Atzealdea Martxan da Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketa

12-16 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa honen 9. edizioa izango da aurtengoa.

2020/12/09


Irakurzaletasuna sustatzeko eta euskal literaturan urtero egiten diren beste sarien artean bat gehiago izateko sortu zuten Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Liburu Gaztea Book Trailer literatura sarientzako deialdia.

 

12-16 urte bitarteko gazteek book trailerrak sortu beharko dituzte lehiaketan parte hartzeko, webgunean zerrendatzen diren liburuen artean bat aukeratu, liburua irakurri eta landu ostean.

 

Book trilerrak ikastetxeka edo norbanakoka aurkeztu ahal izango dira. Ikastetxeen kasuan, izena emanda badute, 4 pertsonako taldeak sortuta egin beharko dute lan, eta horren ostean, bideoa ikastetxeen kategorian aurkeztu beharko dute. Norbanakoei dagokienez, liburua aukeratu eta bideoa egin ondoren, norbanakoen kategorian aurkeztu beharko dute. Bideoak 2 minutuko iraupena izan beharko du, gehienez, eta 2021eko martxoaren 5a izango da lehiaketan aurkezteko azken eguna.

 

Sariak ere ikastetxeka eta norbanakoka banatuta daude. Ikastetxeei dagokienez, DBH 1 eta 2. mailakoen book trailer irabazleek abentura-txangoa izango dute lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua ikasgela osoarentzat. DBH 3 eta 4. mailakoen irabazleek ere sari berbera izango dute. Norbanakoei dagokienez, e-reader bat eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonu bat da saria. Horrez gain, publikoaren sariaren bitartez, liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bono bat lortuko dute irabazle guztiek, ikastetxeek zein norbanakoek, eta bozketan parte hartu dutenen artean e-reader bat ere zozkatuko da.

 

Azkenik, Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako 3 eta 4. DHBko irabazleek hurrengo edizioko spota egiteko aukera ere izango dute.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Jarraitu gure sareak