Atzealdea Erasmus +: Hizkuntza gutxituei buruzko egitasmoan Euskal Herriko eta Irlandako 32 nerabek parte hartuko dute.

Egitasmo honen helburu nagusia da gazteen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko hausnarketa bultzatzea.

2019/10/01


 

Zizurkilgo eta Elgoibarko Udalek, elkarlanean, Europa mailako mugikortasun-proiektu hau garatuko dute, hizkuntza gutxituen inguruko sentsibilitatea duten nerabeei zuzenduta.

Gainera, ekimen honetako kide izango dira Donibane Garaziko Lizeo Publikoa eta Galway-ko (Irlanda) Muintearas Teo elkartea ere.

Gazteak eta hizkuntza gutxituei buruzko egitasmo honek, halaber, Erasmus+ markoaren barnean eta Europako beste gazteekin batera garatuz, indarra jarri nahi du kulturartekotasunean ere.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du Gaztematikaren baitan (Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako sarea); eta Eusko Jaularitzak ere diruz lagundu du.

Egitasmoan parte hartuko duten gazteek astebeteko bi egonaldi egingo dituzte: bata Irlandan (Galway-n) urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta bestea, Hondarribiko aterpetxean abenduaren 2tik 9ra.

ZIZURKILGO AURKEZPENA

Irailaren 24an Zizurkilgo alkate Iker Urruzolak eta Gazteria zinegotzi Maite Amenabarrek ekimena aurkeztu zuten herrian.

Bertan azpimarratu zen Zizurkilgo Udalak urteak daramatzala Gaztezuloren bidez 9-12 eta 13-17 urteko nerabeekin lan egiten. Baina, azken urteotan, euskararen erabilerekiko kezka sortu dela, Gaztelekuko erabiltzaile helduenetan gaztelaniarako joera nabaritzen hasi delako. Hain zuzen ere, kezka hori abiapuntu hartuta hasi zen proiektua.

*Zizurkilgo Plazida Otaño Liburutegiko Areto Balioanitzean egindako prentsaurrekoaren irudia (2019/09/24)

ELGOIBARREN AURKEZPENA

Elgoibarren, Ane Beitia Alkateak eta Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta  Gazteen Sustapeneko zinegotziak parte hartu zuten irailaren 25eko aurkezpenean. Erasmus Plus programaren baitan garatuko den proiektuaren berri  eman zuten, eta han sortutako galderei erantzuna emateko tartea ere egon zen.

 

*Elgoibarko gaztelekuan egindako aurkezpenaren irudia (2019/09/25)

 

TOPAKETA GAZTEGUNEN

Bestalde, irailaren 28an, proiektuan parte hartuko duten Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteek elkar ezagutzeko aukera izan zuten, Aldundiaren Gaztegunen egindako topaketan.

Guztira, Elgoibar, Zizurkil eta Donibane Garazitik etorritako 20 gazte elkartu ziren.  Topaketan egitasmo honetan parte hartzeko duten motibazioaz hitz egin zen, bereziki.

Elkar ezagutzeko dinamika batzuk ere egin ziren, eta proiektuan zehar izango dituzten jokabide, arau eta betebeharrak adostu ziren. Tarte berezia eskaini zitzaion euskarak eta gaelikoak proiektuan izango duten garrantzia aztertzeari.

Era horretan, urriaren 29an Irlandara joaten direnean, gazteek dagoeneko elkar ezagutuko dute eta errazagoak izango dira guztien arteko elkarbizitza eta proiektua beraren garapena.

 

Truke horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren errealitatea ezagutuko dute eta “Gazteak eta Hizkuntza gutxituak” gaiaren inguruko tailerrak egingo dituzte, herrialde bakoitzeko gazteek beren hizkuntza gutxituarekiko duten harremanari buruzko hausnarketa bultzatuz, hizkuntza gutxituen gaia arlo desberdinetan landu eta sakontzeko: ezagutza orokorra, hezkuntza, kultur kontsumoa, harremanak eta generoa, musika, kultura digitala, kirola…

Behin trukeak bukatuta, 14 eta 16 urte bitarteko nerabeek lanketa berezia egingo dute Zizurkilgo eta Elgoibarko gaztelekuetan eta ikastetxeetan, beren esperientzia zabaldu eta inguruan hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatzeko.

 

Proiektuaren webgunea