Back 2.000 parte hartzaile KOLDO MITXELENA Kulturunea eraberritzeko kontsulta- eta partaidetza-prozesuan

2.000 parte hartzaile KOLDO MITXELENA Kulturunea eraberritzeko kontsulta- eta partaidetza-prozesuan

Instalazio eguneratuak, espazio berriak, liburutegi zerbitzu sendotua, teknologikoki gaurkotua eta erabiltzaileen partaidetza handiagoa izatea eskatu dute, Etorkizuneko KOLDO MITXELENA nolakoa izango den erabakitzeko prozesuan.

2.000 parte hartzaile KOLDO MITXELENA Kulturunea eraberritzeko kontsulta- eta partaidetza-prozesuan

KOLDO MITXELENA Kulturunea berritzeari buruz abian jarritako kontsulta- eta partaidetza-prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu Denis Itxaso Kultur diputatuak. Zentroaren erabiltzaileen, kultura kontsumitzaileen eta gainerako gipuzkoarren iritziak bildu dituzte hainbat fasetan, metodologia ezberdinak erabiliz.

Lehen urratsa izan da kualitatiboki ebaluatzea KOLDO MITXELENA zentroaren erabiltzaileen eta ez-erabiltzaileen iritziak, focus group baten bidez. Kultura-maila ertaineko eta altuko pertsonek eta kultura-produktu eta -zerbitzuen kontsumitzaileek parte hartu zuten, bi adin-taldetakoak izanik: bata 25-35 urtekoak, eta bestea, berriz, 45-65 urtekoak.

Bertan ateratako ondorioekin azterketa soziologiko bat burutu zen bigarren fasea. Horretarako 1.800 inkesta egin dira. Gainera, adituen iritziak bildu dira, eta zentroaren erabiltzaileek beren ekarpenak egin ahal izan dituzte, KMKren sarreran jarritako informazio paneletako iradokizun ontzietan. Guztira, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute prozesu osoan.

KMK markaren ospea

Egiaztatu denez, KMK da kultura-instituzio bat Gipuzkoan ongi errotua. Lurraldean gehien ezagututako hiru erakundeen artean aipatu izan da. Inkestak, hala ere, garbi utzi du, orobat, ezagunagoa dela 50 urtetik gorako biztanleentzat, gazteentzat baino. Izatez, ezagunagoa da Donostian eta Donostialdean, lurraldearen gainerakoan baino, eta hain zuzen ere, kultura-kontsumo handia dutenek ezagutzen dute. Horrek denak ezartzen du behar bat zentroa gazteekin eta Donostiaz haragoko lurraldearekin lotzekoa.

Eraberritzearen espektatibak

Herritarren % 21ek eta erabiltzaileen % 61ek badute eraberritze lanen berri, eta % 65 horien aldekoa da; % 4k, berriz, arbuiatu egiten ditu.

Liburutegi zerbitzua da erdigunea, hasi mailegutik, hemerotekatik eta ikasketatik, eta ikertzaileentzako funtsetaraino. Badago pertzepzio ondo finkatu bat hori dela nukleo diferentziala, eta hala izaten jarraitu behar duela. Beraz, behar da, faktore hori mantendu ez ezik, baita sendotu ere, irakurketari eskainitako espazioak zabalduz eta horri lotutako lan eremuak sortuz. Horrek denak mahai gainean jartzen du erabiltzaileentzat espazioak irabazi beharra, liburutegia hobetzeko eta indartzeko eskaini daitezen, KMko beste jarduera batzuekiko bizikidetzari eutsiz.

Erabiltzaileentzako beste kezka garrantzitsu batek zerikusia du instalazioak eguneratu eta berritzearekin, igarotako denbora salatzen baitute eta gabezia handiak agertzen baitituzte. Puntu horretan, zentroak gaur egun dituen arazoak aipatzen dira, hala nola irisgarritasuna, areto batzuetako aire-girotzea eta tenperatura, material batzuen ondoriozko zarata (zura) edo eraikinaren egituraren beraren ondoriozkoa, eta komunak nahiz beste zerbitzu batzuk berritu beharra.

