Atzealdea Bertan behera Udalekuak 2020

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek erabaki dute bertan behera uztea «Udalekuak 2020» programa partaide guztien osasuna eta segurtasuna lehenesteko.

2020/05/15


 

Hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko umeei 4.000 plaza (1.360, Bizkaian; 1.110, Gipuzkoan eta 1.530, Araban) eskaintzen zizkien programa hau bertan behera utzi da partaide guztien osasuna eta segurtasuna lehenesteko.

 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek erabaki dute bertan behera uztea «Udalekuak 2020» programa, 2020ko udako kanpamentuen kanpainan sartutako ume eta pertsona guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko. COVID-19aren hedapena eragozteko, osasun-arloko agintariek egindako gomendioak kontuan hartuta geldiarazi da hiru lurraldeetako zazpi eta hamahiru urte bitarteko umeei 4.000 plaza eskaintzen zizkien programa hau. 

 

Gipuzkoa 

Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu  aurtengo "Udalekuak2020" eta "Gazte Oporraldiak" kanpainak, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean izatekoak zirenak. Aurten Aldundiak 1.150 plaza eskaini behar zituen 7-13 urte bitarteko umeentzat (Udalekuetan) eta 386 plaza 14-17ra bitarteko gazteentzat (Gazte Oporraldietan).

 

Era berean, Gipuzkoak erabaki du eutsi egingo diela astialdiko erakundeentzako laguntzei, behin jarduera esparruak eta protokolo egokiak definitzen direnetik aurrera.

 

Aurreikusten da laguntza horiek aurki iragarriko direla, eta bideratu direla udaleku irekiak (gauak igaro gabe, alegia) egitera.

 

Araba 

Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen kasuan, Udaraba 2020 kanpaina bertan behera utzi da. Uztailaren 1etik abuztuaren 11ra bitartean garatzea aurreikusita zegoen 7 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, guztira, Udakeluak programako 1.940 plaza eskaini ziren (1.530 gainerako aldundiekin partekatuta eta 410 Arabarako bakarrik), eta Gazte Bidaiak programako 571 plaza.

 

Azken programa hori beste erkidego batzuetan ere garatzen da, eta edizio honetan Holandan egitea aurreikusita zegoen; beraz, programa bertan behera utzi behar izan dugu mugikortasun murrizketengatik, segurtasuna bermatzeko, osasuna babesteko eta gazteen, antolatzaileen, kontratatutako hirugarrenen, senideen eta gizarte ingurunearen artean kutsatzeak saihesteko.

 

Bizkaia 

Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi du «Udalekuak 2020» kanpaina, zeina uztailaren 1etik 29ra egitekoa baitzen. Edizio honetan, foru-erakundeak 1.360 plaza eskaintzen zizkien 7 eta 13 urte bitarteko umeei.