Atzealdea TREBA Gurasoak, GFAko Gazteria Zuzendaritzaren programak, 25 hitzaldi eman ditu dagoeneko Gipuzkoako 21 udalerritan

Prestakuntza-proiektu hau gurasoentzat da, seme-alabekin egiten duten hezkuntza-lanean orientabideak emateko, seme-alabek garapen hobea izan dezaten.

2022/03/04


Gipuzkoako 300 guraso baino gehiagok parte hartu dute TREBA Gurasoak programak bere lehen lau hilabeteetan eskaini dituen 25 hitzaldietan. Saio gehien izan dituzten hitzaldiak emozioen garrantziaz eta Interneti buruz (ohiturak, arriskuak eta erabilera segurua) jardun dute.

Balorazioak oso onak izan dira, eta gurasoek oso lagungarritzat jo dute horrelako hitzaldi eta tailerren antolaketa. Beren ustez, oso baliagarriak eta interesgarriak izan dira eta, horrez gain, gai horiek lantzearen garrantzia aitortu dute.

TREBA Gurasoak gurasotasun positiboan oinarritutako tresna pedagogiko bat da, guraso izateko ezagutza garrantzitsuak transmititzea da bere helburua. Programak, harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzen ditu; errutinetan eta ohituretan egituratutako heziketa-ingurune bat sortuz; estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak eskaintzen ditu; haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aintzatesten ditu, eta laguntza ematen die haien eguneroko bizitzan.

 

Formatua

Aurtengo ikasturteko eskaintzak, bidearen erdia egin ondoren, beste lau hilabetez jarraituko du Gipuzkoako hainbat herritan. Aurrerantzean ere formatua bera izango da: haur eta nerabeen gurasoei 12 eremu ezberdinetako hitzaldiak eta tailerrak eskainiko zaizkie.

Martxoan, Gipuzkoako hainbat udalerritan 24 hitzaldi egingo dira eta tailerrak ere jarriko dira martxan. Azken haoriek, ordu eta erdiko saio bakarrean egiten diren hitzaldietan ez bezala, 2 orduko bi saiotan burutuko dira.

 

Izen-emateak  

Programako hitzaldi edo tailerretarako izen-emateak jarduera bakoitza programatzen den udalerriko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuaren bidez egiten dira, eta parte-hartzaileentzako kostua doakoa da.

TREBA Gurasoak izeneko tailer eta hitzaldiak TREBA proiektuaren barruan sartzen dira: honen baitan prestakuntza-jarduera ezberdinak antolatzen dira 4 arlotan bereizitako hartzaile anitzentzat: TREBA gazteak, TREBA gurasoak, TREBA profesionalak eta Hitz Egiten.

 

Hitzaldi eta tailerren katalogoa

Banner honetan, hitzaldien eta tailerren katalogoa kontsulta daiteke:

 

 

Argazkien katalogoa

Hemen ikus ditzakezu TREBA gurasoen hitzaldi batzuen argazkiak

 

 

 

Jarraitu gure sareak