Halaber, badago eskaera bat zentroa modernizatzekoa eta teknologia berriak txertatzekoa. Beharrezkoa da informazio digitalerako irispideak hobetzea; beharrezkoak dira sare azkarragoak, erabiltzaileek beren gailuekin sartzeko moduko postuak, eta zerbitzu plataforma bat, zeinak KM bihurtuko baitu, haren errealitate fisikoaz gain, kultura digitaleko zentro, gaitasuna duena bere zerbitzuak sarean eman eta eskaintzeko.

Badago, baita ere, kontsultatutako askok partekatutako nahi bat, zerbitzuak eta horien moldagarritasuna handitzekoa. Arlo horretako eskaerak honelako alderdietan zehazten dira: haurrei eskainitako zerbitzu espezifiko bat; ekitaldi areto bat, beharrezko ekipamenduez hornitua, zerbitzu balioaniztunago bat emateko; eta talde lana ahalbidetzen duten areto berriak. Bestalde, erakusketa-aretoen erabilera datuek adierazten dutenez, beharrezkoa da halako espazioei ikusgarritasun handiagoa ematea eta eraikinean duten jarduera presenteago egitea, hortik datoz bi eskakizun: ordutegiak eta irisgarritasuna hobetzea.

Azkenik, azpimarratzekoa da, orobat, erabiltzaile askoren nahia dela, eta hori bat dator garatutako kontsulta-prozesuarekin, partaidetza handiago batena, ez bakarrik publiko gisa, baita zentroko eskaintzaren definizioan ere. Gazteek, gainera, eskaera hauek egiten dituzte: eraikina ekoerrespetuzkoa izan dadila; eztabaida gehiago; eta ikusgaitasun handiagoa eman dakiela sortzaile berriei.

Bada, baita ere, prozesu bat, kontuan hartu duena KM berriak datozen 25 urteotako erabiltzaileekin konektatu behar duela –horiek baitira gaurko gazteak–, eta haurrekin ere bai. Kolektibo horietan dago gakoa KMk jarrai dezan izaten zentro bizi bat, bere kultura-dinamizatzailearen zeregina mantenduko duena, baita bere bizitzako lehen 25 urteetan mantendu duen izaera aitzindaria ere.

Hirugarren fasea

Kontsulta- eta partaidetza-prozesuaren hirugarren faseak ardatz ditu euskarri batzuk, zeintzuek aukera emango baitie egokitzat jotzen duten herritar guztiei, bereziki erabiltzaileei, adierazpideak eduki ditzaten, proiektuari libreki egin diezazkioten beren ekarpenak edo iradokizunak. Fase horretan, KMKren atondoan jarritako panelez gain, zeintzuek beren iradokizun ontzia baitute, herritarrek eskura izango dute, datorren azaroaren 30etik aurrera, espazio bat, Kultura Departamentuaren web orri berrian.

Hirugarren fase hori eta prozesua bera amaitzeko, "Biharko liburutegi guztiak" izeneko erakusketa egingo da: otsailaren 13an inauguratuko da eta ekainaren 1era arte egongo da zabalik. Erakusketak munduan dauden liburutegi eta kultura-zentroen eredu desberdinei helduko die, eta ibilbide bat egingo du zortzi liburutegi garrantzitsutan barrena, ibilbide bat osatuz iraganari, orainari eta etorkizunari buruz. Liburutegi horiek artelan artistikoekin hitz egiten dute, helburutzat hartuta alderdi artistikotik indartzea beren indarguneak, tirabirak, kointzidentziak eta desadostasunak.

Horrela, ibilbide bat egingo da hainbat lekutan barrena –Alexandria, Birminghamgo liburutegia, Aby Warburg liburutegia, Human Library, Aarhus-eko Dokk1, Helsinki, eta abar–, harik eta KMKren proiektu berria kokatuko den aretora iritsi arte, eta horrek aukera emango du elkarrizketa bat ezartzeko erreferentziazko liburutegiek markatutako ekarpenen nahiz joeren eta KMren eraberritze proiektuaren ezaugarrien artean.

Erakusketaren osagarri, hitzaldi ziklo bat eta elkarrizketa-mahaiak izango dira, non profesionalak eta pertsona ospetsuak egongo diren, panel zabal bat osatuko dutenak, helburutzat hartuta eztabaidatzea kulturarekin harremanak izateko dugun moduari buruz, eta hainbat mekanismo ere izango ditu bisitarien iritziak eta iradokizunak jasotzeko