Atzealdea KOLDO MITXELENA Kulturuneak hitzaldi ziklo bat antolatu du Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketaren programa hedatu gisa.

KOLDO MITXELENA Kulturuneak hitzaldi ziklo bat antolatu du Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketaren programa hedatu gisa.

Borja Crespok, Elizabeth Casillasek eta Asier Mensurok moderatutako lau jardunalditan, zinemaren eta komikiaren munduko pertsonaia garrantzitsuak arituko dira hitzaldi zikloan, hala nola Laura Pérez, Darío Adanti, Fermín Solís, Paul Urkijo, Óscar Aibar, Chema García, Stéphane Levallois eta María Herreros.

KOLDO MITXELENA Kulturuneak hitzaldi ziklo bat antolatu du  Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketaren programa hedatu gisa.

Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketari hitzaldi ziklo bat gehitu zaio orain, irailaren 28an eta urriaren 5ean, 17an eta 27an egingo dena, KOLDO MITXELENA Kulturunearen Areto Nagusian. Luis Gascaren pasioak beti izan ziren komikia (haren bilduma KOLDO MITXELENA Kulturunearen ondare bildumaren parte da) eta zinema. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren buruan egon zenean, hainbeste interesatzen zitzaizkion gai horiek eztabaidatzeko zenbait topaketa jarri zituen abian. Espiritu horrekin, KOLDO MITXELENA Kulturuneak (KMK), Donostia Kulturarekin (DK) batera, hitzaldi ziklo bat antolatu du Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketako programa hedatu gisa. Ziklo horretan, zazpigarren eta bederatzigarren arteen arteko erlazioa eta puntu komunak landuko dira.


 

Hauek izango dira hitzaldien izenburuak eta saio bakoitzeko parte-hartzaileak:

 

Irailak 28

Sormen bisual hedatua

Hizlariak: Laura Pérez eta Darío Adanti

Moderatzailea: Borja Crespo

Argi dago komikiak eta beste arte alor batzuek elkar ernaltzen dutela. «Diziplina anitzeko artista» etiketa bolo-bolo dabil gaur egun, askotariko arrazoiak direla eta, sormenezkoak zein ekonomikoak. Ohikoa da komikietako marrazkilariek diseinuarekin, ilustrazioarekin eta ikus-entzunezko bitartekoarekin uztartzea beren lana, animazioa barne. Laura Pérez eta Dario Adanti diziplinak fusionatzen dituen korronte polifazetiko horretan aritzen dira. Haien lanak gaur egungo garaiei erantzuten die, zeinetan sorkuntza bisuala hedatzeko bidean baitago. Lan grafiko saritua egiteaz gain, zinemaren eta telebistaren esparruan kolaboratu dute biek.

 

Urriak 5

Komikia mugimenduan, paperaren gaineko zinema

Hizlariak: Fermín Solís eta Paul Urkijo

Moderatzailea: Borja Crespo

Fermín Solísek –proiekzio handiko komikigilea bera– animazio zinemarekin uztartzen ditu binetak. Buñuel en el laberinto de las tortugas film sarituak haren nobela grafiko bat du abiaburuan. Ez da ikus-entzunezkoen munduan egin duen kolaborazio bakarra, oso eroso mugitzen baita arlo horretan. Paul Urkijo Alijok Irati estreinatuko du egunotan, formatu luzean egin duen bigarren filma, eta, bere obra osoak bezala, komikiaren eragina du. Bi sortzaileek beren ibilbideaz hitz egingo dute, eta laneko eskarmentuari, lanerako prozesuari eta mugimenduan nahiz paperean irudiak sortzeko garaian dituzten eragin artistikoei buruzko iritziak partekatuko dituzte.

 

Urriak 17

Komikia, animazioa eta zinema

Hizlariak: Óscar Aibar eta Chema García

Moderatzailea: Elizabeth Casillas

Animazio zineman, bat egiten dute komikiak eta zinemak. Gainera, zazpigarren eta bederatzigarren arteek idilio luzea dute, eta ez dira gutxi pantaila handian amaitu duten komikiak, edo komikietan nahiz komikigile handietan oinarritutako filmak. Hortaz jabetu dira elkarrizketa honetako gonbidatuak, Oscar Aibar eta Chema García, eta ongi jakin dute beren sorkuntza lanetan hori nola aurrera atera.

 

Urriak 27

Munstroak zineman eta komikian

Hizlariak: Stephan Levallois eta María Herreros

Moderatzailea: Asier Mensuro

Zinemak eta komikiak etekin handia atera diote munstrozkoa den guztiari. Horren jakitun dira Stéphane Levallois komikigile galiarra, Hollywoodeko estudio handiek (zeinek XXI. mendeko zinemako munstro ezagunenak sortzeko haren zerbitzuak eskatzen dituzten) «Mister Monster» deitutakoa, eta María Herreros, ilustraziotik zinemaren mundura eta desberdina eta munstrozkoa denaren estetikara gehien hurbildu den espainiar komikigile ezagunenetako bat.

 

Gainera, programa osatzeko, KMK-k saio bat antolatu du euskarazko komikiaren garrantziaz hitz egiteko, dibulgaziorako potentziala duen hizkuntza gisa.

Azaroak 7 Euskal komikigintza; kultura, sorkuntza, manga eta zientzia.


 

Luis Gasca, komikia eta zinema. Luis Gasca, cómic y cine erakusketa azaroaren 8ra arte bisitatu ahal izango da Okendo Kultur Etxean. Asier Mensuro eta Álvaro Pons izan dira erakusketaren komisarioak. Erakustaldiak Luis Gascaren irudia omentzen du, komikiaren munduari lotutako bere dokumentu bildumaren bitartez; hain zuzen, KOLDO MITXELENA Kulturuneko ondare bildumaren parte dira agiri horiek.

Erakusketari eta agenda hedatuari buruzko informazio guztia, bai eta argazki lanak biltzen dituen eranskin bat ere, online bakarrik eskuratu ahal izango dena, URL honetan egongo dira eskuragarri.