Atzealdea Ondare jasangarriaz gozatzeko 122 kultura ekitaldi baino gehiago, «Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan

Ondare jasangarriaz gozatzeko 122 kultura ekitaldi baino gehiago, «Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan

2022ko Ondarearen Europako VII. Jardunaldiak lurraldeko 34 udalerritan baino gehiagotan egingo dira.

«Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible» jardunaldietan 122 ekitaldi baino gehiago eskainiko dira, Gipuzkoako 34 herritan. Eskainitako jarduerek ondarearen jasangarritasunean jarriko dute azpimarra.

Jarduera programa askotarikoa kulturaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko 63 eragilek prestatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa horretan ekitaldi bat antolatuz parte hartzeko egindako deialdiari erantzunez.


 

Ekitaldien helburua Gipuzkoaren ondare garrantzitsua zabaltzea da, jasangarritasunaren ikuspegitik. Askotariko gaiak landuko dira: paisaia naturala, moda, tradizioak, arrantza, musika, kosmetika, gastronomia…

Era askotako ekitaldiak eskainiko dira: kontzertuak, erakustaldiak, bisita iruzkinduak, tailerrak, hitzaldiak, online jarduerak... Parte-hartzaileek gure lurraldeko ondare naturala arakatu ahal izango dute, bisita iruzkindu dinamikoen bitartez, eta gure iraganeko jardunbide jasangarriak ezagutu ahal izango dituzte, baita Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta beren ateak salbuespenez irekiko dituzten zenbait leku ere.

Ekitaldien ibilbidea Gipuzkoa Kultura webgunean eskuratu daiteke, baita kultur etxeetan eta museoetan eskura jarriko den paperezko jarduera katalogo batean ere. Era berean, web orri honetan kontsultatu ahal izango dira Euskadin egingo diren programa guztiak.

 

Garapen Jasangarriko Helburuak eta irisgarritasuna

Gainera, aurten, jasangarritasuna da ekitaldi guztiak lotzen dituen gaia. Horregatik, katalogoko jarduera bakoitzean, hari lotutako Garapen Jasangarriko Helburuak adierazten dira.

Iaz irisgarritasunaren alde hasitako bideari jarraituz, jarduera programaren diseinuan zenbait hobekuntza sartu dira, orotariko jendeak errazago irakur ahal izan dezan.

Horrez gain, paperezko programak braillez dagoen QR kode bat du azalean; hala, programa irakurri ahal izateko diseinatu den ibilbidearen PDF irisgarria eskuratu ahal izango dute ikusmen urriko pertsonek eta itsuek. Dokumentu hori Gipuzkoa Kulturaren dago eskuragarri, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Bestalde, aurten, bigarrenez, programa osatzen duten 122 ekitaldiek zer irisgarritasun neurri dituzten adierazten da haiei buruzko informazioan (ukipen elementuak, braillea, keinu hizkuntza, irakurketa erraza, azpitituluak, eta beste).

Helburua da informazio ahalik eta argiena ematea, gizarteko talde jakin batzuei gure kultura ondareaz gozatzea galarazten dieten oztopoak ezabatzeko.