Back Garbiñe Etxeberria Aranburuk Carmen Adarraga 2023 saria jaso du

Garbiñe Etxeberria Aranburuk Carmen Adarraga 2023 saria jaso du

Futbolari ohia, entrenatzailea eta, gaur egun, emakumezkoen Real Sociedadeko kirol zuzendaria omendu dute bere kirol ibilbideagatik eta Gipuzkoako kirolari egindako ekarpen handiagatik.

Garbiñe Etxeberria Aranburuk Carmen Adarraga 2023 saria jaso du

Garbiñe Etxeberriak Carmen Adarraga 2023 saria jaso du gaur arratsaldean. Futbolari ohia, entrenatzailea eta Real Sociedadeko gaur egungo kirol zuzendaria senitarteko, lagun eta lankidez inguraturik egon da Kiroletxean egindako ekitaldi hunkigarrian.

Jokalari gisa egindako kirol ibilbidean, Etxeberriak arrakasta handiak lortu ditu, Erreginaren kopa bi aldiz irabazi zuen, 1987 eta 1988an, eta Liga bat 90/91 denboraldian. Entrenatzaile gisa, Super Ligara igotzea ere lortu du Realarekin.  Garbiñeren talentuak eta handinahiak ordezkari eta plangintzako arduradun karguak betetzera eraman zuten. Realeko kirol zuzendari gisa, mugarri historikoa lortu du Erreginaren Kopa irabazita.  Estrategia, konpromiso eta lorpen horiek gizarte paradigmaren aldaketa iradokitzen dute, eta arrakastaren eta berdintasunaren bidetik egiten dute.

Bere palmares handian Realaren eta bere jokalarien beste lorpen batzuk sartu behar dira, neurri batean bereak ere badirelako: Ligako txapeldunordeak, Txapeldunen Ligako debuta, Superkopako finalistak eta 5 jokalari 20 urtez azpiko Munduko txapeldunak. Hori guztia krisi kolektiboak gainditu eta profesionalizaziorako jauzia kudeatu ondoren.

Bera protagonista den lorpen horiei eusteko konpromisoa du beti, bai zelai barruan gauzatzen direnei dagokienez, bai zelaitik kanpo prestatzen direnei dagokienez. María José Telleria Kulturako diputatuak nabarmendu duenez, «horiek guztiak lorpen garrantzitsuak dira emakumeek gizartean dagokien espazio nagusia bete dezaten».

Carmen Adarraga Sariak aitortzen du eta ikusarazten ditu emakume horiek egindako ibilbidea, erdietsitako lorpenak eta berdintasunezko eta bidezko kirolaren alde egindako ekarpena. 2016an sortu zen saria ikusgarritasuna emateko ikusezinak diren lorpenei; historiaren ibilbidea aldatzen duten eta emakumeak protagonista dituzten lorpen horiei.

Horrela, Garbiñe Etxeberria Aranburu sartzen da Carmen Adarraga saria jaso duten emakumeen zerrendan: Coro Fuentes, Mari Ayestarán, Raketistak, Nieves Alza, Arantza del Puerto, Carmen Diez Mintegui eta Azu Muguruza. Horiek guztiak mugimendu baten, bizi-estilo baten eta historiaren norabide aldaketa baten buru diren emakumeak dira.

Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Espainiako saskibaloi selekzioko kapitaina eta hiru aldiz Espainiako txapelduna izan zen, Gipuzkoan kirol horretako gizonezkoen talde bat izan aurretik lehiatzen zen talde batekin.  Baina ez zen saskibaloira mugatu haren jarduna; eskubaloian estatuko txapeldunordea izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai. Bidaiak hala moduz egin behar izaten zituen, kirola egiten zuten emakumeak jazarpena pairatzen zuten garai hartan, baina hori ez zen oztopo izan Donostiako Sección Femeninako kapitaina zela Espainiako hiru titulu irabazteko eta beste behin txapeldunorde gelditzeko, 1939 eta 1942 bitartean. Horrez gain, Espainiako saskibaloi selekzioko lehenengo kapitaina izan zen.