Atzealdea Bir-Ziklatu, Gipuzkoan bizikletak berreskuratzeko proiektua

Proiektu honen helburua da bizikleta abandonatuak edo erabilerarik ez dutenak berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta baloratzeko sistema publiko-sozial bat ezartzea

2020/09/22


Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Bir-Ziklatu proiektua jarri du abian, Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean.

 

Bizikliten bizitza erabilgarria bukatu ez arren, kalean abandonatuta geratzen dira, udal-biltegietan edo hondakinak tratatzeko zentroetan pilatuta. Herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko eta hondakinak alferrik ez sortzeko, bizikleta horiek berreskuratu eta kontsumoko eredu alternatibo bat sortzea du helburu egitasmo honek. Bir-Ziklatu proiektuak lau esparrutan lan egitea planteatzen du:

 

  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta mankomunitateen arteko lankidetza-hitzarmenak formalizatzea. Horri esker, hondakinen bilketa-, aukeraketa- eta tratamendu-prozesuetan bizikleten eta hauen osagaien tratamendu bereizia ziurtatu nahi da; gerora, bizikleta horiek irabazi-asmorik gabeko erakundeei emateko, haiek bizikletak konpondu eta berrerabil ditzaten.

 

  • Irabazi-asmorik gabeko tailer kolaboratiboak sortzea, erabilerarik ez duten edo abandonatuak dauden bizikletak konpontzeko eta berrerabiltzeko.

 

  • Erabilerarik ez duten bizikletak konpontzeaz, birziklatzeaz eta berrerabiltzeaz arduratzen diren erakundeek osatutako sare bat antolatzea.

 

  • Berreskuratutako bizikleta horientzako kalitatezko labela ezartzea, gizarte- eta ingurumen-baldintza jakin batzuk betez, gizarte-ekimeneko erakundeek konpondu dituztela ziurtatzeko.

 

Mugikortasunaren Europako Astean

 

Mugikortasunaren Europako Astea dela-eta, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatu Rafaela Romerok eta Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko diputatu José Ignacio Asensiok Gurpil Artea elkartearen Errenteriako tailerra bisitatu dute. Bertan, urtero, San Markos Mankomunitatetik eta Errenteriako Udalak duen ibilgailuen gordailutik jasotako erabilerarik ez duten ehun bizikleta baino gehiago konpontzen dituzte.

 

Rafaela Romeroren esanetan, “beste herrialde batzuetan —Frantzia edo Alemania, adibidez— elkarlaneko tailerren sareek izan dituzten emaitzak oso baliagarriak izan dira; izan ere, hondakinak murrizten laguntzeaz gain, bizikletaren inguruan jarduera ekonomikoa sustatzen dute, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna bultzatuz”. Tailerren artean ikasteko eta elkarri laguntzeko sinergiez gain, sareak sortzeak joera positiboak areagotzen ditu, eta herritarrengan eta hauen birziklatze- eta kontsumo-ohituretan eragin handiagoa du”.

Bestalde, José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “garapen jasangarriak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitea eskatzen du, lehengaien erabilera ahalik eta gehien murrizteko eta emisioak minimizatzeko. Birziklapenaren sektorea eta ekonomia zirkularra funtsezkoak dira Gipuzkoa ekonomia berde berrian erreferente bihurtzeko”.

 

Gurpil Artea elkarteak Oarsoaldean abian jarri duen ideia arrakastatsua Gipuzkoako beste eskualde batzuetara eramatea du helburu Bir-ziklatu proiektuak. Mugikortasun iraunkorragoa sustatzen duelako eta beharrezkoa ez den hondakinen sorkuntza saihesten laguntzen duelako.

 

Romero diputatuak proiektuaren ahalmena azpimarratu du: “gure kalkuluen arabera, Bir-Ziklatu proiektuaren bidez, erabilerarik ez duten 800 bizikleta berreskuratu ahal izango dira urtean, Gipuzkoan dugun 353 kilometroko bidegorri-sarera itzultzeko prest”.

 

Bestalde, Europa osoan irailaren 16tik 22ra ospatu zen Mugikortasun Jasangarriaren Asterako aurreikusitako ekintzen artean, Mugi txartelaren titularrek euren bizikleten azterketa doan egiteko programa aurkeztu zuen Rafaela Romero diputatuak. Bizikletaren erabilera bultzatzea zuen helburu ekimenak eta atxiki ziren lurralde osoko zazpi establezimenduetakoren batean garraio-txartela erakutsiz soilik lortzen zuten bizikleten azterketa.

 

Mugikortasuneko ohituretan sakontzea bilatzen zuen online galdeketa bat osatu ondoren, ekintza honetan parte hartu duten erabiltzaile guztiek 100 euroko 4 bonuren (denda bakoitzeko 2) zozketan parte hartuko dute. Bonuak materiala erosteko edo konponketak egiteko erabili ahal izango dituzte.

 

Rafaela Romerok azpimarratu duenez, “bai garraio publikoa bai bizikleta gure mugikortasun-politikaren ardatz nagusiak dira eta, lurraldeko herritarren laguntzarekin, politika horrek guztiok nahi dugun Gipuzkoa konektatura eta jasangarrira hurbiltzen gaitu”.