Atzealdea Ireki da Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2022 programan izena emateko epea

1990 eta 2000 urte bitarteko EAEko gazteek har dezakete parte eta eskabidea online egin beharko dute otsailaren 15a arte.

2022/01/18


Euskadiko Gazteak Lankidetzan Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak antolatutako programa da. Honen helburua da Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioak sendotzea eta garapenerako ekintzen inguruko sentsibilizazioa sortzea. Ekintzak Amerika, Asia eta Afrikako zenbait herrialdetan burutzen direnez, parte hartzen duten gazteek aukera dute ekintza horiek bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia honek 3 hilabeteko iraupena du, uztailetik urrira arte, eta 100 plaza eskaintzen dira.

Programan 1990 eta 2000 urte bitartean jaiotako gazteek baino ezin dute parte hartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egon behar dute edota euskal izaera politikoa izan. Izen-ematea online egin beharko dute identifikazio elektroniko bitartez. Eskabidea egiteko momentuan daukaten prestakuntza akademikoari buruzko datuak zein laneko edota boluntariotzako esperientziari buruzko informazioa adierazi beharko dute. Eman izena hemen!

Hautatzeko prozesua

Hautaketa-prozesuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean, zeregin horretarako izendatutako batzorde batek 220 pertsona hautatuko ditu eta 50 ordezko proposatuko ditu. Bigarren fasean ordea, hautatutako pertsonek barnetegi batean hiru eguneko batzar-egonaldi batean parte hartu beharko dute, Gazteria Zuzendaritzak ezarritako baldintzetan. Egonaldi horretan batzordeak horietako 100 lagun eta beste 50 ordezko aukeratuko ditu, gehienez. Azkenik, hirugarren fasean, hautatutako pertsonekin eta programan esku-hartzen duten GKEekin topaketa bat burutuko da. Bertan, hautatutako pertsonek lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa jasoko dute. Fase bakoitzean aukeratutako gazteen izen-abizenak Gazteaukera webgunean emango dira ezagutzera. Ikusi egutegia hemen

Informazio gehiago

 

 

Jarraitu gure sareak