12: Gazteriaren Nazioarteko Eguna

#YOUTHDAY: gazteen egoerari buruz kontzientziatzeko, abuztuan antolatzen den nazioarteko eguna da

2020/08/12


Urtero, abuztuaren 12an, Nazio Batuek 1999an ezarritako egun hau ospatzen da, Gazteentzako Mundu-mailako Ekintza Programaren kontzientziazio handiagoa bultzatzeko. Urtero gai bat aukeratzen dute gazte-erakundeekin, Informazio Publikoko departamentuarekin eta Nazio Batuen Sistemako beste bulego eta agentzia batzuekin batera.

Programa honek munduko gazteak animatzen ditu beren herrialdeetan gazteen egoerari buruz kontzientziatzeko jarduerak antolatzera.

 

2020ko gaia: "Gazteen konpromisoa mundu mailako ekintzetan".

 

Bizi dugun krisi egoera honek agerian jarri du erronka eta mehatxuei era eraginkorrean aurre egin ahal izateko modu kontzertatuan aritu behar garela, eta prozesu horretan gazteen parte-hartzea ezinbestekoa da.

Gazteek mekanismo politiko formaletan parte har dezaten ahalbidetzeak prozesu politikoen ekitatea areagotzen du eta politika hobeak eta jasangarriagoak egiten laguntzen du. Gainera, gaur egun gizateriak aurre egin behar dien erronka gehienek, hala nola COVID-19ren agerraldiak eta klima-aldaketak, itundutako ekintza globala eskatzen dute, bai eta gazteen konpromiso eta parte-hartze esanguratsua ere, modu eraginkorrean heldu ahal izateko.

 

Lanaren Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du 2020ko lehen hiruhilekoan, munduko lanorduen % 5,4 gutxi gorabehera galdu zela, hau da, lanaldi osoko 155 milioi lanpostu galdu zirela 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta. COVID-19ren eragin ekonomikoa oraindik neurtu ezina den arren, paradigma honetan gazteak lan merkatuan sartzea zaildu egingo da.

 

Bestalde, hainbat eta hainbat dira COVID-19aren ondorioei aurre egiteko gazteek garatu dituzten ekimenak; arriskuan dauden edo pandemiaren eraginpean dauden biztanleak laguntzeko helburuarekin. Gehienak borondatezkoak dira, adibidez edadetuei edo arrisku-egoeran dauden pertsonei elikagaiak erosi eta entregatzen ari diren gazteak. Hala ere, badira gazteek bultzatutako gizarte-enpresak ere, enpresa berriei laguntza eskaintzen dietenak sortzen ari diren arazoei irtenbide eraginkorrak garatzeko.

 

Informazio gehiago

#YOUTHDAY  #IYD2020